Hiri ekoizpenak: hiru ikuspuntu, hiru eskala, hiru azterlan
Symposium
2007/11/05 - 2007/11/23 | arteleku

Hiri ekoizpenak: hiru ikuspuntu, hiru eskala, hiru azterlan

Parte-hartzaileak

Ekoizpenetik abiatu nahi da espazioa ezagutzeko. Gu geu espazioaren barnean kokatu espazioaz pentsatzeko, espazioan aldaketak eragiteko, espazioa ekoizteko. Hiri ekoizpenak symposiuma praktika artistikotik eta azterketa geopolitikotik abiatuta, generoaren eta iraunkortasunaren ikuspuntu batetik eremu publikoaren eraikitzeari buruzko hausnarketa eta esku-hartze gisa azaltzen da. Gai horien zeharkako azterketa egingo da hiru eskalatan: 1. astea, tokiko eremua (Eurohiria azterlan gisa); 2. astea, eremu transnazionala (Bilbo, Bartzelona eta Bogotaren ereduak); eta 3. astea, eremu ezberdinen arteko lotura (tokikoa, transnazionala eta globala).

Programa


1. lantegia. Azaroaren 5etik 9ra.
A la deriva. Behatoki ibiltaria
Koordinatzailea: Jaime Iregui
Gonbidatuak: Carlos Niño, Ramón Parramón, Iñaki Uriarte
Lantegia, nagusiki, gazteleraz izango da.

Lantegian hausnarketa bat egingo da praktika artistikoen eta espazio publikoaren arteko erlaziotik sortutako gai ezberdinetatik abiatuta. Bereziki kontuan hartuko da erlazio horien diziplinarteko izaera –Situazionistekin gertatzen den moduan-, non proposamen artistikoek zuzeneko lotura duten beste diziplina batzuekin, hala nola, arkitektura, hirigintza, literatura, filosofia, antropologia eta soziologiarekin. Horrela, jakintza eta behaketarako bide izango den praktika artistikoaren ikuspegia eskainiko da, zeinak kokatzen den testuinguruaren elkarreragin kritikotik eta galderazkotik abiatuta, espazio publikoa hauteman eta bizitzeko dugun modua eraldatzen duten proposamenak garatzen dituen.

2. lantegia. Azaroaren 12tik azaroaren 16ra.
Tokilegu. Tokia leku egiten dugunok
Koordinatzailea: Hiria Kolektiboa
Gonbidatuak: Pilar Vega, Itziar Vellido
Lantegia, nagusiki, euskaraz izango da.

Nola eragin-eraldatu-hobetu pertsonen bizimodua espazio publikoan esku hartuz, azterketa kritiko-sortzaile batetik abiatuta. Barruan eta kanpoan lan egingo da, etengabe eskala aldatuz tokia sare baten zatia dela ulertzeko, lurralde anitz eta konplexu baten barne dagoela. Hirigile, ekintzaile, ekologista, soziologo, feminista, arkitekto eta artistekin elkarlanean arituko gara. Elkarlana oinarri hartuta, espazio publikoan egiten diren interbentzioak kudeatuko dituen lan-talde bat sortzea da gure helburua. Espazio komunaren inguruan, guztion espazioan, hausnartu eta ekintzak burutzeko aukera eskainiko duen lan-astea proposatzen dugu.

3. lantegia. Azaroaren 19tik 23ra.
Arkitekturaren Baiezko kritikarantz
Koordinatzailea: 16beavergroup
Lantegia, nagusiki, ingelesez izango da.

Zein da arkitektura eta hirigintzaren eta gure egungo krisi ekologiko eta politikoaren arteko lotura? Lantegiari hasiera emango zaio tesi batekin, hirigintza eta arkitektura ez dira jarduera onberak. Oso bestelakoak baizik, eta gaur egun ditugun egoera politiko eta ekologikoak hobetzeko lanean ari direnen borrokagune nagusi dira. Zenbait adibide ikusi nahi ditugu non itxuraz onberak diren hirigintzako eta arkitekturako jarduera batzuek jabetza kentze, esplotazio eta zapalkuntza modu ezberdinak bermatzen dituzten. Adibide horiek abiapuntu gisa hartuta, Euskal Herria eta Espainia mailako zenbait kasu ikusiko ditugu (zortea izanez gero, bidaiatu) eta eztabaidagai izango ditugu, eta horietatik irakaspenen bat atera dezakegu. Eztabaidak, hitzaldiak eta azterketa amaitutakoan, arkitekturaren baiezko kritika bat egiten saiatu nahi genuke: guztion artean zenbait neurri edo arau ezar genitzake, etorkizunean edozein proiektu onartu aurretik arkitektoek eta hirigileek ontzat emateko modukoak direla pentsa genezakeenak.

