60-61 Eskola irekia

Zehar #60-61

60-61 Eskola irekia

Zehar aldizkariak ale berezi honekin parte hartu du documenta 12 magazines proiektuan


zehar6061.zip — ZIP archive, 1713Kb

zehar

Editoriala

Zehar aldizkari honek “Hezkuntza (tokiko erakundea)” gaiarekin documenta 12 magazines proiektuan parte hartzeko arrazoia hauxe izan zen: Artelekuk –aldizkari hau editatzen duen erakundeak– bide luzea zuela egina formazio arloan. Berezitasun honek aukera eman zigun Artelekuko jardunaren azterketatik abiatuta heziketa berari heltzeko, eta esperientzia hori Zehar honetara ekartzeko. Esperientzia editorialari “Eskola Irekia” esan diogu.


editorial60_eus.pdf — PDF document, 47Kb

Irit Rogoff

Akademia potentzialtasun gisa

Orain, hain zuzen ere

Noizean behin, gelan “arrastorik ere ez dut" esan beharrean izaten naiz, nire ikasle sinesgogor samarren aurrean. Hori ez da ezjakintasun adierazpen gezurrezko bat, ezta apaltasun itxura ezegoki bat ere, baizik eta, jakinduria egituratuaren terminoetan, egon behar dudan tokira nola iritsi ez dakidan adierazpen garbia. Iruditzen zait eskura ditudan jakinduria atalak eta premiazko kontuak ez datozela bat, eta gaiek, argudioek eta funtzionatzeko moduek akasgabeki bat egiten duten bide bat sorrarazten dutela. Eta honela, emango luke “akademiaren” eginkizuna, irakaskuntzarena, ez dela josturarik gabeko bategite honi eragitea, baizik eta batasunik gabeko produkzio hori eta birsortzeko dituen aukerak ulertzea.


Rogoff_eu.pdf — PDF document, 131Kb

Muriel Andrin

Hezkuntzaren sinkretismoaren alde

Artearen bilakaera, entitate gisa, isolamenduaren (ezberdintzearen) eta fusioaren arteko etengabeko joan-etorrietan adierazten da. Arte bakoitza, bereiz hartuta, besteen arabera bizitzen eta garatzen da, espezie partikular eta barietate moduan. Garaien arabera, arte batek ala besteak masaren artea izateko joera hartzen du; eta, sinkretismoaren arnasak bultzatuta, beste arteen elementuak bereganatzen saiatzen da. Arteen historian, ezberdintzea eta sinkretizatzea prozesu iraunkorrak dira, bata bestea bezain garrantzitsua, eta bata bestearen araberakoa. Forma sinkretikoak ez dagozkio soilik basa-arteari edo “herriaren” arteari, nahiz eta garai batez hala uste izan dugun; beren birsortzeko joera betikoa da kultura artistikoan. 1926an, Boris Eichenbaum formalista errusiarrak, ‘Zinema-estilistika arazoak’ artikuluan, objektuari buruzko eztabaida piztu zuen. Gai horrek, baina, ingurune kritikoak jada astintzen zituen, zinemaren hasiera-hasieratik. Objektua; zinema, arte garbi moduan, edo “arte zikin” moduan, André Bazinek handik hamarkada batzuetara esan zituen hitzetan. Inpresionista frantsesak eta Europako abangoardia aktibismoaren gorenean zeuden garai hartan, Eichenbaumek zinema arte sinkretiko gisa definitu zuen.


