62 Hiri ekoizpenak

Zehar #62

62 Hiri ekoizpenak

Geure burua hiri-ekoizpenetan kokatuta. Esperientzien xerka jarraitzen dugu, bultzatuko gaituztenak espazioei so egitera, espazioetan lan egitera eta espazioak modu heterogeneoetan bilatzera, diziplina anbiguoetatik, ezagutza kokatuen bitartez.

Hemen bata bestearen alboan kokatzen diren hiri-ekoizpenak gogoeta kritiko batetik sortzen dira, inguratzen gaituenaz, espazioak inguratzen gaituena nola ordenatu, hierarkizatu eta esanahia ematen dion gogoetagai hartuta. Inter-subjektibotasunetik gogoetarako esparru publiko bat eraikitzea da prozesu horren helburua. Esparru horrek, espazio bai fisiko bai diskurtsiboa bera, zirkunstantzien arabera, espazioaren ikusmolde aldakor bat proiektatzen digu, espazioaren arkitektura eta hortik inposatzen diren harremanak eraldatzeko ahalmena duena. Horri esker abiapuntu desberdinetatik koka gaitezke espazioan, helmugarik zertan izan gabe.


editorial-euskara.pdf — PDF document, 42Kb

Saskia Sassen

Saskia Sassen elkarrizketa

Maider Zilbeti

Globalizazioa ulertzeko modua aldatu egin da, dinamika eta subjektu berriak globalizazioaren parte izatera sartu diren neurrian. Nola uler dezakegu gaur egun globalizazioa?

Saskia Sassen

Globalizazioari buruz eman ohi den definizio hedatuenak azpimarratu egiten du munduan ematen ari den elkarmenpekotasun gero eta handiagoa eta instituzio globalen eraketa. Definizio mota honetako funtsezko balizko bat honakoa da, globala eta nazionala elkarren baztertzaileak diren bi baldintza izatea. Honek zuzen-zuzenean eramaten gaitu globalerako irabazi batek nazionalerako galera bat dakarrelako ideiara, eta alderantzikora, noski. Eta honek lurralde nazionalaren eta elementu nazionalaren arteko halako korrespondentzia bat dakar berekin: erran nahi baita prozesu edo baldintza bat instituzio edo lurralde nazional batean gertatzen bada, ezinbestez nazionala izan behar duela.

Baina globalizazioa ulertzeko modu hau desegokia da zeharo. Globala —bai instituzioen kasuan, bai prozesu, diskurtso-praktika edo irudi-munduetan— neurri batean instituzio eta lurralde nazionalen zati izan daiteke. Globala, nazio-estatua gainditzen duenaz gain, beste zerbait ere bada eta.

Globalizazioa ez soilik elkarrekiko mendekotasunaren eta instituzio globalen terminoetan, baizik eta nazionalaren zati gisa ere hartzeak, egundoko agenda jartzen digu parean ikerkuntzarako eta politikarako, neurri handi batean batere zaindu ez den agenda bat alegia. Globalizazioari buruzko azterketek txosten zehatzak jaso behar dituzte, etnografiak barne, dinamika eta baldintza nazional askori buruz; izan ere, baliteke globalak horiei eragitea, eta sarritan, gainera, horiek beroiek ere globala izan daitezke, nazionalaren zati badira ere. Besteak beste hiri globalak aipa ditzakegu, baina baita zenbait estatu instituzio ere. Honek ez du esan nahi hiri edo estatu instituzio hauei buruzko guztia globala denik; bakar- bakarrik, baliteke horiek baldintza eta dinamika global espezifikoak bereganatzea edo ahalbidetzea. Eta globalizazioaren kontzepzio honek, politikari dagokionez, aukera politiko sorta bat eragiten du, eta hauen elementu nagusia aktore nazionalek (legegileek, auzitegiek, hiritarrek, tokian tokiko GKEek...) nazionaletik abiatuta politika globalak garatzeko posibilitatea da; bide batez, mugitzen ez direnek, mugak zeharkatzen ez edo zeharkatu ezin dituztenek, politika globalean parte hartu ahal izateko aukera iradokitzen du.


