Kontrajokoak
Taller
2008/09/08 - 2008/09/12 | Arteleku

Kontrajokoak

Parte-hartzaileak
— etiketak:

Bideo-jokoak nazioartean izaten ari diren goraldia, bai aisialdirako industria gisa – ekonomikoki zinemaren eta musikaren industriak batera adina bolumen metatu duela jada -, eta bai egungo arte adierazpen berrien artean ere, izan da honako lantegi hau antolatu izanaren arrazoia.

Zuzendaritza: Juan Antonio Álvarez Reyes
Irakasle-hizlariak: Mckenzie Wark, Yan Duyvendak, Iñaki Gracenea, Molleindustria eta Tobias Bernstrup
Parte-hartzaileak, gehienez: 15

Bideo-jokoak nazioartean izaten ari diren goraldia, bai aisialdirako industria gisa – ekonomikoki zinemaren eta musikaren industriak batera adina bolumen metatu duela jada -, eta bai egungo arte adierazpen berrien artean ere, izan da honako lantegi hau antolatu izanaren arrazoia. Zalantzarik gabe, aisialdia betetzeko modu honek, gazteen artean arrakasta itzela izaten ari denak, helarazten duen mundu ikuskera aztertzea beharrezkoa da. Gure ikusizko kulturaren barne, era berean, bere eremuaz harago iristen diren irudi ahaltsuak eskaintzen ditu, ikusizko beste eremuetan eragina izatera iritsiko direnak, esate baterako, zineman, publizitatean edo ikusizko gainerako arteetan. Arlo hau lantzen duten artistek abiapuntutzat dute jarrera nabarmen kritikoa, bai sortu izan diren gizartearekiko eta baldintzapen politikoekiko, bai bitarteko horrekiko berarekiko.

Hiru izan litezke aztertu beharreko ardatzak, zerikusia dutenak, hain zuzen ere, arteari nahiz gizarteari atxikitako arazoekin: arriskua, simulazioa edo itxuraketa, eta bortizkeria. Arriskua aztertzeko Ulrich Beck pentsalari alemanaren teoriak hartuko dira abiaburutzat, eta haren Risikogesellchaft lana (Arriskuaren gizartea), “orokortutako arduragabekeria” egoera batez ari baita bertan; beste aldetik, Jean Baudrillarden teoriak –zendu denez gero- eta simulakroaren garaipenari buruz egin zuen saiakera, hau da, itxuraketa errealitateari nagusitzen zaiola, ordezkatuz eta haren lekua hartuz; eta azkenik, Paul Virilio, eta beldurraren, bortizkeriaren eta horien gaineko produkzio mediatikoari buruz hark egindako azterketak, Politics of the Very Worst (Okerrenaren politikak), edo Art and Fear (Artea eta izua) lanetan azaldu izan dituenak. Ildo kontzeptual horien bidez, bideo-jokoen eremura ekar daitekeen esparru teoriko bat eratuko da, izan ere, haren alderdi erabakigarrienetako bat baita arriskua eta bortizkeria nabarmen agertzen dituzten mundu paraleloen itxuraketa; eta, azkenik, aipamena egingo zaio aukera berrietan saiatzeko premiari –nahiz eta porrotaren zantzuak ere oso agerikoak izan-, baita ere joko ororen ezaugarri oinarrizko bati: errepikapena eta entrenamendua.

 

 

Programa
Astelehena, irailak 8
Goizean (4 ordu): Mckenzie Warken teoria-lantegia.
Biografia: Mckenzie Warkek (Newcastle, Australia, 1961) New Yorkeko Eugene Lang College ikastetxean Komunikabideak eta Kultura irakasten du, eta hiri bereko New School for Social Research ikastetxean, Soziologia. Hainbat saiakera lan idatzi ditu, eta bereziki egin da ezagun bere azken argitalpenei esker: A Hacker Manifesto (2004) eta Gamer Theory (2007), biak Harvard University Press argitaletxean emanak.
www.ludiccrew.org/wark

Asteartea, irailak 9
Goizean (4 ordu): Yan Duyvendaken lantegia
Arratsaldean (2 ordu): Yan Duyvendaken lantegia
20.00etan: Yan Duyvendaken performancea
Biografia: Yan Duyvendak (Herbehereak, 1965) Genevako Ècole Supérieure des Beaux-Arts Arte Ederretako goi mailako ikastetxean irakasle da. Bakarkako erakusketak egin izan ditu St-Galleneko Kunstmuseum eta Genevako Attitudes museoetan, eta horrez gain, performanceak eratu izan ditu, besteak beste, honako lekuetan: De Appel (Amsterdam), Centre Georges Pompidou (Paris), Reina Sofia museoa (Madril) eta Musée d´Art Contemporain (Lyon).
www.duyvendak.com

Asteazkena, irailak 10
Goizean (4 ordu): Iñaki Gracenearen lantegia
Arratsaldean (2 ordu): Iñaki Gracenearen lantegia
Biografia: Iñaki Gracenea (Hondarribia, 1972). Artista. Bakarkako erakusketak egin izan ditu honako arte-galerietan: Distrito Cua4tro (Madril), DV (Donostia) edota Garaje Regium (Madril). Rambling Space, instalazioaren egilea da, hau da, bideo-joko bat, eta espazio abstraktu bat arakatzen da bertan.
www.distrito4.com

Osteguna, irailak 11

Goizean (4 ordu): Molleindustriaren lantegia
Arratsaldean (2 ordu): Molleinsdustriaren lantegia
Biografia: Molleindustria artista, diseinatzaile eta programatzaile italiarrez osatutako taldea da, eta beraien lanak helburutzat du bideo-jokoen inplikazio politiko nahiz sozialen gaineko eztabaida piztea. Prozesu horretan hedabideetako ekintzaileekin, sareko artistekin, zaletuekin, kritikariekin, eta aurka egiten dutenekin elkarlanean aritzen dira. Orain arte beren produkzio osoa Flash euskarrian eratu izan dute, eta Interneten eskuragarri jarri, ohiko banaketa bideak saihesteko asmoz.
www.molleindustria.it

Ostirala, irailak 12
Goizean (4 ordu): Tobias Bernstrupen lantegia
Biografia: Tobias Bernstrup (Gotheburg, Suedia, 1970) artista eta performerra da. Bakarkako erakusketak egin izan ditu, honako lekuetan: Andrehn-Schiptjenko (Stockholm), Genevako Centre d’Art Contemporain arte garaikidearen zentroan, Salamancako Artium Da2, Tokyoko Palais-en, edota Stockholmeko Moderna Museet museoan.
www.bernstrup.com


Juan Antonio Álvarez Reyes (Badajoz, 1966). Arte kritikaria eta erakusketen koordinatzailea da. “ABC” egunkariaren astekari kulturalean eta “Artecontexto” aldizkarian parte hartu ohi du. 2008an honako erakusketen koordinatzaile izan da: Geopolíticas de la animación (Vigoko Arte Garaikidearen Museoa), Try Again (Madrileko La Casa Encendida zentroa, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea), Psicogeografías (Madrileko Autonomia Erkidegoa), eta mil veras, mil prinzessinen, mil centralias (Mostoles-eko Centro de Arte Dos de Mayo zentroa).

iCal
Dokumentu Akzioak