58 Bitartean

Zehar #58

58 Bitartean

Zinemaren historiaren ehun urteetako ibilbidean barrena hara-hona ibiltzeak, zalantzarik gabe, bidaiaren esperientziara hurbiltzen gaitu (à la Godard); are gehiago, jarduera estetiko gutxi daude bidaiaren esperientziara hainbeste hurbil gaitzaketenak. Film batetik irten eta beste batean sartu, gure begiradarentzat espresuki eraikitako denbora baten eta espazio baten emari oparoan murgiltzen gara: nahiz eta, gaur egun, ibilera horrek zeluloidezko filmaren gardentasun argitsuari uko egitea esan nahi duen, ezinbestean, eta bideo digitaleko diskoaren (DVD) zabalkuntzaren ondoriozko erreprodukzio gutxi edo aski opakoaren mende dagoen.

Baina, izan zinema, telebista nahiz ordenagailua, zer ikusten dugu pantailan? Aurrez aurre ikusten duguna, irudietan ikusten duguna, mundu asaldatu bat da. Gaur, atzo bezalaxe.

André Bazinek zioenez (eta halaxe gogorarazi digu Víctor Ericek, Artelekun, orain dela gutxi), irudian sinesten duten zinemagileak daude batetik eta errealitatean sinesten duten zinemagileak bestetik, eta haren aurrean konfiantzaz jokatzen dute; zinemagilearen xedeak, edonola ere, mundu asaldatu horri atxikitako bizitza atzematea izan behar luke (nahiz eta harea hatzen artetik bezala ezinbestean ihesi doakigun bizitza bat izan). Hortik abiatuta, bizitza horrek, mundu asaldatu horrek, halabeharraren soinekoaren azpian ezkutatzen digunari irekitako aldi gisa har genezake kontakizunari (fikzioari nahiz dokumentalari) dagokion aldia.

Ericerekin bat etorriz, zibilizazioaren ilunabarraren aro honetan zinemaren esperientzia garaikidearen ilunabarrean gaudela aitortzen badugu, bi aukera besterik ez ditugu izango: batetik, zinematografoaren requiem saminezko eta nostalgiko bat kantatzea; eta, bestetik, berriro ere munduaren edertasuna aintzat hartzen ikastea, baita ikuskizunen arloan ikus-entzunezkoak nagusi direlarik ere, adierazpenerako beharrezko distantzia galdua dugularik, alegia; eta, hala ere, distantzia galera horretatik abiatuta, edertasuna hautemateko gai izaten ikastea, errealitatearekiko berarekiko (eta Rosselliniren eraginpeko) erabateko konfiantzak hartaratuta. Eta, jakina, oraindik gazteegi gara requiemerako.

 

GABRIEL VILLOTA TOYOS


zehar58.pdf — PDF document, 1480Kb

naia

Numax, gure unibertsitatea. Joaquim Jordàrekin solasean. Marina Garcés

1979an, Joaquim Jordàk dokumental bat filmatu zuen, Numax etxetresna elektrikoen lantegiko langileek egin zuten autogestio esperientziari buruz, jabeek enpresa modu irregularrean itxi nahi izan zutenean. Dokumentala Numaxeko Langile Batzarrak berak eskaturik egin zen. Enpresa desagertzear zela, erresistentzia kutxako azken 600.000 pezetak langileak protagonista izan ziren prozesu hura erregistratuta uzteko erabiltzea erabaki zuten.

Orain, berriz, Joaquim Jordàk Veinte años no es nada filmatu du, Espainiaren azken hogeita bost urteetako historia berreraiki nahi duen dokumentala, Numax lantegiko autogestio esperientzian protagonista izan ziren pertsonen bizitza ibilbidea abiapuntu gisa hartuz.


Marina Garces_eu.pdf — PDF document, 93Kb

naia

Gorputzaren intuizioaz, denboraz eta barne zentzuaz. Chantal Akermanengandik gaurko emakume zinegileengana. Muriel Andrin

Chantal Akermanen zinemaz ari garelarik, berehala sortzen da denboraren gaia. Galdekizun guztien helburu, nagusi ageri da 1968 eta 1972 bitartean errodaturiko lehen film labur eta ertainetatik (Saute ma ville, L’enfant aimé ou je joue à être une femme mariée, La chambre, Le 15/08). Ez da bakarra inondik ere, gai hori osotasun batean, hizkuntzari eta gorputzari estu-estu loturiko irudikatze filmiko baten barnean ageri delako, baina baita zerikusia ere baduelako estereotipo femeninoak eta zine irudikatze klasikoaren arauak leherrarazteko gogoarekin. Molde bitxian, “osotasun zinematografiko” hori ez da zinegilearen gogo aldarte jakin baten mende edo muntaia urteen mende gelditu, eta gaur egungo emakume zuzendariei transmititu zaie: Marion Hansel, Jane Campion, Claire Denis, Marina De Van, Lucie Hadzihalilovic, Julie Taymor, Isabel Coixet, Mira Nair edo are Naomi Kawase ere, berriro interpretatu baitute munduaren, pertsonaien eta kontakizunen azalpenaren konfigurazio filmiko hori. Are gehiago, zinegile horiek zine narratibo klasikoaren alorrean, baita komertzialean ere, sartu dituzte beren gogoetak, jatorrizko balio esperimentalez gabetuz.


