Itzulpena, urrunekoaren ostatu
Itzulpena urrunekoaren aterpe edo ostatu bezala ikustera gonbidatu gintuen Antoine Berman traduktologo frantsesak1, Erdi Aroko Jaufré Rudel trobadorearen hitzak (l’ostal de lonh) gogora ekarriz. Itzulpenaz eman diren ehunka definizioen artean ez da joko gutxien eskaintzen diguna, izan ere itzultzaileak zein interpreteak urruntasunak ezartzen duen hesia gainditzen lagundu izan dute gizadiaren egunsenti ilunetik hasita.
Santiago Kovadloffen hitzetan, itzultzeko gaitasuna «hurbiltasuna ahalbidetzen duen dohaia» da (don facultador de cercanía)2, bestea hurko bihurtzen duena, eta itzultzea auzo horren berezitasun miresgarria besteei eskaintzea dela, bestela ez bailukete hartaz gozatzerik izango. Beraz, bizikidetza bultzatzen duen zerbitzu gisa aurkezten du itzulpengintza, izan ere dakarren berri ona hauxe baita: bestearen mundua barrenezina ez dela aitortzeaz gainera guri ere badagokigun zerbait dela esaten baitu, gu zer garen agerian jartzen duenez gero.
MENDIGUREN_EU.pdf — PDF document, 245Kb