Andrin_eu.pdf — PDF document, 88Kb

Ariella Azoulay

Argazkiak historiaren epaiketan ebidentzia izaten hasten direnean

Bere idazlana ikusizkotik sortzen duen filosofo urrietako bat da Benjamin. Haren testu gehienek, baita zuzenean ikusizko auziak aztertzen ez dituztenek ere, begirada baten eta irudien edo objektuen aztarnak dauzkate. Edonola ere, Benjaminen ia testu guztiak Benjaminek abiapuntutzat jotzen zituen edo haren idazkietan aipatzen ziren irudirik gabe argitaratu ziren. Hala da haren hasierako zein azken edizioetan, haren egunkari zein liburuetan. Bestela esanda, ikusizko aipamen gehienak ezabatu egin dira. Benjaminek bizirik zegoenean argitaratutako testuak ere, orobat ikusizko materialetatik esplizituki sortu zirenak edo haiekin lotura zuzena zutenak, testu-formatu arruntean agertzen ziren eskuarki, inolako argazkirik gabe. Nire ustez, hori literatur kritikazko testu bat interpretatutako testuaren aipamenik egin gabe argitaratzea bezala da. Eta kasu gehienetan interpreteak kontzienteak ere ez dira izaten aurrean duten testua errealitatean osatu gabea dela.


Azoulay_eu.pdf — PDF document, 99Kb

Rebecca Gordon Nesbitt

Artea hezkuntza gisa

Hamalau urte. Zein izan daiteke inoren jakintza-maila hamalau urterekin? Adin horrekin, gogoan dut, egun guztian ibiltzen nintzen zuhaitzetara igotzen eta lurretik herrestan ibiltzen belauniko, eta atzematen saiatzen ginen jakintza-mota bakarra gure baserritar-belarrietara iristen ziren pop abestien atzetik egon zitekeen esanahia besterik ez zen. Egun haietan –eta duela hogei urteko tarteaz ari naiz– informazio sakonen bat ezagutu nahi banuen eta erantzun saihestezin eta biribilak etxeko nagusien ezpainetan huts egiten zidanean, haurren entziklopediako aleetara jotzen nuen, zeinen bizkar puskatuak pausaturik baitzeuden gure ikasgelako leiho irtenaren aurka.


Gordon_eu.pdf — PDF document, 85Kb

MARINA GARCÉS, ESPAI EN BLANC

Gu baten esperientzia

Espai en Blanc 2002an Bartzelonan jaiotako proiektu baten izena da; helburua, orduan esan genuen bezala, “pentsamendua berriro liluragarri egitea” da. Liluragarri izate horrek esan nahi du geure indar eta ahalegin guztia horretan jartzea, eta hori pentsamendua kolektibo bihurtzen denean, gure bizimoduari berari eragiten dionean, eta gure errealitatearen oinarrian dauden gauza begi-bistakoen aurreko erronka gisa altxatzen denean gertatzen da.

Hau bezalako proiektu batek ezin zuen munduaren aurrean diskurtso kritiko bat produzitzeko helburu hutsa izan. Hasieratik beretik, produkzio honen baldintzez esperimentatu beharra planteatu genuen: bere sorreraren, komunikazioaren, pedagogiaren eta esku-hartzearen toki, harreman eta lanabesez. Ez baikenuen bakarrik autore kolektibo bat eratu nahi, baizik eta benetako pentsatzeko makina bat abian jarri. Dispositibo bat alegia, produkzio teorikoaren mapa ezagunak aldaraziz, pentsamenduaren politizazio berri bat sortzeko. Militantzia eta antolaketa politikoaren modu tradizionalen krisiak baliorik gabe utzi du politizazioak kontzientzia eta egiazko diskurtso baten transmisioa behar dituela dioen ideia zaharra. Mundu globalean dena begien bistan dago (bidegabekeriak, gezurrak, ankerkeria, esplotazioa, etab.) eta ez da ezer gertatzen. Azalerarazteak eta salatzeak informazio mailan badu balioa, ez ordea gizarte eraldaketarenean. Halaz, kontzientzien pizte horren premisa ilustratuak, geroago langile mugimenduak klase kontzientzia gisa bere eginak, galdu egin du bere potentzial subertsiboa. Zertan datza, orduan, pentsamendu kritiko bat produzitzea eta partekatzea? Nola gertatzen dira, gaur egun, eraldaketa eta prestakuntza politikoak?