Muriel Andrin_eu.pdf — PDF document, 123Kb

naia

Trinh T. Minh-ha, muga mugikorrean. Susana Blas

“Zergatik jarraitzen dugu zapalduak izaten eta beste batzuk zapaltzen? Zinema politiko klase jakin batek gauzatzen duen botere-iturrien kokatze hori baino askoz konplexuagoa da hori guztia. Politikoa dena angelu askotatik ikus daiteke, eta ez da nahikoa gai politiko batean zentratu eta gero mainstreamaren eta haren mekanismo zapaltzaileen hizkuntza ideologiko hori guztia erreproduzitzea. Filmak politikoa izan behar du bere alderdi guztietan, baita formaletan eta egiturazkoetan ere, ez edukian bakarrik”.


Susana Blas_eu.pdf — PDF document, 134Kb

naia

Jørgen Leth, zinemagile. Olatz González Abrisketa, Iñaki Imaz, Asier mendizabal

“Film bat elkarren ondoan jarritako irudi sorta bat da. Ez da ez sekuentzia bat ez istorio bat, irudi sorta bat baizik, besterik ez. Irudi bakana irudien ordena baino garrantzitsuagoa da. Halako baieztapen baten azken ondorioa da irudiak begiak itxita elkar daitezkeela. Haien ordenamendua zori osagai handi bat kontuan hartzen duten arauen bidez erabaki daitekeela. William Burroughsen antzera, uste dut zoria inspirazio iturri handia dela. Nire filmetan leku pixka bat uzten diot zoriari: filmatze garaian, baina maiz, baita edizio lanean ere. Modu desberdinez, gonbitea egiten diot zoriari jokoan sar dadin”.

–Jørgen Leth
This is my Working-Credo, which still holds


Gonzalez_eusk.pdf — PDF document, 117Kb

naia

Ikus-entzunezkoa? Carmen Pardo

Isidore Isou errumaniarrak Parisen 1945ean sortu zuen arte mugimendua da letrismoa. Isidore Isou-k eta haren jarraitzaile sutsuen Maurice Lemaître-k, inoiz Gil J. Wolman, Guy Debord, François Dufrêne, Marc’O eta beste batzuen laguntza zutela, zinema letristaren oinarriak jarri zituzten berrogeita hamarreko hamarkadan, ezaugarri hauekin: soinuaren eta irudiaren arteko desadostasuna; hautazko irudiak deseraikiz lantzea (pelikula aurkituak, zati laborategian baztertuak...); happening jokamoldeko proiekzioak egitea; zinema infinitesimala (alegiazkoa sustatzen du eta zinemaren oinarriez ditugun usteak suntsitzen ditu); eta zoriaren ezusteko legeen arabera jokatzea...* Zineman ikustearen eta entzutearen artean dauden harremanak aztertu ditu egileak, “Zinema letrista, desadostasunaren eta altxamenduaren artean” zikloan (MACBA).


Pardo_eu.pdf — PDF document, 88Kb

naia

Nire musikari-lanaren ingurunea. Ferran Fages

Inguruneak gauza asko esan nahi ditu. Hausnarketak egin daitezke geografiaren, historiaren, lanbidearen, artearen, afektibitatearen, gizartearen eta abarren ikuspuntutik. Musikari gisa egiten dudan lanean “ingurune” hitza aipatzen badut, nagusiki, nire eguneroko ingurunea esan nahi dut, egunero aurre egiten diodana.


Ferran_eu.pdf — PDF document, 100Kb

naia

Mugen despotismoa. Dimitris Kariofilis

Populazioen beharrik gabeko tirania, identitatearen pisu ez premiazkoa, mugen despotismo ez desiratua.


Kariofilis_eu.pdf — PDF document, 68Kb

naia

Subjektuaren desagerpena. Ana Arregi

Christa Bürger/Peter Bürger
Agustín González Ruizen itzulpena
La desaparición del sujeto. Una historia de la subjetividad de Montaigne a Blanchot.
Madril : Akal, 2001

 

Lan hau subjektu modernoaren bilakaeraren historiaz dihardu, Montaigne abiapuntutzat hartuta, R. Barthes-en eta M. Blanchot-en jomugaraino. Liburuak, atalez atal, subjektibitatearen ibilbidea jarraitzen du Europan zehar, XV. mendeaz geroztik aurrera. Peter Bürger hainbat idazleren testuetara hurbiltzen da; Montaigne, Descartes, Pascal, Voltaire, Diderot, Rousseau, Baudelaire, Flaubert, Valery, Bataille, Sartre, Blanchot eta Barthes dira liburu honen orrialdeetan subjektibitateari buruz hitz egiten duten pentsalariak.


Arregi_eus.pdf — PDF document, 75Kb
Dokumentu Akzioak