Y+Y+Y Artea eta konplexutasunaren zientziak
Mintegia | Tailerra
2009/06/29 - 2009/07/04

Y+Y+Y Artea eta konplexutasunaren zientziak

Parte-hartzaileak
— etiketak: ,

Konplexutasunaren zientzien alorrean aztertzen diren ideiak aurkeztea eta arte diskurtsoekin dituzten paralelismoak erakustea da mintegi-tailer honen helburua. Konplexutasunaren zientziek hainbat zientziatan zeharka (biologia, fisika, neurozientzia, astrofisika...) agertzen diren faktore komunen azterketan dihardute, eta honako kontzeptu hauek aztertzen: ausazkotasuna, kaosaren teoria, sistemen teoria, baita emergentzia eta buru-antolakuntza bezalako ezaugarriak ere. Azterketa eredu hauek soziologiari, ekonomiari, psikologiari, politikari... aplika dakizkioke, baita artelanak sortzeari ere.

Duela jadanik hainbat hamarkadaz geroz (joan den mendeko 20ko urteez geroztik ia, esan genezake), “konplexutasunaren zientziak” deritzenak toki garrantzitsua hartuz joan dira era askotako zientzia-adarretan. Zibernetikak, fisika kuantikoak, ekologiak, matematikek, zientzia kognitiboek, ingeniaritzak, biologia molekularrak, psikologiak, geologiak, informazio- eta komunikazio-zientziek, soziologiak, eta jakintzaren beste alor askok hainbat teoriari heldu diote mundua ulertzeko duten moldean aldaketa garrantzitsuak egiteko. Zenbait fenomenok –hala nola, autoantolaketa, emergentzia, fraktalitatea, sareak, talde-adimena, egitura iraungikorrak, hierarkia nahasiak, eta abar– eta fenomeno horiek argitzen saiatzen diren teoriek tresna berriak eskaintzen dizkiete zientziari eta epistemologiari, baten batek kuhniar terminoetan paradigma-aldaketa gisa aurkezten duen egoeran.

Artea, itxura batzuk gorabehera eta "garbizale" batzuek eginahalak eginda ere, kutsadura zabaltzen den lekua izan da beti, eta, jakina, zerikusia izan du beti ezagutza zientifiko eta teknikoarekin. Hala eta guztiz ere, artearen espezifikotasuna mantendu egin behar da, eta ez sinismen-kontuak direla kausa (bere “autonomian” sinistea, alegia), baizik eta errealitatera hurbiltzeko espezifikotasun horrek arteari ahalbidetzen diolako bere baitan edozein ezagutza edo esperientzia mota biltzea, horrek berekin izan gabe, nahitaez, artearen eginkizun berezien nahasmendu itzulezina, hilgarria.  

Arte-jarduerek nahasmenduak jasateko duten ahalmena bizi-fenomeno konplexuenen ahalmenaren antzekoa da; hau da, arteak onartu egin dezake testuingurutik datozen aldagaiak bereganatzea, eta horrek ez du zertan beraren espezifikotasunaren iraungitzea ekarri, arteak bere xurgatzeko eta berrantolatzeko gaitasuna handitu besterik ez du-eta egin behar. Artea sistema irekia da, eta, zientziak bezala, kontuan hartzen du galdera hau: zer gertatuko litzateke, baldin eta...? Alabaina, arte-metodologien espezifikotasunak esperientzia desberdinetarako bidea ematen du. Horregatik, konplexutasunaren zientziek eskaintzen dituzten ulertzeko aukerak, oraingoz, ezin neurtuzkoak dira artearen etorkizunarentzat, baina etorkizun hori sumatu egin daiteke, antza, aukera horiei nahiko estu lotuta.

