Langileen autonomiaren artxibo digitala

 

Espai en Blanc fundazioak, Arteleku-Gipuzkoako Foru Aldundia eta UNIArekin elkarlanean, sortutako ekimen honek beste langile mugimenduaren bizipen, liburu eta argitalpenak biltzea du helburu. Beste adjektibo horrekin Espai en Blanc fundazioko kideek Frankismo eta Trantsizio garaian sortu zen mugimendu asanbleario eta antikapitalistari egiten diote erreferentzia. Bildu asmo dituzten dokumentuak interesa duen ororen eskura ipiniko dituzte sarean, iraganari "gaur egunetik begiratu ahal izateko", egungo borrokek dituzten beharrak kontuan hartuta alegia. Hortaz, memoriaren inguruko interbentzio politikoa da abian jarri duten artxibo digitalaren sorrera, baina baita aktualitatearen ingurukoa ere.


“Luchas autónomas en el Estado español 1970-1977” proiektua argitalpen batek, bideo batek eta webgune batek osatzen dute. Webgunean une honetara arte bildu diren dokumentuetatik batzuk kontsultagarri ipini dituzte. Argitalpena eta bideoa laster izango dira erabiltzeko moduan.


Webgunean kontsulta daitekeen dokumentazioa hiru ataletan banatu dute: experiencias, organizaciones eta publicaciones. Digitalizatutako dokumentu ugari daude irakurgai, beste langile mugimenduari buruzko informazioa eskaintzen dutenak, Ruedo Ibérico argitaletxeak Amsterdam-eko International Institute of Social History erakundean utzitako fondoan topatutakoak dira horietatik asko. Hurrengo hilabeteotan webgunean zehar bisitariei zuzendutako “gidatutako ibilaldiak” prestatuko dituzte arduradunek. Artxiboak hazten jarraituko du, bai dokumentu kopuruari dagokionean bai eta geografikoki ere.

 

1267.jpg
Dokumentu Akzioak
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. larraitz. (2006, junio 09). Langileen autonomiaren artxibo digitala. Retrieved abril 27, 2024, from Arteleku.net Web site: http://old.arteleku.net/arteleku/argitalpenak/ekoizpenak/proiektu-egoiliarrak/langileen-autonomiaren-artxibo-digitala. This work is licensed under a Creative Commons License. Creative Commons License