Artelekuko artista egoiliarren aurkezpenak
Aurkezpenak
2008/11/06 - 2008/11/19 | Arteleku

Artelekuko artista egoiliarren aurkezpenak

Parte-hartzaileak

Artelekuko artista egoiliarren lana ezagutarazteko helburuarekin aurkezpen publikoak antolatu dira datorren astetan. Aurkezpen guztiak ostegunetan izango dira, 18:00etan Artelekun. Lehenengoa bihar bertan, azaroak 6 izango da.

Azaroak 6, osteguna, 18:00etan Artelekun
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum-en aurkezpena

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek elkarrekin lanean dihardute 2001 urtetik hona. Berriki ezagutarazi diren "Gure Artea" sariketan garaileak izan dira. Joan zen urrian eta azaroan Artelekun ari dira lanean "Geratu barruan eta leihoak itxi" proiektuaren hausnarketa teorikoa garatzen. Proiektu horren une gorena Barakaldon egin zuten "martxa zonbia" izan zen. George Romerok 1978an zuzendu zuen "Zombi" pelikula oinarri hartuta "martxa zonbi"ak orain urte batzuk sortu ziren kontsumo-gizartea eta merkatalgune erraldoien kritika egiteko.

Proiektuari buruzko informazio gehiago: www.zombies.parallelports.org, www.parallelports.org eta www.consonni.org


Hurrengo aurkezpenak:

Azaroak 20, osteguna, 18:00etan Artelekun
Aitziber Alonso eta Beatriz Txurruka

Aitziber Alonso irudigilea da. Arte Ederrak ikasi zituen EHUk Leioan daukan kanpusean. Bere lehen lanetako bat Talaia aldizkariarentzat egin zuen Alberdania argitaletxearekin 1999 urtean. Galtzagorri elkartearentzat Itziar Zubizarretarekin elkarlanean irakurketa aretoentzat eszenografiak prestatzen ibili da azken urteetan. Kolaborazio lan horren emaitza izan da aurten, Koldo Mitxelena Kulturunean ikusgai egon zen "Laberintoaren erbestean, literatur jolasa" erakusketa. Proiektu hori aurrera ateratzeko Aitziberrek Miren González margolariaren laguntza izan du.

Beatriz Txurruka Echeverría Donostian bizi da eta bertan lan egiten du. Arte Ederrak ikasi zituen Salamancako eta Bartzelonako unibertsitatetan. Ikasketa horiek dantza eta arte eszenikoen inguruko formazioarekin osatu zituen. Naturak eta gure gizarteak bizi duen desordena islatzen duten egitura, objektu eta irudiak sortzen ditu. Sormen-lan horiek artea topaleku gisa erabiltzea ahalbidetzen diote. Hainbat erakusketa eta lankidetza proiektutan erakutsi ondoren Beatrizen +SOMA lanak (erabilitako jantziekin betetako plastikozko piezekin osatua) sari bat jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak antolatzen duten Artista Berrien Lehiaketan.

 

-Azaroak 27
Elba Martínez eta Inés Llordés

José Belmonte irudigilea da eta bere lanak bertako zein atzerriko liburu eta aldizkarietan argitaratu ditu. Naturarekiko interesak bultzatuta animalia eta begetalen arteko elkarketan lanean dihardu azken aldian. Prozesu horren emaitza Koldo Mitxelena Kulturunean ikusgai egon zen Bestiarium Gastronomicae erakusketa izan zen. Berbaoc pelikulan parte hartzeak beste lan eremu bat ezagutzeko aukera eman zion, animazio esperimentala.

Elba Martínez sortzailea da. Argazkia, bideoartea eta pintura erabiltzen ditu garatzen ari den proiektuaren beharrena arabera.

 

-Abenduak 4
Iñigo Salaberria eta Okupgraf (Iñigo Royo eta Marian Larzabal)

Iñigo Salaberriak Historia eta estetika zinematografikoari buruzko ikasketak burutu zituen Valladolid-eko eta Paris III unibertsitateetan. Artelekun egingo duen aurkezpenean bere azken lana, José Ramón Anda Bakaikuko eskulturgileari buruzko Pulso a la materia dokumentala erakutsiko du lehen aldiz. Nafarroako Gobernuaren Kultura departamentuak abian ipini duen Colección Vídeo/Documentos de artistas sailerako ekoitzitako lana da eta datorren otsailean Iruñean egingo duten Punto de Vista jaialdian izango da ikusgai. "Plazera da Artelekuko aurkezpen hauen barnean dokumentala erakustea. Bide batez, Jose Ramón Andak zentroaren hastapenean Artelekurekin izan zuen harremana gogoratu dezakegu", azaldu du Iñigok.

Okupgraf-ek joan zen urriaren 24an aurkeztu zuen Tabakaleran bere azken egitasmoa: EGIATIK. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna. Proiektu hori Esperientziak lanaren ildo berean sortu dute. Kolektiboaren proiektuek memoria kolektiboa islatu eta gordetzea dute helburu. Horretarako pertsona anonimoen testigantzak erabiltzen dituzte. Oroitzapenak, ohiturak, irrikak, esperantzat... egunerokotasunera hurbiltzen gaituzten bizipenak dituzte ardatz.

 

-Abenduak 11, osteguna, 18:00etan Artelekun
DANTZAZ konpainia


DANTZAZ konpainiako dantzariek Artelekun barrena ibilaldia egitera gonbidatzen zaituztete. Ezohiko inprobisazio lan bati esker, dantzari bakoitzak bere sormenaren alderdi bat garatu du. Ordubeteko ibilaldian une bereziak igaroko ditugu elkarrekin Artelekuk eskaintzen dituen espazio anitzetan barrena.

iCal
Dokumentu Akzioak