Gu baten esperientzia

Espai en Blanc 2002an Bartzelonan jaiotako proiektu baten izena da; helburua, orduan esan genuen bezala, “pentsamendua berriro liluragarri egitea” da. Liluragarri izate horrek esan nahi du geure indar eta ahalegin guztia horretan jartzea, eta hori pentsamendua kolektibo bihurtzen denean, gure bizimoduari berari eragiten dionean, eta gure errealitatearen oinarrian dauden gauza begi-bistakoen aurreko erronka gisa altxatzen denean gertatzen da.

Hau bezalako proiektu batek ezin zuen munduaren aurrean diskurtso kritiko bat produzitzeko helburu hutsa izan. Hasieratik beretik, produkzio honen baldintzez esperimentatu beharra planteatu genuen: bere sorreraren, komunikazioaren, pedagogiaren eta esku-hartzearen toki, harreman eta lanabesez. Ez baikenuen bakarrik autore kolektibo bat eratu nahi, baizik eta benetako pentsatzeko makina bat abian jarri. Dispositibo bat alegia, produkzio teorikoaren mapa ezagunak aldaraziz, pentsamenduaren politizazio berri bat sortzeko. Militantzia eta antolaketa politikoaren modu tradizionalen krisiak baliorik gabe utzi du politizazioak kontzientzia eta egiazko diskurtso baten transmisioa behar dituela dioen ideia zaharra. Mundu globalean dena begien bistan dago (bidegabekeriak, gezurrak, ankerkeria, esplotazioa, etab.) eta ez da ezer gertatzen. Azalerarazteak eta salatzeak informazio mailan badu balioa, ez ordea gizarte eraldaketarenean. Halaz, kontzientzien pizte horren premisa ilustratuak, geroago langile mugimenduak klase kontzientzia gisa bere eginak, galdu egin du bere potentzial subertsiboa. Zertan datza, orduan, pentsamendu kritiko bat produzitzea eta partekatzea? Nola gertatzen dira, gaur egun, eraldaketa eta prestakuntza politikoak?


Garces_eu.pdf — PDF document, 90Kb
Dokumentu Akzioak