NO DIAL: Artea euskarri fantasma batean
Tailerra
2009/08/24 - 2009/08/28

NO DIAL: Artea euskarri fantasma batean

Parte-hartzaileak

IZENA EMATEKO EPEA ABUZTUAREN 16A ARTE LUZATU DA. Arte radiofonikotik abiatuta, medioaren aukera esploratzaileen adibidea den aldetik, eta irratiarekin harreman estua duen jarduera lantzen duten pertsonen hitzaldien bitartez, mintegi honen helburua da arazo horiek identifikatu eta aztertzea komunikabide honi datorkion etorkizunaren diagnostiko bat egitearren. Proiektu hau Radio Clásica-RNEko Ars Sonora-rekin lankidetzan egina da.

TAILERRA

Koordinazioa: Oier Iruretagoiena, Xabier Erkizia, Miguel Ángel Álvarez-Fernández

Data: Abuztuak 24tik 28ra

Gonbidatuak: José Iges, Alessandro Bossetti

Izena emateko epea: IZENA EMATEKO EPEA ABUZTUAREN 16A ARTE LUZATU DA.

Proiektuak: 12

Izena emateko fitxa: Bidali zure datu pertsonalak zure CV, proiektua eta zure lanaren dossierrarekin batera arteleku@gipuzkoa.net helbidera

 

Sarrera

Azken urte hauetan zehar irrati munduan izaten ari diren eraldaketak direla eta, komunikazio modu horretarako sorkuntza bidezko hurbilketa ororen oinarriak atzera aztertu behar dira. Irratiarekin (edo, nahiago izanez gero, irratikoarekin) dugun harremana ezin da lehengo bera izan, ez behintzat podcastinga, edo besteak beste Lasf.fm edo Spotify plataforma komertzialak erabat hedatu direnez geroztik, esate baterako. Teknologia berri horiek, gaur egun, oso planteamendu desberdinetatik doazen beste batzuekin batera bizi dira, adibidez Irratiaren Europar Batasunak (ingelesez EBU, European Broadcasting Union) erabiltzen dituen satelite bidezko transmisio-sareekin edota, noski, irrati-transmisio analogikorako sistema tradizionalekin.

Soinuaren grabazio eta prozesamenduarekin lotutako beste teknologia batzuk merkatzeak ere, honek teknologia horiek izugarri zabaltzea ekarri baitu berekin, goitik behera aldarazi du irratikoaren definizioa bera: kostu txikiko grabagailu digital eramangarrietatik (duela gutxi arte bakar-bakarrik oso prezio handiko ekipoez lortzen zen kalitatea ematen baitute) audio-editore grafikoetaraino (hauetako batzuk doan jaits daitezke Internet bidez), bazterrean uzteke, noski, MP3 irakurgailuak, telefono mugikorrak eta antzeko beste dispositibo batzuk, zeharo hedatu baitira jendearen artean; eta honek guztiak erabat eraldatu ditu irrati-produktoreen eta -entzuleen profilak.

Irratia ezin da aldaketa hauetatik kanpo geratu, eta normalean “irrati-artea” esapideaz deskribatu nahi izaten diren sorkuntza praktikek (hitz hauek elkarren batere antzik ez duten errealitateak aipatu ohi badituzte ere) bereganatu egin behar dute irratikoarekiko hurbilketa berri hauen ezaugarri diren aukerekiko (eta ezintasunekiko!) gogoeta kritiko bat. Premisa horietatik abiatzen diren irrati-arteko proiektuak praktikara eramatea izango dugu, seguruenik, aipatutako gogoeta estetikoak bideratzeko modurik onena.

 

Lantegiaren planteamendua:

 “NO DIAL” lantegia partaideek proposatutako irrati-arteko proiektuen garapenean bildutako plataforma gisa aurkezten da. Garapen horrek proiektu bakoitzaren jarraipena eskatzen du, hasierako planteamendu teorikoetatik hasi eta kasuan kasuko baliabiderik egokienez zabalkundea ematen zaio arte, tartean igaroz, inolaz ere -eta arreta berezia emanez gainera horiei-, lan bakoitzaren produkzio eta errealizazioarekin lotutako tarteko etapa guztiei.

Lantegia egiten den bitartean, partaideek Artelekuko baliabide teknikoak erabili ahal izango dituzte, lantegiko koordinatzaileek jarritakoekin batera (izan ere, “NO DIAL”en helburuetako bat partaideak hainbat tresna teknologikorekin ohitzea da). Partaideek berek dauzkaten baliabide teknikoak jartzea ere gomendatzen da, batez ere aurrera eraman nahi dituzten proiektuak gauzatzeko bereziki egokiak direnean baliabide horiek.

