Maider López

COCHES proiektua

 

Maider Lopezek proposaturiko COCHES proiektua, Artiumen erakutsi zen 2005eko urriaren 19tik 2006ko urtarrilaren 18ra arte. Katalogo bat dauka, Maider López/Coches izenburua duena, eta Ataskoa make-in-off-a jasotzen duen bideo bat. Proiektuaren eskutik etorri ziren, halaber, ESETÉ aldizkariko En doble fila zenbakia, asteburu bateko cine sobre ruedas, eztabaida jardunaldi batzuk eta proiektuari buruzko material guztia biltzen duen web orri bat: http://www.amaste.com/coches, guztiak AMASTÉk koordinatuak.

 

COCHES proiektua ekoizten kide izan ziren Arteleku, Gipuzkoako Foru Aldundia, AMASTÉ eta ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Museoa, eta laguntzaile, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa.

 

 

COCHES proiektuak automobilarekin eta hiriarekin daukagun harremanari buruzko gogoeta plazaratzen du, horretarako autoaren eguneroko erabilerarekin lotura duten egoera bereziak sortuz. Proiektuak autoarekin sortutako hiru egoera paradoxiko hartzen ditu euskarritzat: mendian gertatutako auto pilaketa bat, arautu gabeko aparkalekuetan barrena egindako argazki bilduma eta ordaindutako aparkaleku batean egindako esku-hartze bat.

 

ATASKOA mendian auto pilaketa sortzeko asmoz egindako deialdi publiko bat izan zen. Prentsa, irrati, esku-orri, kartel eta abarren bidez egin zen deialdia. Hala, 2005eko irailaren 18an, 160 auto (425 pertsona inguru) bildu ziren Intzan (Nafarroa), Aralar mendiaren magalean. Auto pilaketa 11:00etan hasi zen eta 15:00etan bukatu. Beren borondatez joandako 160 auto haietaz gainera, talde bat lanean aritu zen zirkulazioa zuzentzen, lagunarteko bazkaria antolatzen, argazkiak ateratzen eta gertakaria bost tokitatik grabatzen.

 

PARKINGS SEMIVACIOS (Aparkaleku erdi hutsak) autoak aparkatzeko erabili ohi diren eremu hutsei eta beharraren beharrez horretarako hartzen diren tokiei ateratako argazkiekin osatu zen. Honela azaltzen zuen Maider Lopezek: “Hirietan hutsik dauden eremuetan eta inolako araurik gabe –automobila nola utzi behar dugun adierazten diguten marrarik gabe– automobila uzteko erabiltzen diren toki horietan, berriz, gidarien inprobisazioa da nagusi. Automobilak aparkatzen ditugunean espazio arkitektonikoak sortuz joaten gara. Espazioa “logikari” jarraituz betetzen da. Beteta dagoenean gidarien irudimena jartzen da martxan ordura arte tokirik egon ez den tokian tokia sortuz. Espazio berriak asmatzen ditu. Lehendik aparkatuta zeudenei ateratzeko bidea uzten badiegu eta automobilak igarotzeko nahikoa tokia uzten badugu dena da balekoa.”

 

PARKING DE ETXAURI (EL CAMPILLO), Gasteizko aparkaleku publiko batean egindako esku-hartze bat izan zen. Etxauriko aparkalekua ordainpekoa da (TAO-ORDUA) eta marra urdin batzuek erakusten dute non aparkatu behar den. Lehendik zeuden marrez gain beste area berde batzuk prestatu ziren markatu gabe zeuden tokietan, baina beste autoen zirkulazioa galarazi gabe aparkatzeko moduan. Hala, “legezkoak” baino aparkaleku gehiago pintatu ziren.

787.jpg

 

Ataskoa proiektuaren bideoak

Ataskoa burutzen zen bitartean bertaratu zirenei elkarrizketa laburrak egin zizkieten. Ondoko bideoetako batean grabatutako solasaldi horien artetik batzuk bildu ditugu.

Beste bideoan Ataskoa zerutik nola ikusten zen jakin dezakezue

 

 

Ataskoa airetik


Ataskoa elkarrizketak

Dokumentu Akzioak
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. larraitz. (2005, noviembre 29). Maider López. Retrieved mayo 09, 2024, from Arteleku.net Web site: http://old.arteleku.net/arteleku/argitalpenak/ekoizpenak/maider-lopez/coches-proiektua. This work is licensed under a Creative Commons License. Creative Commons License