Zehar #63 63 Kultura itzulpenakKultura itzulpen ariketek batak besteari jarraitzen diote, bai egunerokotasunean eta baita hurrengo orrialdeetan ere. Itzulpenek kode eta objektuen artean erlazio posibleak irudikatzen dizkigute, mekanikotasunetik haratagoko harreman bide berriak eraikitzearekin batera. Itzulpenarena ariketa errepikakorra izan arren, eta ariketa errepikakorra delako da berria hauetatik ondorioztatzen den informazioa. Itzulpengintza norberak egunero egiten duen ekintza da. Inguratzen gaituzten kodeak ulertzeko, horietaz baliatzeko eta horiek eraldatzeko ekintza. Ulermen, baliatze eta eraldaketa hau aurrera eramateko teknika ezberdinak erabiltzen ditugu. Hona ekarri ditugunak, teknika ezberdinetatik eta teknika ezberdinez hitz egiten diguten esperientziak dira. ZEHAR_63_EU.pdf — PDF document, 1632Kb 0 Comments
Elkarrizketa
SOLLFRANK_EU.pdf — PDF document, 244Kb Errepikapena ez da errepikatzeaEdozein arte praktikaren garapenean, itzulpenak zerikusia du gauzatze zehatzeko teknika batekin. Irudiak beren materialtasuna, nola dauden eginda, haietaz ateratzen dugun zentzumen-esperientzia kontuan hartuta eraikitzen direla jabetzeko, ikasi egin behar dira haiek «gorpuzteko» erabilitako prozedurak. Oraindik orain serigrafiara itzuli naiz marrazkiak teknika batetik beste batera pasatzeko. Serigrafiak beti harritzen nau, ahalmen hori du, eta garrantzitsua da egiten duzunak harritu zaitzala. Bat-batean irudi bat sortzean badago magiarik, badago harrigarririk. Gorputzak berak esku hartzen du horretan. Keinu baten bidez, ekintza baten bidez, doi-doi aldi berean, atzerapenik gabe, emaitza bat lortzen dugu. Ekintzaren hondarra lortzen da. Hondarra emaitza organiko gisa, eta horretan badago inplizitu doilorkeria ideia bat. Irudien gorpuztasunetik lan egite horretan kontua ez litzateke hainbeste izango serigrafiaz marrazkiak berregitean datzan prozesu bat dokumentatzea (dokumentu ideiak halako izaera birtual bat bereganatzen du), baizik eta hondar ideiak batzea, emaitza organiko doilor moduan, asimila ezin moduan. VIEITES_EU.pdf — PDF document, 347Kb Ispiluak ditugu begien ordezMexiko Hiriko Goethe Institut-eko tailer batean gaude, kontua da telefono mugikorrez film labur bat sortzea, eta ikasleetako bat naiz. Data gaur izan daiteke, edo joan den astea, baita duela hamar urte ere, baina errealitatean egun hauetan gertatzen da. Ez da kontzentratzen garelako, ez asko ez gutxi, telefono mugikorrez filmak egiteko teknologian, ez horixe. Istorioak kontatzearen auzi zaharrean zentratu gara, eta lehen astea errutinazkoa da, zortzi ordu egunero ideiak garatzen, gidoiak idatzi eta eztabaidatzen, eta istorio bat kontatzera bultzatzen gaituzten ikuspuntu eta interes desberdinez eztabaidatzen; eta pixkanaka, mingarriro, ulertuz eta onartuz goaz halako obsesioz kontatu nahi dugun «hori», halako atxikimendua sortzen digun hori, ez dela istorio bat, ezta hurrik eman ere, baizik eta ozta-ozta sentimendu bat, zirriborro bat, pertsonaia bat eta egoera bat; abiapuntu bat bai, baina oso gutxitan istorio bat. ILICH_EU.pdf — PDF document, 167Kb Luma feministak, itzul-ariketakItzulgarritasunaz hausnartu izan da maiz, hausnar hori ohikoa bilakatu da literaturaren eta hitzaren eremuan ez ezik, baita hitzez haraindiko kodeez jardutean ere. Genero baliabideen itzulgarritasunaz, ordea, gutxitan hitz egin da, gure artean behinik behin. Oso gutxitan izan da hizpide genero gramatikalen itzulgarritasuna, edota jendarteko genero rolen itzulgarritasuna. Gogoeta horien eskasiak kontzientziarik ezara eraman ditu itzultzaileen begiradak, eta beste hizkuntza baliabide anitz ahalik eta egokien bihurtzera emanak diren itzultzailerik trebeenei bada, generoaren baliabideek ihes egiten diete. Horren adibide dugu azken aldian euskarara bihurtu den literatura lanik sonatuenetarikoa, Raymond Queneauren Estilo-ariketak, Xabier Olarrak maisutasunez itzulitakoa. Itzulpen lan bikain horretan, hitzarekin eta hizkuntzarekin jolas egiten da, eta literaturari buruzko gogoeta sakonak ere haizaratzen dira lerro arterik gehienetan. Harrigarri egin zait arreta handiz eginiko itzulpen lan horretan genero baliabideei eskainitako arreta eskasa, genero baliabideei dagokionez zentzuak hersteko harturiko joera. Are harrigarriagoa egin zait itzulpen joera hori, Queneauk berak frantsesez sorturiko estilo-ariketa horietariko hainbatetan genero gramatikalaren zehaztapen zein anbiguotasunarekin jolas egiten duelako, eta halaber, irakurleok egin ohi ditugun genero irudikapenekin ere egiten duelako