Forum 61, Tony Chakar
Artikulu hau ia-ia amaituta neukala, nire ikasle batek goizeko eskolan hartu zituen idatz-oharrak erakutsi zizkidan. Arkitektura modernoaren historiari buruzko eskola zen (ba ote dago nolabaiteko kontraesanik “historia” eta “moderno” hitzen artean?), eta batez ere Walter Benjaminek mugimendu moderno goiztiarrari buruz esandakoak izan genituen aztergai, haren “barbarismo berria” zeritzon kontzeptua zela eta. Ohar- koadernoa ez zen eskuko ahurra baino handiagoa eta ikasleak esaldi bat hain justu zeukan idatzita orrialde bakoitzean; antza denez, banakako ohar-koaderno bat erabiltzen zuen irakasgai bakoitzeko, eta nire eskoletan halaxe hartzen zituen oharrak beti. Orrialde bakoitzean idatzitako esaldi bakoitzak ez zeukan inongo loturarik hurrengo orrialdean idatzitakoarekin; hau da, “igarokortasuna eta ezegonkortasuna iraunkortasunaren eta egonkortasunaren ordez”, “denbora garbia: aisialdiko egun mugikorrak” edo “gizateriak suntsipenaren bidez aurkitzen du bere burua”, edo baita jainkozko pindarrak (Sephirot) ere, Kabalak Benjaminen pentsamenduan izandako eraginari buruz hitz egiten nienean idatziak. Ohar-koadernoa ikusi nuenean, artikulu hau berriro idatzi behar nuela konturatu nintzen. Aldez aurretiko saioetan, “hezkuntza” kategoriak ezarritako harremanen eremu ezin zabalagoan gairen bat zehazteko ahal den gehiena eginda neukan, eta egun hartan honako ideia hau etorri zitzaidan burura: gaur egun denok jasaten dugun pobrezia esperimentalak jota zeukan ezagutzaren komunikazioa ere, eta pentsamendu-sistema bat helarazi beharrean (izan ote da inoiz horrelakorik?), komunikazioan erdietsita geneuzkan arrakastak ohar-koaderno txikietan korrika eta presaka idatzitako esaldi-zatiak, esaldi gorenak” baizik ez ziren, eta ondorioz, ohar-koaderno horiek zibilizazio galdu baten aztarna edo lekukotasun gisa baizik ez zuten balio.
Chakar_eus.pdf — PDF document, 92Kb