Saskia Sassen elkarrizketa
Maider Zilbeti
Globalizazioa ulertzeko modua aldatu egin da, dinamika eta subjektu berriak globalizazioaren parte izatera sartu diren neurrian. Nola uler dezakegu gaur egun globalizazioa?
Saskia Sassen
Globalizazioari buruz eman ohi den definizio hedatuenak azpimarratu egiten du munduan ematen ari den elkarmenpekotasun gero eta handiagoa eta instituzio globalen eraketa. Definizio mota honetako funtsezko balizko bat honakoa da, globala eta nazionala elkarren baztertzaileak diren bi baldintza izatea. Honek zuzen-zuzenean eramaten gaitu globalerako irabazi batek nazionalerako galera bat dakarrelako ideiara, eta alderantzikora, noski. Eta honek lurralde nazionalaren eta elementu nazionalaren arteko halako korrespondentzia bat dakar berekin: erran nahi baita prozesu edo baldintza bat instituzio edo lurralde nazional batean gertatzen bada, ezinbestez nazionala izan behar duela.
Baina globalizazioa ulertzeko modu hau desegokia da zeharo. Globala —bai instituzioen kasuan, bai prozesu, diskurtso-praktika edo irudi-munduetan— neurri batean instituzio eta lurralde nazionalen zati izan daiteke. Globala, nazio-estatua gainditzen duenaz gain, beste zerbait ere bada eta.
Globalizazioa ez soilik elkarrekiko mendekotasunaren eta instituzio globalen terminoetan, baizik eta nazionalaren zati gisa ere hartzeak, egundoko agenda jartzen digu parean ikerkuntzarako eta politikarako, neurri handi batean batere zaindu ez den agenda bat alegia. Globalizazioari buruzko azterketek txosten zehatzak jaso behar dituzte, etnografiak barne, dinamika eta baldintza nazional askori buruz; izan ere, baliteke globalak horiei eragitea, eta sarritan, gainera, horiek beroiek ere globala izan daitezke, nazionalaren zati badira ere. Besteak beste hiri globalak aipa ditzakegu, baina baita zenbait estatu instituzio ere. Honek ez du esan nahi hiri edo estatu instituzio hauei buruzko guztia globala denik; bakar- bakarrik, baliteke horiek baldintza eta dinamika global espezifikoak bereganatzea edo ahalbidetzea. Eta globalizazioaren kontzepzio honek, politikari dagokionez, aukera politiko sorta bat eragiten du, eta hauen elementu nagusia aktore nazionalek (legegileek, auzitegiek, hiritarrek, tokian tokiko GKEek...) nazionaletik abiatuta politika globalak garatzeko posibilitatea da; bide batez, mugitzen ez direnek, mugak zeharkatzen ez edo zeharkatu ezin dituztenek, politika globalean parte hartu ahal izateko aukera iradokitzen du.
saskia_sassen_eusindd.pdf — PDF document, 146Kb