Blommers/ Schumm-ek eskainia
Kontzeptua/ koordinazioa: Colectivo YOX
Data: Ekainak 15etik 18ra
Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara. Tailerra irekita egongo da arratsaldetan, parte hartzaileek beren proiektuak gauza ditzaten
Parte hartzaileak: 20 gehienez
Izena emateko epea: Ekainak 2a arte. Bidali zure datu pertsonalak, CVa eta motibazio eskutitza arteleku@gipuzkoa.net helbidera.
Tailer honek adierazpen artistikoa eta moda-publizitatea elkarreraginean jartzen dituzten argazkigintzako praktiketan sakontzen du. Argazkigintzak eta modak, azken hamarkadetako ikusizko irudikapenaren ardatz nagusietako bik, gaur egungo gizartearen pertzepzio esperientzian gero eta handiagoa den espazioa hartzen dute. Bakoitzak banaka, eta batez ere biak batera, egunerokotasuna bereganatzen dute norbanakoaren eta munduaren arteko harreman eremu bat eratuz, gehienetan oso baldintzatua egoten dena. Bitarteko grafiko, elektroniko eta digitalen gorakadak erreferentzia eremu hori zabaldu eta aditzera ematen du.
Argazkigintzaren izaera dualak, bitarteko artistiko eta erregistrorako eta erreprodukziorako mekanismo gisa, hainbat jardunbide ahalbidetu ditu, helburu artistikotik merkataritza hutsekora doazenak. Elkargune horretan kokatutako argazkilariek artearen, modaren eta argazkigintzaren arteko joan-etorriko zirkuitu hori arakatzen dute, batzutan artetik abiatuta, besteetan publizitatetik, eta askotan tarteko posizio batetik. Zirkuitu horrek eragin nabaria du gaur egungo modaren, publizitatearen eta artearen alorrean, eta agerian gelditzen da hedabide grafikoetan argitaratutako lanen kalitate artistiko ukaezinean, edo museoetan eta galerietan gero eta gehiago ikus daitekeen moda-argazkigintzan. Era berean, agerian gelditzen da argazkilarien, ikusizko artisten eta artista plastikoen lanean, horiek argazkigintzak duen ahalmena baliatzen baitute kategorizazio estetikoak diluitzen dituzten eta argazkigintzan eta argazkigintzatik zentzua ematea eta irudikatzea zalantzan jartzen duten diskurtsoak elkarreraginean jartzeko.
Blommers/Schumm argazkilari eta irakasleek tailer teoriko-praktikoa emango dute arteari eta hedabideei dagokienez argazkigintzak duen zereginaren inguruan. Tailerrean harreman hori eta dituen mugak aztertuko dira balizko testuinguruen eta hurbilpenen arteko ikuspegi aldaketaren bidez. Hasierako kontzeptu batetik abiatuta, soluzio ugarirekin esperimentatuko da eta horiek ezagunaren edo aurreikusiaren interpretazio berria eskainiko dute.
Parte hartzaile bakoitzak tailerra egiten zen bitartean sortu zen Superflat-magazine aldizkari maketaren lehen eta azken zenbakian esku hartu zuen.