Luma feministak, itzul-ariketak

Itzulgarritasunaz hausnartu izan da maiz, hausnar hori ohikoa bilakatu da literaturaren eta  hitzaren eremuan ez ezik, baita hitzez haraindiko kodeez jardutean ere. Genero baliabideen itzulgarritasunaz, ordea, gutxitan hitz egin da, gure artean behinik behin. Oso gutxitan izan da hizpide genero gramatikalen itzulgarritasuna, edota jendarteko genero rolen itzulgarritasuna. Gogoeta horien eskasiak kontzientziarik ezara eraman ditu itzultzaileen begiradak, eta beste hizkuntza baliabide anitz ahalik eta egokien bihurtzera emanak diren itzultzailerik trebeenei bada, generoaren baliabideek ihes egiten diete.

Horren adibide dugu azken aldian euskarara bihurtu den literatura lanik sonatuenetarikoa, Raymond Queneauren Estilo-ariketak, Xabier Olarrak maisutasunez itzulitakoa. Itzulpen lan bikain horretan, hitzarekin eta hizkuntzarekin jolas egiten da, eta literaturari buruzko gogoeta sakonak ere haizaratzen dira lerro arterik gehienetan. Harrigarri egin zait arreta handiz eginiko itzulpen lan horretan genero baliabideei eskainitako arreta eskasa, genero baliabideei dagokionez zentzuak hersteko harturiko joera. Are harrigarriagoa egin zait itzulpen joera hori, Queneauk berak frantsesez sorturiko estilo-ariketa horietariko hainbatetan genero gramatikalaren zehaztapen zein anbiguotasunarekin jolas egiten duelako, eta halaber, irakurleok egin ohi ditugun genero irudikapenekin ere egiten duelako jolas. Alegia, Raymond Queneauk aitortzen dio generoari (gramatikalari, zein jendarteko rolei) baliabide literario eta sormenerako gaitasuna, hizkuntzaren gramatikaren haustura proposatuz, zein jendarteko rol estuak zabaltzeko eta pitzatzeko deia eginez.


RETOLAZA_EU.pdf — PDF document, 217Kb
Dokumentu Akzioak