 “NO DIAL” lantegiko lan modua partaide bakoitzaren ideia eta proposamenen eztabaidan oinarrituko da; izan ere, ideia eta proposamen horiek denen aurrean azaldu eta kritikapean egongo dira etengabe. Partaide bakoitzak besteekin partekatuko ditu esperientziak eta ezaguera, eta gauza bera egingo da partaide gonbidatuen (José Iges eta Alessandro Bosetti artistak) eta lantegiko koordinatzaileen (Miguel Álvarez-Fernández, Xabier Erkizia, Oier Iruretagoiena) kasuan ere.

Aurrekotik ondorioztatzen den bezala, lantegia talde lanera bideratuko da. Izan ere, lehen etapetan zehar partaideen hasierako planteamenduetako batzuk bat egiteko aukera planteatu eta eztabaidatuko da, lantegiaren garapenean zehar elkarrekin aritu ahal izango diren lantaldeak eratzearren. Beraz, azaldu behar da ezin izango direla partaideen proiektu guztiak banaka garatu “NO DIAL” lantegian zehar.

Lantegian zehar irrati-arteko proiektu baten sorrera, produkzio, errealizazio eta zabalkundeari lotutako prozesu guztiak aztertuko badira ere, “NO DIAL”en helburu nagusia ez da planteatutako proiektuek ezinbestez etapa horiek guztiak igarotzea lantegia egin bitartean (ezen kasu askotan ezinezkoa izango da, denbora falta hutsagatik hain zuzen), baizik eta partaideei beharrezko ezaguera eta eskarmentua eskaintzea bere proiektuak goitik behera garatu ahal izan ditzaten.

Eta aurrekoa horrela izango bada ere, “NO DIAL”en asmoetako bat on-line plataforma egonkor bat finkatzea da, lantegia egin ondoren bertan hasitako proiektuen jarraipena egiteko zein bertan sortutako lan-sareak mantendu eta, hala egokituz gero, handiagotzeko.

Era berean, koordinatzaileek bultzatu egingo dute “NO DIAL” lantegian zehar hasi eta hurrengo hilabeteetan zehar erabat gauzatzera iristen diren proiektuen zabalkundea. Zehatz esanda, bere zabalkunderako tresna egokiena irrati tradizionala duten lanak Miguel Álvarez-Fernándezek Radio Clásica-Radio Nacional de Españan zuzentzen duen Ars Sonora programan aurkeztuko dira eta, osagarri gisa, Irratiaren Europar Batasunaren Ars Acustica taldeko europar irratien bidez zabaltzeko ere eskainiko dira. 

 

Proiektuetarako deialdia:

Dimentsio estetiko bat jasotzen duen irratirako hurbilketa oro hartu ahal izango da kontuan lantegiaren bidez garatzera begira. Hauen artean egon daitezke, adibidez, musika sorkuntzatik hurbileko proposamenak zein antzerki, arte kontzeptual, arte dokumental, ohiko irrati-formatuen berrirakurtze, irrati-transmisioaren aukerez egin esperimentazio tekniko, komunikazio-sareen esplorazio eta abarretatik hurbilekoak.

Proiektuak aukeratzeko prozesuak helburu bikoitza du: alde batetik, irrati-sorkuntzaren ikuspegitik interesgarrienak diren proposamenak aukeratzea –lantegiko koordinatzaileen iritziz betiere-, horiek egiten duten planteamendua (lantegian zehar gauzatzeko dituzten aukeretatik haratago) “NO DIAL”en partekatutako gogoeten aberasgarri izan badaiteke. Bestetik, proposatutako proiektuen azterketak irizpide eginkizuna ere beteko du, lantegiko partaideak aukeratzeko unean.

Bidaltzen diren proposamenek -“NO DIAL”en parte hartzeko eskari guztiek proposamena egin beharko dute-, kasuan-kasuan proiektu bakoitzaren edukiari ondoen egokitzen zaion formatua egokitu ahal izango dute (esate baterako: deskripzio testuak, soinu grabazioak CDn, web orriak, aplikazio informatikoak, diagramak, partiturak, gidoiak, marrazkiak…).

 

Mintegi honetan parte hartzeagatik UPV/EHUko aukera askeko kreditu bat eskura daiteke.


 

 

 

 

 

iCal
Dokumentu Akzioak