saskia_sassen_eusindd.pdf — PDF document, 146Kb

María José Belbel

Spivak v-z idazten da

Bilboko Arte Ederreko Museoan Kiss Kiss Bang Bang, 45 años de arte y feminismo erakusketa izan da, Xabier Arakistain komisario zuela. Espainiar estatuan egin diren lehen nazioarteko erakusketa feminista kolektiboen artean dago, eta jarraitu egiten du laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, eskala apalago batean, beste erakusketa proiektu batzuek egindako lan aitzindaria, hala nola 100x100: diez artistas andaluzas, 1993an Sevillako Arte Garaikideko Museoan Mar Villaespesa komisario zela. Hamarkada honetan Estatu Batuetako eta Europako artista feministen zenbait banakako erakusketa egin dira, baina haietako gehienei faltatu izan zaie beharrezko kontestualizazioa feminismoan, arte mugimendu politiko kolektiboa den aldetik, eta horrek gutxitu egin du arte feministaren garrantzia diskurtso- sortzailea den aldetik, eta ia ez du balio izan gure herrialdean artista feministek egindako lana ikusgai egiteko, ezta tokiko testuinguruak eta lan-sareak, jakite/ahalmen produktiboak sustatzeko ere. Erakusketak eskaintzen du «1965 eta 2007 artean zenbait herrialdetako berrogeita lau artista eta kolektibok gauzatutako arte feministaren hirurogeita bederatzi lan enblematikotik egindako ibilbide bat, eta feminismoaren bost gai gakoren inguruan egituratu da: 1- Emakumeen eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka. 2- Sexuaren, generoaren eta sexualitatearen kultur eraikuntza eta estereotipo sexisten salaketa. 3- Emakumeen gorputzaren askapenaren aldeko borroka. 4- Emakumeen aurkako indarkeriaren salaketa. 5- Emakumeak ikusgai egin eta barne sartzeko saioak, historiaren eta kulturaren parte aktiboa diren aldetik».


mj_belvel_eusindd.pdf — PDF document, 175Kb

Apolonija Sustersic

Hondamendia berrantolatzen

2001eko apirilaren 3ko New York Times-en berria: «Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako Ministro Pilar del Castillok eta Galiziako Xuntako Lehendakari Manuel Fraga Iribarnek jakinarazi egin dituzte Galiziako Kulturaren Hiria (GKH) egiteko planak: proiektuak 810,000 oin koadroko azalera hartuko du (75.250 m2), 175 milioi dolarreko aurrekontua izango du (145 milioi euro), eta mundu alorreko ospea duen Eisenman Architects bulegoa arduratuko da diseinuaz. GKHak, munduan garatzen ari diren kultur konplexu handienetako bat, frogatzen du berriro ere gero eta handiagoa dela Espainian kultura alorrean egindako inbertsioa, garapen ekonomikoaren tresna den aldetik. «Bilbo efektua» delakoaz (hala esaten zaio hiri horri Guggenheim Museoak eman dion ospeagatik) fidatuta, Galiziako Autonomi Erkidegoak, Espainiako ipar-mendebaldeko muturrean kokatua, espero du bere Galiziako Kulturaren Hiriak, ausarki garaikidea bera, turismoari bulkada ematea eta aldi berean bertako kultura eta hezkuntza alorreko eskaintza aberastea».

Autoz igotzen ari ginen Gaia mendira. Azaroko egun zoragarria zen. Kulturaren Hiria Galiziako kultur zentroaren bisitaldiak bertan behera geratuak ziren. Gobernu berriak denbora behar du nola jarraitu behar duen pentsatzeko. Proiektuak ezin sinesteko moduan irensten du dirua. Ez dago argi, edo ez da oraindik jendaurrean esan, nork programatu behar duen espazio berria, zeinak bere baitan hartzen baititu galiziar liburutegi berria, Galiziako historiaren museo bat, zentro teknologiko bat, kontzertu areto bat eta egunkari artxibo bat. Baliteke dirua izatea eraikina bukatzeko, baina nork ordainduko du erakunde berrien kudeaketa, eraikita dagoenean?