Garces_eu.pdf — PDF document, 90Kb

Catherine Walsh

Jakintzaren geopolitikak eta boterearen kolonialitatea. Elkarrizketa Walter Mignolorekin

CW Jakintzaren geopolitikek zein auzi garrantzitsu planteatzen diote Latinoamerikako eta Andeetako unibertsitateari, eta guri, akademikoei?

WM. Zure galderaren lehen parteak dimentsio instituzionala aipatzen du, eta, horrenbestez, jakintzaren sorreran zimendu ekonomiko eta politikoak azpimarratzen ditu. Har dezagun berriro esparrutzat Gerra Hotzaren urteak eta arestiagokoak, Gerra Hotzaren osteko urteak. Baina gogora dezagun, hala ere, uni-bertsitatea mundu moderno-kolonialaren diseinu globalen parte bat izan zela, eta dela. Horretaz ez dut esan nahi Europa komunitate oraindik eratu gabe, ahul eta erdi barbaro bat zenean jada existitzen ziren zibilizazio handietan hezkuntza instituziorik ez zutenik. Esan nahi dut unibertsitate izenaz sortu zen hezkuntza instituzioari bere-berezkoa zitzaiola gaur egun uni-berts(al)itatea esaten diogun kontzeptualizazio epistemikoa. Mendebaldearen hedatze erlijioso eta ekonomikoa unibertsitatearen hedapenarekin batera gertatu zen. Hortaz, unibertsitatearen egoera, maila horretan, aberastasun ekonomikoen banaketa planetarioari dagokionez pentsatu behar da. Baina, gainera, era berean ikusi behar da diseinu global neo-liberaletan gertatutako hezkuntzaren balio-galtzeari dagokionez, giza bizitzaren balio-galtzearekin batera gertatua hura ere. De la Rua-ren gobernualdiko bi urtez izandako bigarren ekonomia ministroak, Ricardo Lopez Murphy, merkatu librearen ekonomian “hezia” bera, egin zuen lehen gauza izan zen aurrekontua murriztea, eta “premia” gutxien dagoen horretan murriztea, hezkuntzan. Baina tira, hori guztia badakigu. Modernidade/kolonialitate aurpegi bikoitzaren eta tokiko historien eta diseinu globalen esparruan kokatu nahian ari naiz bakarrik.


Walsh_eu.pdf — PDF document, 116Kb

admin

Forum 61

Nork hitz egiten du, gaur egun, arteaz?

Artearen irakaskuntzari buruzko eztabaida antolatzen genbiltzanean, alde batetik, Artelekuren “heziketa memoria” jaso nahi genuen –“rolling stone” moduan “bizirik” genuena– eta, bestetik, artearen (musika, arkitektura...) egungo irakaskuntzari buruzko eztabaida zabaldu nahi genuen. Eta, horretarako, hezkuntza arloan (bai hezkuntza arautuan, bai hezkuntza ez-arautuan), eskarmentua duten pertsonen hitza behar genuen. Horretarako, Artelekurekin edota Zehar-ekin lankidetzan ibiliak diren eskarmentu handiko pertsonengana jotzea zen egokiena.


Furum61Sarrera_eus.pdf — PDF document, 41Kb

admin

Forum 61, Imanol Agirre

1. Historian beti gertatu den bezala, egoera ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalak eragin nabarmena izan dute hezkuntzan azken hamarkada hauetan ere. Ezaguna da, esate baterako, karrera espazialak izan zuen eragina Estatu Batuetako ikasketen diziplinarizazioan.

Gorabehera politiko eta sozialek ere markatu egin dute hezkuntzaren bilakaera Espainian. Trantsizio politikoaren lilura modernizatzaileak ilusio bat ekarri zion arte heziketari: adierazpen askatasunaren eta sormenaren izaera onuragarriak okupatu behar zuela lehen arauari eta irakaspen magistralari erreserbatutako lekua, eta kopiaren praktika uxatu beharra zegoela ikasgeletatik.