jolas. Alegia, Raymond Queneauk aitortzen dio generoari (gramatikalari, zein jendarteko rolei) baliabide literario eta sormenerako gaitasuna, hizkuntzaren gramatikaren haustura proposatuz, zein jendarteko rol estuak zabaltzeko eta pitzatzeko deia eginez. RETOLAZA_EU.pdf — PDF document, 217Kb Irudimenaren kontrabandoaBorgesek dio literaturaren historia, finean, metafora gutxi batzuen historia dela, eta zenbait nabarmentzen ditu: ibaia denbora da, bizitza amets, begiak izar dira, emakumeak lore… beraz, agian errealitate osoa ere metafora gutxi batzuen bitartez azal liteke. Hala balitz, zein lirateke metafora horiek? Kode kulturalak errealitate biren arteko mugak dira, arantzelak ezartzen dituzten aduanak. Zulo karratuan sartzen den pieza karratua ez da zulo borobilean sartzen, eta moldatu ezean, zulo-borobildarrek ezingo dute pieza karratuaren mezua jaso. Kasu horretan, ordea, agian piezak ez du zentzurik izango karratutasunik gabe. Eta zenbat pieza daude ideien merkatuan? Auskalo, galdera horren erantzuna merkatuak berak ere ez daki eta. Kasu honetan, pieza bat hautatuko dut aztergai, merkatu jakin batean: metafora bertsoen salerosketan. PAYA_EU.pdf — PDF document, 150Kb Itzulpena, urrunekoaren ostatuItzulpena urrunekoaren aterpe edo ostatu bezala ikustera gonbidatu gintuen Antoine Berman traduktologo frantsesak1, Erdi Aroko Jaufré Rudel trobadorearen hitzak (l’ostal de lonh) gogora ekarriz. Itzulpenaz eman diren ehunka definizioen artean ez da joko gutxien eskaintzen diguna, izan ere itzultzaileak zein interpreteak urruntasunak ezartzen duen hesia gainditzen lagundu izan dute gizadiaren egunsenti ilunetik hasita. Santiago Kovadloffen hitzetan, itzultzeko gaitasuna «hurbiltasuna ahalbidetzen duen dohaia» da (don facultador de cercanía)2, bestea hurko bihurtzen duena, eta itzultzea auzo horren berezitasun miresgarria besteei eskaintzea dela, bestela ez bailukete hartaz gozatzerik izango. Beraz, bizikidetza bultzatzen duen zerbitzu gisa aurkezten du itzulpengintza, izan ere dakarren berri ona hauxe baita: bestearen mundua barrenezina ez dela aitortzeaz gainera guri ere badagokigun zerbait dela esaten baitu, gu zer garen agerian jartzen duenez gero. MENDIGUREN_EU.pdf — PDF document, 245Kb Habitzateko moduko mundua da fizkioaHasia zen eguna guretzat, baina ilun zegoen oraindik, hotz egiten zuen, negua zen. Eztulka ari ziren autoen motorrak lantokira bidean, sukalde banaka batzuetako argi urdinak piztuta zeuden. Erabat esnatu gabe zegoen eguna, eta erabat esnatu gabe azaldu ginen autobus geltokira, bart gaueko ametsak betazaletan itsatsita gelditu balitzaizkigu bezala. Ez zen berriketarako gogorik. Ez zegoen zigarroa piztea bezalakorik autobusa berehala etortzeko. Astun ageri zituen betazalak Izibenek, ametsen zamaz edo lo faltaz. Sagarroi bat bezala kiribildu zen jarlekuan, eta berehala hartu zuen loak. Loak berekin eraman aurretik, irribarre amultsu bat marraztu zuten bere ezpainek, edo hala iruditu zitzaidan behintzat, goizaren beltzak ispilu bihurtutako leihoan. Diktadore baten estatua bezain zurrun harrapatu ninduen loak. Eta ametsetan, autobusa ez zen inoiz gelditzen, eta sagarroi bat neraman ondoan, eta ezerk ez zidan beldurrik ematen. GANTZARAIN_EU.pdf — PDF document, 48Kb Musika hau itzul zenidakete?Artikulu hau idazten ari naizen bitartean arreta deitu didan esaldia irakurri dut egunkari batean1: «Musika ezin da hitzetara itzuli, eta hor dago bere indarra». Musika konposatzaile baten hitzak dira, Luis de Pablorenak hain zuzen, eta hitz gutxitan laburbiltzen du musika sorkuntza hasieratik gehien arduratu duen eztabaidetako bat. Itzuli al daiteke musika bertze arte edo hizkuntzetara? Edo, aldiz, guztiz berekoia eta inolako itzulpenik onartzen ez duen artea al da musika? ERKIZIA_EU.pdf — PDF document, 415Kb TRADIZIOA, ITZULPENA ETA TRANSLITERAZIOAAmaiera zoriontsu bat bilatzean, beti dugu eragozgarri bat tartean, zo- riontasuna aurkitzeko aukera izan arren amaiera posiblerik ez izatea alegia. Itamatatiuako kilombo-komunitatearekin lehen hartu-emana izan nuenetik ia-ia bost urte igaro diren honetan, hango jendeak eta paisaia argazkiz jasotzeko itzultzea pentsatu dut. Jakin badakit, baina, toki horri eta bertako jendeari buruzko testu bat osatzeko asmo oro espekulazio hutsa izango litzatekeela. Horregatik, itzulpena zeharo ireki eta akasduntzat planteatzen da; irekia, historia bat ezin delako amaitu, eta behatuak eta behatzaileak lotzen dituzten adiskidetasun edo gorro- tozko loturak eteten ez direlako. BRANDAO_EU.pdf — PDF document, 199Kb |
|