apolonija_eusindd.pdf — PDF document, 122Kb

Heejin Kim & 16 Beaver

Probako bideak, etorkizun posibleak

Abuztu amaierako ilunabar bateko argi goibelean, hogeita hamar bat gazte kokoriko zeuden lur lokaztuan, poliziaren kontrol batean Pyeongtaek- en, erantzukizko begiradak botatzen ehunka istiluen aurkako polizia eta soldaduri, une batetik bestera gero eta gehiago zirenak. Zain militarren sekulako hedatzearekin kontrastean, taldea, hiru atzerritarrek zipriztindua, fisikoki «armarik gabeko» gizabanako batzuek osatutako gorputz ahula zen, baina haien kontzientzia eta komunio-zentzua, hala ere, une hartantxe ari zen hedatzen hasten, egoeraren muturreko tentsioa zela medio. Nahiz oraindik sentitu poliziari aurre egiteak eta Daechu-ri herrixkan sartzeko zuten debekuak eragindako urduritasun puntua, taldeak bertan Hego Korean base iparramerikarren birkokatze eta hedatze planaren aurka bi urte baino gehiagoz protesta egin zuen jendearekin eta ekintzaileekin gauzatutako bilera eta elkarrizketak egitea lortu zuen. Aldi berean, arrozak ospetsu egindako landa herrixka hartako arroz sail berde zabalak zabortegi bihurtzen ari ziren, ondoren base militar bilakatzeko.


beaver16_eusindd.pdf — PDF document, 328Kb

Jurgi San Pedro

Caracas hirian espazio publikoen esanahia iraultzen ari da

Karibear eta hegoamerikar plaka tektonikoek elkarren kontra talka egiten duten gunean (Boconò faila ospetsuaren eragin eremuan), mendilerro karibear batez babestuta dago -Kostaldeko mendilerroa bezala ezaguna da eta 2.000 metrotik gorako tontorrez hornitua- itsasertzetik 15 km-ra, eta itsaso mailatik 900 metrora kokatzen den harana, hiri menditsua da Caracas. Guaire bizia ematen saiatzen den ibai nagusia da.

Hiri honetan lurralde garapen eredu berri baten izenean, gizatiarren jarduera gidatzen duten ohiko paradigmen iraulketa gertatzen ari da, hots, kontzentrazio ekonomikoan, espazio segregazioan eta asimetria sozialetan oinarritutako paradigmen iraulketa, zabalagoa den Errepublika osoa hartzen duen dimentsio anitzeko liberazio prozesu baten testuinguru politikoan. Horren lekuko sinboliko esanguratsua Hiri Eskubideari (El Derecho a la Ciudad) aitortza konstituzionala ematea izango litzateke.


caracas_eusindd.pdf — PDF document, 182Kb

Carme Nogueira

Zenbait leku-mapa

Aurkeztuko ditudan proiektuen abiapuntuan zalantzan jartzen da espazioa irudikapena den aldetik. Gai horren inguruko nire interesa identitatearen, irudikapenaren subjektu existentzial baten gaineko aurretiko lanetatik dator. Ildo horretan, testuingurua eta subjektua osagai diskurtsiboak dira, halako moldez, non elkarren interpretazio-esparru bilakatzen baitira azkenean. Harreman horren naturalizazioa, testuinguruak subjektuez egiten duen interpretazioa nola hartzen den berezko gauza gisa (eta, beraz, ikusezin bihurtua), horra nire lanaren helburuetako bat. Ikusezin bihurtze hori eragin diskurtsiboa sarri askotan alboratzen delako gertatzen da.