 

Izena ematea

Lantegietan parte hartu nahi dutenek izena emateko fitxa bidali behar dute Artelekura curriculuma, zein lantegitan esku hartu nahi duten eta parte hartzeko arrazoiak zehazten dituen gutuna bertan atxikita. Era berean, eskatzaileek egoki irizten duten material guztia ere bidali beharko dute. Guztia urriaren 26a baino lehenago. Aukeraketa tailerretako koordinatzaileek egingo dute eta aukeratzen diren pertsonei zuzenean jakinaraziko zaie urriaren 29an.

Hitzaldi irekiak

Asteartea, azaroak 6, Artelekun
19:30 Jaime Ireguiren hitzaldia. Museo fuera de lugar. Tácticas de exhibición en el espacio público. (Lekuz kanpoko museoa. Erakusketa taktikak espazio publikoan).

Asteazkena, azaroak 7, Artelekun
19:30 Carlos Niñoren hitzaldia. Espacio público, modernidad y tercer mundo. (Espazio publikoa, modernitatea eta hirugarren mundua).

Osteguna, azaroak 8, Artelekun
19:30 Ramon Parramonen hitzaldia. Buscando el Norte. (Iparraldea bilatzen)
20:15 Hitzaldi-diaporama Iñaki Uriarteren eskutik. El nuevo Bilbao. Metamorfosis de una metrópoli, 1983-2007 (Bilbo berria. Metropoli baten metamorfosia, 1983-2007).
21:00 Eztabaida

Astelehena, azaroak 12, Artelekun
19:30 Kalearteak dokumentalaren proiekzioa, 2007, 60´
Aurkezpena Hiria Kolektiboak egingo du

Asteartea, azaroak 13, Artelekun
19:30 Pilar Vegaren hitzaldia. Las nuevas formas de vida en el territorio suburbial. (Bizimodu berriak lurralde suburbialean).

Asteazkena, azaroak 14, Artelekun
19:30 Itziar Vellidoren hitzaldia. Les yeux de la ville. (Hiriaren begiak).
Kontrapuntuak: Amaia Casado (arkitektoa), Andoni Etxezarreta (arkitektoa), Jorge Lastra (dantzaria), Olaia Miranda (artista), Ibon Salaberria (arkitektoa).


Astelehena, azaroak 19, Artelekun
19:30 16beavergroupen hitzaldia. Collective Practices in (Neo-Liberal) Cities. (Talde praktikak hiri neo-liberalean).

Asteazkena, azaroak 21, Artelekun
19:30 16beavergroupen hitzaldia. Palestine Case Studies. (Azterlan palestinarrak).

* Hitzaldietan aldi bereko itzulpena eskainiko da.


Azaroak 23, 19:30etan Artelekun
Jaia

Hiri ekoizpenak*
jaia. DJ Mischa Canibal, DJ Ponx, A Duras Penas (Hernani hip-hop), Calle Magazine, Parafernalia skate vídeo...

 

Biografiak

Hiria Kolektiboa. Donostia. Amaia Albeniz, Ane Alonso, Oihane Ruiz eta Koldo Telleria arkitekto hirigileek osatutako taldea. Hirigintza proiektuak egiten dituzte, gizartearen, generoaren eta iraunkortasunaren ikuspegia kontuan hartuta. Talde horren helburua da, besteak beste, eguneroko bizimoduari erantzungo dion eta herritarrei kultura, bizikidetza eta zorion iturri izango diren leku demokratikoak eraikitzen lagunduko dien hirigintzaren alde lan egitea. [www.hiriakolektiboa.org]