Behin zoriarekin harremanetan hasi garenean, eta gure bizitzetan aliatu gisa sartzen utzi dugunean, lanean hasi gara berarekin lehen zeharo nahaspilatuak iruditzen zitzaizkigun fenomenoak ulertu ahal izateko. Mundua, orain, askoz ere anizkunago, zalantzazkoago eta gorabeheratsuagoa da, duela gutxi arte sinesten genuena baino (eta orain jakin badakigu). Munduari buruz egiten ditugun bertsioak ugaritu egiten dira antolatzen gero eta zailagoa den kartografian, baina, zailtasun horiek liluragarriagoak dira, lehen geure buruari ematen genizkion bertsio baterakoiak baino. “Denak balio du” delakoan urtzeko arriskurik badago, nahaste orokorra gertatzeko arriskuek gure adimen moldakorrak izutu egiten dituzte, kapitalismo malgu eta mediatikoan oinarriak dituzten manipulazio interesatuaren arriskuak aspaldian hasi ziren agertzen; baina, pentsaera artistikoak eta zientifikoak ez dute inoiz atzeraka jo, hasiera batean gaindiezinak ziren erronkei aurre egin behar izan zietenean.

ARTELEKUn, astebeteko lantegi-jardunen eta hitzaldien bitartez, gai horiek era kritikoan hausnartuko ditugu. Hainbat jakintza-adar lantzen dituzten artistek, epistemologoek eta zientzialariek zer eginkizunetan ari diren azaltzeko aukera izango dute, eta, halaber, mundua ulertzeko ahaleginetan –lanen bidez, edo orain arte geure buruari eman dizkiogun bertsio eta ikuspegi bakunduak saihestu nahi dituzten teoriak aztertzean eta sortzean– topatzen dituzten arazoen berri emango digute.

Eta era honetako galderak mahaigaineratuko ditugu:

zer da autoantolaketa? ba ote da talde-adimena? // hautematen al da etorkizunean bizitza artifiziala egoteko aukerarik? eta adimen artifizialerako? // konplexutasunaren zientziek zein neurritan errazten dituzte gizarteak hiperkontrolatzeko eta hipergobernatzeko moldeak? // iritsiko ote zaigu, azkenean, etorkizun posthumanista? zertan izan behar du? // - litekeena ote da arte, zientzia eta filosofia berriro elkartzea konplexutasunaren paradigmaren baitan? // nola eragiten diote konplexutasunaren zientzietatik iritsitako ezagutzek arte-ekoizpenen garapenari? “beste mugimendu bat” besterik ez da, ala ekoizpen guztiak blaituko ditu, zeitgeist berria balitz bezala? gertatzen ari da dagoeneko? // arteak konplexutasun-eredu bat eraiki izan du beti? eta arte-lanek? // - teknologia konputazional berriek artearen eta zientziaren arteko hurbilketa berria ahalbidetu dute? // teknologia berriak artea konplexutasunaren fenomeno eta teorietara hurbiltzeko dagoen modu bakarra dira? ba ote dago beste aukerarik? // programazioa artistaren etorkizuna ote da? // ...

 

MINTEGIAREN FORMATUA

Tailerra hurrengo faseek osatzen dute:

 

-          Publiko orokorrari irekitako trukaketa foro bat.

-          Proposamenen sarrera eta garapenerako bilerak, tailerrean izena eman dutenei mugatuta.

-          Publiko orokorrari irekitako sei hitzaldi.

 

Ekaineko hilabetean zehar, mintegi honetan interesa duten pertsonentzat komunikazio foro bat egongo da irekita Interneten, eta bertan, maneiatuko diren gaiei buruzko informazio elkartrukea gertauko da. Tailerrean izena ematen duten pertsonek, matematika, fisika eta biologiaren sarrera orokorrerako bileretara joateko aukera izango dute ekainak 28 eta 29an (goizez eta arratsaldez) eta teknologiaren sarrerarako bileretara uztailak 1, 2 eta 3an (goizez bakarrik). Hitzaldiak uztailak 1, 2 eta 3an izango dira, arratsaldez. Tailerra uztailak 1, 2 eta 3an izango da goizez eta 4an bukatuko da egun osoan zehar, proposatutako ekimenen baterajartze eta bukaerako bilera kritiko batekin.

 

Hitzaldi irekiak:

Uztailak 1, 17tan, Joaquín Ivars. 19tan, Juan Luis Moraza.

Uztailak 2, 17tan,  J.J. Merello. 19tan, Christa Sommerer.

Uztailak 3, 17tan, Federico Morán. 19tan, Álvaro Moreno.

 

Mintegi honetan parte hartzeagatik UPV-EHUko aukera askeko kreditu bat eskura daiteke.

 

 

iCal
Dokumentu Akzioak