desde . serralves

Muntaketa: Edurne Rubio.

Kamera eta ekoizpen osteko bideoa: Vasco N Riobom

Ekoizpeneko eta ekoizpen osteko soinua: Nuno Aragao

Parte hartzaileak: Jose Portilhio, Kinga Azeredo, Joana Providencia, Jose Sousa, Eurico Cabral, Angelo de Sousa, Marta Almeida eta Joao Brites.


Serralves fundazioa (Portugal) 1986an sortu zuten, Serralves izeneko etxea erosi ondoren. Estilo modernistako etxe hori Carlos Alberto Cabral-ena izan zen (Viselako bigarren kondea). Kondeak berak parte hartu zuen etxea egiten, arkitektoekin eta dekoratzaileekin batera. Lanak 1925 eta 1944 bitartean egin zituzten eta kondea bertan bizitzen jarri zen, emaztearekin eta morroiekin batera, baina berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran saldu egin behar izan zuen. Delfin Ferreira enpresaria izan zen eroslea. Geroago, estatuak jabetza osoa erosi zien enpresarien oinordekoei eta 1987an eraikinak ateak ireki zituen jendearentzat, lehen erakusketa batekin. Fundazioak, 1999an, Arte Garaikidearen Museoa eraiki zuen Serralveseko parkean eta etxea museoaren gune osagarri bihurtu zuen. Gaur egun, aldi baterako erakusketez gain, enpresen bilkurak, kongresuak eta ikastaroak egiten dituzte etxean, alokairuan. Eraikinari ez zaio inolako aldaketa sakonik egin orain arte, Viselako kondeak agertu zuen nahia betez.


Bideo-instalazioa da obra, etxeko egongela zaharraren paretetan aldi berean proiektatzen diren bost filmez osatua. Proiekzio bakoitza irudi bat da (pertsona elkarrizketatuen irudia), eta 1/1 eskala errealean filmatu zen leku berean proiektatzen da. Obra ez da aurkezten ikusteko instalazio bat balitz bezala, gertakari bat balitz bezala baizik, eta, hartaz, jendea ordu jakinetan gonbidatzen dute, obrari performance formatua emanez.


Elkarrizketatuen artean daude Viselako kondearen iloba eta lorezaina; Portoko herritar emakume bat, hiriko burgesiako familia batekoa; fundazioarentzat lan egiten duten apaiza, erakusketa muntatzailea eta zaindaria; eta, nola ez, artistak. Azken horien artea, espazioa etxe ez bailitzan erabili duen ikus-artista bat eta toki horretarako pieza berezi bat sortu zuen emakumezko koreografo bat.


Bakoitzak bere bizipen pertsonalaren arabera hitz egiten du egongelaz. Muntaketaren bidez, pertsona horien arteko alegiazko elkarrizketa sortzen da, benetako elkarrizketak banan-banan egin baitziren. Zer de etxe eta zer museo galderei buruzko gogoeta kolektiboa da emaitza.

 

 

901.jpg
Acciones de Documento
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. larraitz. (2006, marzo 21). desde . serralves . Retrieved mayo 19, 2024, from Arteleku.net Web site: http://old.arteleku.net/arteleku/argitalpenak/ekoizpenak/edurne-rubio/desde-.-serralves. Esta obra se publica bajo una licencia Creative Commons License. Creative Commons License