Agirre_eus.pdf — PDF document, 80Kb

Juan Vicente Aliaga

Forum 61, Juan Vicente Aliaga

1. Azken hamarkadetako ekarpen teknologiko nagusiei esker -bideoa, DVDa, ordenagailuak...- arte ederreko fakultate bateko irakaskuntza dibertsifikatu egiten da, arindu, eta ez da horren monotonoa gertatzen. Ikasleek beti nahiago izaten dute proiekzio bat ikasgelan azalpen magistral bat baino gehiago. Teoriak, tamalez, ez du oso ospe ona, ezta eredu tradizionalei ihes egiteko eta eztabaida bultzatzeko transmititzen denean ere. Baliabide teknikoak, duela gutxi arte ia diapositibak eta kasete grabazioak maneiatzera mugatuta zeudenak, eskurago egoteak berehalakotasuna ekartzen du, era berezian ikasgelan Interneteko loturaren bidez, eta gainera in situ argi daitezke edozein gairen inguruan sor litezkeen zalantzak.


Aliaga_eus.pdf — PDF document, 88Kb

Laura Baigorri

Forum 61, Laura Baigorri

1. Aro bakoitzak birdefinitu egiten ditu jokoan dauden eragileak eta osagaiak, bizi dituen eraldatzeen arabera. Sare-gizartearen aroan inskribatuta egoteak sakoneko eraldatzeak dakartza gizartearen edozein geruzatan, eta, horrenbestez, baita irakaskuntzan ere. Ondorioz, Espainiako unibertsitateetan ematen den ikusizko arteen irakaskuntza modu erabakigarrian baldintzatzen dute aldaketa teknologikoek -aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoen ondorio zuzenak-, eta horrek ekartzen du informazioa eskurago egotea eta nolabaiteko deshierarkizazioa ere bai, taldelan-sare gehiago sortzea, kanpoko lankidetzara zabalik egotea, eta sortzen ari diren praktiken egunerokoan ikertze lan honez gero ezinbestekoa aurrera eramatea.


Baigorri_eus.pdf — PDF document, 86Kb

Anna Barseghian

Trantsizioko utopia

“Ez dakigu, oraindik, zein bereziak izan zitezkeen 80ko hamarkada eta 90eko hamarkadaren lehenengo zatia munduko artearen garapenerako. Baina, Armeniarentzat, behintzat, azken urteok izan duten balio sozial, moral, psikologiko eta kulturala izugarria izan da. (...) Gorabehera ugari bizi ondoren, Armenia aurrerapauso handiak ematen ari da gaur egun. Baina gure herriak ezin du gainetik kendu guztiz hainbat hamarkadaz luzatzen ari den guztizko kultura indarkeriaren legatua, beharrezkoa den haustura gauzatu ahal izateko”


Barseghian_eus.pdf — PDF document, 95Kb

JOSÉ LUIS BREA

Forum 61 Jose Luis Brea

1.Nire ustez, eragin erreal handiena gertatzen ari da sendotuz doalako (retro)transmisio katea ikuskizunaren enpresen artean -egunetik egunera erraldoiagoak dira- eta areagotu egin delako lan merkatuak imajinarioa sortzeko espezialisten prestakuntza eskaintzen duten instituzioen gainean proiektatzen duen eskaria.

Zoritxarrez, beldur naiz gerta zitezkeen eta are gertatu beharko luketen beste aldaketa batzuk -espiritu kritikoa sustatuko luketenak prestakuntza sendoago baten bidez- ez direla gertatu. Adibidez, halako “espezialisten” prestatze prozesuetan zehar ikasleek kudeaketa sozialean azkenean parte hartu beharko luketen imajinarioaren forma horien azterketa zorrotzerako potentzialen garapena bultzatuko luketenak. Parte har lezakete bai ekoizle aktibo moduan bai imajinario publikoen kudeaketa horrek dakartzan ondorio guztiekin kontzienteki engaiatutako eragile eta herritarrak diren aldetik.