Espazio bakoitza arau zehatz batzuen arabera antolatzen da, «gertabide» bat dauka, eta protagonista bat, eta harekin identifikatu behar dugula suposatzen da. Horren haritik, espazioaren testua, publikotik pribaturako ñabardura guztiekin, ez baititut bi errealitate independentetzat jotzen, desereikia izan da, berrinterpretatua, artista eta teoriko askok irakurri dute, agerian uzteko alorrez kanpo egote hori. Kritika prozesu hori irudikapenaren esparru guztietan gertatu da. Espazio publikorako proiektuen kasuan, edo espazioa arazo jotzen duten proiektuen kasuan, batzuetan onartu egiten dira kritika horiek modu teorikoan, baina ez horrenbeste gauzatze praktikoari dagokionez. Monumentuari uko egitea ematen duena baino konplexuagoa da. Hori da, bederen, nik ikusi dudanaren nik ikusi dudanaren esperientzia.


carmen_nog_eusindd.pdf — PDF document, 132Kb

Tony Chakar

Gerra Monumentu Ezinezkoa: Hilotz bat tirokatzea hilketa jotzen al da?

Institute of Contemporary Arts (ICA)-ek antolatutako Memorial to Irak War proiekturako idatziko lana, London 2007ko maiatzaren 23tik ekainaren 27ra.

«Irakeko Gerraren Oroitarri» baten proiektuaren inguruko hausnarketa bat hasteko, galdera on bat honako hau izango litzateke: hungariar iheslari batek zergatik erabaki zuen 1953ko ICAren lehiaketarako Reg Butler-en proposamen irabazlearen jatorrizko modeloa suntsitzea? Egungo proiektuari lagun egiten dion testu laburrak ez du batere argitzen gertakaria; pasadizoa bidenabar aipatzen da, eta badirudi bertan dagoela bakarrik oin-ohar moduan gai garrantzitsuari dagokionez, alegia, jatorrizko modeloaren suntsiketa eta monumentua gauzatu ez izana. Gainera, eta Butlerren lanaren deskribapen laburra ikusita («... hiru emakume urkamendi abstraktu batek txikiagotuta»), ez dirudi zenbait sentiberatasunekiko iraingarria denik, norbaitek suntsitzea erabakitzera bultzatzeraino.


chakar_esp_euskindd.pdf — PDF document, 46Kb

Hiria kolektiboa

”Espazio publikoa eta lekuak. Konplexutasunaren kudeaketa”

Espazio publikoa eta lekuak: zertaz hitz egin nahi dugu?

Espazio publikoaz hitz egiten dugunean elkarbizitzarako lekuez pentsatzen aritzen gara. Herritarrek beren bizitzan zehar jarduera azkengabeak garatzen dituzten plazez, kaleez, parkeez edo kale kantoiez. Irudika dezagun bizitza herri edo hiri batean, eta milaka leku agertuko dira oroimen partekatuei lotuak, bizitzearen eta elkarbizitzearen esperientziari lotuak.

Beti gogoan izaten dugu hiri espazioak gizarte baten, balio, tradizio eta ohitura sistema baten premiei erantzuten dieten sorkariak direla. Errealitate kultural, sozial eta politiko multzo baten ondorioa dira. Horregatik, aniztasuna eta konplexutasuna lehenik eta behin geure egiteko premisak dira pertsona guztien beharrizanei erantzungo dizkieten konponbideak osatu eta proposatzen saiatzeko.


hiria_kol_esp_euskindd.pdf — PDF document, 189Kb

Jaime Iregui

Espazio publikoaren espazioak

Gaur egun esan liteke ia hiri guztietan espazio publikoa topaleku eta sozializazio gune izatetik hiriko puntu baten eta beste baten arteko iragan-leku huts izatera pasatu dela; haren diseinuak bideratuago ematen du itxuraz hedatuz doan sistema zalantzarik gabe kapitalista baten produkzio-fluxuak optimizatzera, herritarren ongizate eta josteta desirak asebetetzera baino.

Alabaina, hiria produkzio espazial gisa ulertzen baldin badugu eta geure buruari galdetzen badiogu zer instantzietatik sortzen den, hasieran Estatuan eta haren funtzio arautzailean pentsatzen dugu, erabakitzen baitu hiriaren egonkortasuna eta iraunkortasuna alderdi fisikoan, bai zentzuaren aldetik ere.


hiria_kol_eusindd.pdf — PDF document, 149Kb
Dokumentu Akzioak