Gaur egun, baliabide teknologikoei edo prestaketa akustiko edo anplifikatutako teknika berriei esker, inprobisazio askea askoz aberatsagoa eta abstraktuagoa bihurtu da. Tailer honen helburua parte-hartzaileak teknika hauetako batzuetan trebatzen hastea da, berdin musika tresnen nahiz objektuen bidez. Helburu horrekin, soinuak berezkoak dituen testura, dinamika, tinbrea edo permanentzia bezalako ezaugarrien inguruan lan egingo da. Tailerrean zehar, musika tresnak, objektuak, elektronika, grabazioak etab. erabiliko dira. Alegia, edozein soinu iturri erabili ahal izango da. Egoera kolektibo nahiz bakarkakoen bidez, zenbait estruktura, soinuak sortzeko hainbat modu, entzumenarekiko erlazioak edo erabakiak hartzeko moduak ezagutu eta sortzen saiatuko da tailerra.
Alfredo Costa Monteiro Oporton jaio zen 1964ean. Bartzelonan bizi da eta bertan lan egiten du 1992tik. Hain zuzen 1992an Eskultura/Multimedia ikasketak burutu zituen Parisko Arte Eder Eskolan, Christian Boltanskirekin. Orduz geroztik, arte plastikoetatik (instalazioak) soinu eta irudizko poesiara eta soinura doan jarduera aberatsa garatu du. Bere lan gehienak, askotan etxean eginikoak, prozesu ezegonkorrekiko eta objektu bihurtzen diren tresnekiko edo tresna bihurtzen diren objektuekiko interesa dute, izaera fenomenologiko nabarmen bat hartzen dutelarik. Bere lana hainbat bakarkako nahiz talde erakusketetan aurkeztu du. 2001etik, musikari, koreografo, dantzari eta bideoartista askorekin egin du lan. Diskografia zabala argitaratu du Antifrost, Rossbin, Absurd, Étude Records, Monotype records, Another Timbre edo Creative Sources bezalako disketxetan, bakarka nahiz elkarlanean.