Brea_eus.pdf — PDF document, 87Kb

CRITICAL PRACTICE

Forum 61, Critical Practice

Artista, museoko arduradun, diseinatzaile edo teorilari garen heinean, Critical Practicekook aitortzen dugu gure praktikak eta beraien interpretazioa, edo teorizazioa, historiaratzea edo kudeatzea, ez direla gai bereiziak, edo behintzat ez direla diziplina desberdinen pribilegioak. Guretzat argi dago artelanak eta artistak ekologia batean bizi direla, erakusketek, museo nahiz galeriek, hezkuntza guneek, zaletu talde sutsuek, babesleek, adiskidetasunek, katalogoek, jakintza erakundeek, teorilariek, kritikariek, iragarkiek eta bestelakoek osatutako sarearekin eraikitako ekologia batean.


Criticalpractice_eus.pdf — PDF document, 86Kb

TONY CHAKAR

Forum 61, Tony Chakar

Artikulu hau ia-ia amaituta neukala, nire ikasle batek goizeko eskolan hartu zituen idatz-oharrak erakutsi zizkidan. Arkitektura modernoaren historiari buruzko eskola zen (ba ote dago nolabaiteko kontraesanik “historia” eta “moderno” hitzen artean?), eta batez ere Walter Benjaminek mugimendu moderno goiztiarrari buruz esandakoak izan genituen aztergai, haren “barbarismo berria” zeritzon kontzeptua zela eta. Ohar- koadernoa ez zen eskuko ahurra baino handiagoa eta ikasleak esaldi bat hain justu zeukan idatzita orrialde bakoitzean; antza denez, banakako ohar-koaderno bat erabiltzen zuen irakasgai bakoitzeko, eta nire eskoletan halaxe hartzen zituen oharrak beti. Orrialde bakoitzean idatzitako esaldi bakoitzak ez zeukan inongo loturarik hurrengo orrialdean idatzitakoarekin; hau da, “igarokortasuna eta ezegonkortasuna iraunkortasunaren eta egonkortasunaren ordez”, “denbora garbia: aisialdiko egun mugikorrak” edo “gizateriak suntsipenaren bidez aurkitzen du bere burua”, edo baita jainkozko pindarrak (Sephirot) ere, Kabalak Benjaminen pentsamenduan izandako eraginari buruz hitz egiten nienean idatziak. Ohar-koadernoa ikusi nuenean, artikulu hau berriro idatzi behar nuela konturatu nintzen. Aldez aurretiko saioetan, “hezkuntza” kategoriak ezarritako harremanen eremu ezin zabalagoan gairen bat zehazteko ahal den gehiena eginda neukan, eta egun hartan honako ideia hau etorri zitzaidan burura: gaur egun denok jasaten dugun pobrezia esperimentalak jota zeukan ezagutzaren komunikazioa ere, eta pentsamendu-sistema bat helarazi beharrean (izan ote da inoiz horrelakorik?), komunikazioan erdietsita geneuzkan arrakastak ohar-koaderno txikietan korrika eta presaka idatzitako esaldi-zatiak, esaldi gorenak” baizik ez ziren, eta ondorioz, ohar-koaderno horiek zibilizazio galdu baten aztarna edo lekukotasun gisa baizik ez zuten balio.


Chakar_eus.pdf — PDF document, 92Kb

Guadalupe Echebarria

Forum 61, Guadalupe Echevarría

1. Denok dakigu arte irakaskuntzaren unerik onenak gertatzen direla belaunaldi jakin bateko artistek beren garaiko kritikari eta artelanak egiteko moldeei aurre egiten dietenean; eskoletan irakasten duten artistek beren garaia bete-betean bizitzen dutenean. Artista- irakasleak hobeak dira aitortzen dutenean tailerretan ikasleekin egiten dutena ez dela lanbidea belaunaldiz belaunaldi transmititze hutsa, baizik eta aitortzea, gainera, beren lanak ere irakaskuntzaren locus berean. David aipatu nahi nuke, XVIII. mendearen amaierakoa, urrun samar egiten bazaigu ere, ikasleekiko joan-etorriko elkarrizketan. Horixe gertatu zen historiaren une onenetan Bauhaus eta Vkuthemas-eko artistei, Black Mountain College- koei, 60-70eko hamarkadetako Londreseko arte eskoletakoei. Beti aipatzen ditugu pertsona berak, baina egia esateko, arte irakaskuntzaren historian ez daude aipa daitezkeen hainbeste adibide.