Jaime Iregui. Bogota. Historiako eta Arte eta Arkitektura Teoriako Maisutza, eta Arte Ederretako Maisua. Esfera Públicarekin batera Documenta 12 magazines proiektuan parte hartu zuen. Orain, Andeetako Unibertsitateko Arte Departamentuko Kultur Proiektuen Ataleko koordinatzaile da. Bere lanean espazio publikoan informazioa erakutsi eta jartzeko prozesuekin zerikusia duten praktika espazialetan espazioaren kontzepzioa zabaldua landu du. [www.elobservatorio.info] [www.esferapublica.org]

16beavergroup. New York. 16 Beaver New Yorkeko Finantza Barrutian dagoen espazio baten helbidea da, hainbat artistek sortu eta zuzendutako espazio horren helburua da zenbait proiektu artistiko, kultural, ekonomiko eta politiko aurkeztu, ekoiztu eta eztabaidatzeko plataforma iraunkorra sortzea eta mantentzea. Abian jarri zenetik, taldeak 300 ekitalditik gora antolatu ditu, era guztietakoak: hamaiketakoak, txangoak eta filma proiekzioak nahiz aurkezpen artistikoak, irakurketak, panelak eta eztabaidak. Taldearen jardueretako asko webean oinarrituta dago. [www16beavergroup.org]

Carlos Niño. Bogota. Arkitektoa. Jacques Mosseri arkitektoarekin lan egin zuen 1971tik 1988ra bitartean. Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle titularra da eta arkitekturaren historiako eta historia hiritarreko eskolak ematen ditu bertan. Hainbat liburu idatzi ditu, Fernando Martínez Sanabria, trabajos de arquitectura (1979), La vivienda de Guillermo Bermúdez (1982), Arquitextos (2006). Arkitektura kolonbiarreko XII. biurtekoan (1990) ikerketa saileko Carlos Martínez saria jaso zuen Arquitectura y Estado izeneko ikerlanagatik.

Ramon Parramon. Bartzelona. Masterretako eta graduondokoetako buru eta Diseinu eta Espazio Publikoko masterreko zuzendarikide Elisava/Pompeu Fabra Unibertsitatean. Espazio publikoarekin lotutako sorkuntzaren alorrean proiektu deialdiak egin eta esku hartzeak eta eztabaidak sustatzen dituen Idensitat Calaf/Bartzelona programako zuzendaria da. Bere lana diziplinarteko proiektuekiko interesak bultzatuta eta arteak testuinguru sozio-politiko jakin batean izan ditzakeen zereginak aztergai hartuta gauzatzen da.

Iñaki Uriarte. Bilbo. Arkitektoa, Bartzelonako Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan.
Bilboko industria eta portu ondarea gordetzearen defendatzaile sutsua, bisitaldiak antolatzen ditu Bilboko arkitektura eta hirigintza lan berrienak eta adierazgarrienak eta hirian garatzen ari diren proiektuak ikusteko.
Euskal Herriko arkitekturaren eta monumentu ondarearen defentsa eta hedapenari buruzko iritzi artikulu, lankidetza lan eta elkarrizketa ugari egin ditu eta hainbat eztabaidetan parte hartu du.

Pilar Vega. Madril. Geografo hirigilea. Lurralde eta ingurumen plangintza dira bere jarduera eremuak, eta garraioan aditua da. Ezgaitasunen bat duten pertsonen eskaerak, mugikortasun iraunkorra eta irisgarritasuna kudeatu ditu. Gobernu Balearreko Garraioaren Iraunkortasun Estrategiako zuzendari teknikoa izan da. Gaur egun Ekologistak Martxan Elkarteko kide da, Emakume Hirigileen Taldeko eta APIE Oinezkoen Elkarteko sortzaileetako bat.

Itziar Vellido. Bilbo/Geneva. Arkitektoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan eta Genevako Arkitektura eta Hirigintzako Institutuan. Genevako udal administrazioko hiri antolaketako zerbitzuarentzat lan egiten du, Les yeux de la ville (Hiriaren begiak) proiektua garatuz. Proiektu hori espazio publikoa iraunkortasuna kontuan hartuz gara dadin udalak esku hartzeko duen tresna bat da. [www.itziarvellido.com]

 

 

 

iCal
Dokumentu Akzioak