Echevarria_eus.pdf — PDF document, 87Kb

DANIEL GARCÍA ANDÚJAR

Forum 61, DANIEL GARCÍA ANDÚJAR

1. Informazio eta komunikazioko teknologien eraginez, globalizazioaren ondorioek eragin eraldatzaile ukaezina izan dute, pentsatzeko eta jarduteko molde zaharrak eraisten ari diren heinean. Zalantzarik gabe, ondasun sinbolikoen produkzio, transmisio eta bereganatze prozesuen birformulatze baten aurrean gaude, eta horrek subjektibotasuna eraikitzeko eta gizartea antolatzeko ereduak birplanteatzera garamatza. Haustura argi bat suma dezakegu denbora eta espazioaren esperimentazioaren eredu linealean, baita egiletza edo jabego intelektual eta industriala bezalako kontzeptuetan ere. Nortasun banako zein kolektiboen birpentsatze bat bizitzen ari gara, kultur aniztasunezko eta askotarikotasunezko testuinguru berriari jarraiki, eta hori krisialdian jartzen ari da irudikapen sistema klasikoak eta estatu- nazioari lotutako kultur birsortze eredua. Halaxe da, teknologia berrien bilakaerak gai egiten gaitu gauzak beste era batean formulatzeko, eta bitarteko berriak ekartzen dizkie prozesuari eta zenbait kultur ondasun eta zerbitzuren ekoizpen sistemei, baita informazioa banatu eta transmititzeko moduei ere. Aldaketa bat sumatu dugu lan eta ikasketa kolektibozko zenbait prozesutan, halako hierarkia meritukratiko bat sortu delako, onura kolektiboaren aldeko banakako ahaleginetan eta pertsonen arteko harremanetan oinarritua, zeinak laguntzen ari baitira gizateriaren historiako instituzioetatik kanpoko truke, berrikuntza eta sorkuntzarako espazio kolektibo handienetako bat sortzen. Aldaketa prozesu estrukturalak eta funtsezko eraldatze prozesuak ikusten ari gara, ekintza soziala eta giza esperientzia erremediorik gabe moldatzen ari direnak eta eragina izaten ari direnak -ezin bestela izan- artista banako zein taldeen lan prozesuan, gure gizartean ia-ia eremu guztietan gertatzen ari den legez. Zentzu horretan, hezkuntza ez da salbuespena.


Andujar_eus.pdf — PDF document, 91Kb

admin

Hezkuntza politikako auzi hutsa da

Pentsa dezagun hezkuntza erakundeez, katedradunez, irakasleez eta ikasleez, eta azkenik, baina ez garrantzi txikiena duelako, baita jakintzaz ere politikaren ikuspuntu, kategoria eta prozesuetatik. Era horretan, ezin da tresnarik (teknologiaz bagara) edo paradigmarik (teoriaz, ikus-arteaz eta abarrez ari bagara) jakintza ekoiztu eta banatzeko nolabaiteko auzo- prozesu errugabe batean aplikatu daitekeen tresna edo kategoria gisa ulertu. Era horretan, ez bakarrik jakintza erakundeak ihes egin diezaiokete boterearen, kapitalaren eta ekonomiaren arrazionalizazio eraginari; baizik, horrez gain, jakintzaren ekoizpen eta banaketa prozesuan erabiltzen diren metodologia eta teknologiak ez dira soilik ikusten trebetasun, hobekuntza, erraztasun eta eguneratze ideia zein diskurtsoei soilik eta bakarrik lotutako kategoria aurrepolitiko gisa. Are gehiago, hezkuntza erakundeekiko harremanak azaltzeko horrelako Grammatika erabiltzeak adierazten du prozesu politiko zehatz batek era aurrepolitikoan mantentzen dituela teoria, ikus-artea, jakintza nahiz hezkuntza erakundeak. Kapitalismo globalak berdintasunaren burdinazko lege zorrotza ezartzen du mundu osoan; horra zergatik hitz egiten dugun mundu globalaz! (kapitala globala da!) Baina kapitalak era lizunean globalizatzen duenaz at, beste gainontzeko guztia lokalizatu egin behar da! Kapitalismo globalak zehazki hori esan nahi du, kapitala bakarrik dela unibertsala eta era librean mugi daitekeena batetik bestera, kapitala dela mundu osoko erabateko herritar global bakarra. Horrela, Alain Badiou-ren Logiques des mondes (Munduen logikak, 2006) saioak -mundua berridazten duelarik ez mundu bakartzat, baizik mundurik gabekotzat- azpimarratzen du, hain zuzen, ez bakarrik kapitala dela herritar unibertsal bakarra, baizik mundua (azpi)mundu askotan sakabanatuta dagoela, mundurik gabekotzat ikusia izateraino. Kapitalak pentsamendu-prozesuak trebetasun bihurtzen ditu, ikasten ari direnei, beraz «mundurik gabeko munduko etorkizuneko herritarrei», ekintza eta politika koordenatu iraunkorrak kenduz. Hezkuntza sistema, bateratuagoa bihurtu da, nolabait esateko ulerterraza, eta hori baino garrantzitsuago, trukaerraza; trebetasunak ekoiztu eta zirkulazioan jartzeko makina garden bihurtu da hezkuntza.


Grzinic_eus.pdf — PDF document, 96Kb

admin

Txerri-basurde. Arte irakaskuntza eta haren testuinguruak

Geure buruaren zentsore begirunegabe bihurtu behar dugu

                                           Alain Badiou

Txikitan ikasten dugu txerria eta basurdea familia berekoak direla. Eta horrekin batera irudi bat barneratzen dugu: lehena izaki zikin ergela dela, bere askatasuna defendatzen jakin ez duena, eta bigarrena, alderantziz, ikusten dugu heroi baztertu edo animalia justiziazale baten antzera, beharbada noizbait etorkizunean txerri adoregabea uztarpetik askatuko duena. Familia ideiak (txerri eta basurde hitzen arteko marrak) sineste sendo absurdu sorta bat existitzea ahalbidetzen du. Marra hori ezabatzeak erlazioko termino bakoitza bere kabuz ikusten lagunduko luke. Baina ba al dago benetan ikus daitekeen “norbere kabuzkotasunik”, edo, alderantziz eta ezinbestean, inguratzen gaituen guztia familia erlazio hautsiezinak dira? Zer izango zen txerri bat bere kabuz, ez basurdearekin ez beste ezein animaliarekin erlaziorik izan gabe? Zer izango zen basurde bat?


Imaz_eus.pdf — PDF document, 80Kb

JUAN LUIS MORAZA

(arteen) Irakaskuntzaren arte baten dekalogo-desira bat

“Amets bat izan dezakegu: arbaso bikain bihurtzea” (Laurie Anderson, The end of the Moon, 2006(

Edozein irakaskuntzaren oinarrian printzipio ebolutibo bat egon beharko luke, zeinaren arabera edozein ikasle bere irakaslea baino izaki eboluzionatuago bat baita (irakasleak, izatekotan ere, berarentzat etorkizuna baizik ez den ikaslearen orain horretatik zerbait ikastea izan dezake amets); jakintzaren komunitate barneko konplizitate printzipio bat, edozein transmisio-eragin gertatu ahal izan dadin baldintza gisa; eta super-arintasun edo ez- premiazkotasunezko printzipio bat, edozein irakaslek ikaslearentzat baliagarri bihurtzeko izan beharko lukeen helburuan oinarritua, eta hori gertatzen da ikasleak irakaskuntzak sorraraziko lituzkeen baliabideak barneratu dituenean.


Moraza_eus.pdf — PDF document, 94Kb
Dokumentu Akzioak