Biografiak

Miguel Álvarez-Fernández
Miguel Alvarez-Fernandezek (Madril, 1979) bere soinu-artista jarduera sormen-eremu horri buruzko gogoeta estetikoarekin konbinatzen du. Ikerketa-lanak egin ditu, irakasgaiak eman ditu eta bere doktorego-tesia osatzen ari da Oviedoko Unibertsitatean. Gainera, ikerlari gonbidatu gisa eta Musika Elektronikoa Irakasteko irakasle lanetan aritu da Berlingo Unibertsitate Teknikoan (TU).

Soinu-artearen alorrean egindako ikerketak nazioarteko foro ugaritan zabaldu ditu, besteak beste, In-Sonora Jaialdia Madrilen, International Computer Music Conference 2005 Bartzelonan, Dichotonies kongresua Kolonian edota International Computer Music Conference 2007 Kopenhagen eskainitako konferentzien bitartez. Bere artikuluak nazioarteko katalogo eta argitalpen ugaritan agertu dira eta, baita, beste zenbait aldizkaritan ere, horien artean, ArteContexto, Espacio Sonoro, Future Music edo HZ Journal aldizkarietan.

Miguel Alvarez-Fernandezen lan artistikoa eta teorikoa soinu-arteko proiektuetako bere komisario lanarekin osatzen da; proiektu horien artean ‘Sonido Abierto’ jaialdia Berlingo Cervantes Institutuan edota ‘Velada musical’ Madrilgo Medialab-Pradon aipatu daitezke. Gainera, Radio Nacional de España-ko Radio Clásica irratiko Ars Sonora irrati- programako zuzendaria eta aurkezlea da, ostiralero 24:00etan entzun daitekeena edota, baita, www.arssonora.es web orrian ere.

 

José Iges

Madril, 1951. Konpositore eta Medio Arteko Artista. Injineru industriala eta Informazio Zientzietan doktorea ere bada.

Madrilgo ALEA laborategian hasi zen baliabide elektroakustikoen bidezko sorkuntzaren praktikan, eta gero Paueko Unibertsitatean (Frantzia) jarraitu zuen, 1977 eta 1978 bitartean. 1977 eta 1979 bitartean Gaur Egungo Musikaren Teknika eta Analisiari buruzko ikastaroak egin zituen, Luis de Pablok eman baitzituen Madrilgo Goi Mailako Musikako Errege Kontserbatorioan.

1979 eta 1984 bitartean Artea eta Informatika Mintegiaren eta ELENFANTE Kolektiboaren kidea izan da. Konpositore eta zuzeneko elektronikako instrumentista gisa, hainbat kolaborazio izan ditu talde eta bakarlari zenbaitekin, eta 1984az geroztik Esperanza Abad kantariarekin.

1989an hasi zen Concha Jerez artistarekin kolaboratzen soinu eta ikusizko espazio eta eskulturetan, performanceetan, irrati-obretan eta medio arteko kontzertuetan.

Bere sorkuntza lanaren ardatz nagusia ohiko instrumentuen eta soinu grabatu edota zuzeneko elektronikaren arteko elkarrekintza da, eszenikoaz eta irratiko lengoaiaz egiten duen erabilera bereziarekin batera.

1985etik 2008 arte, “Ars Sonora” saioa zuzendu du egungo Radio Clásica-n (RNE), soinu eta, batez ere, irrati artean bildurik. Genero horietako 80 obra baino gehiago produzitu ditu, eta beste batzuen artean “Prix Italia de Radio” jaso zuen 1991n, Luc Ferrari-ren L’Escalier des Aveugles-ekin. Era berean, Broaden/in/Gates (1992) eta Ríos Invisibles (1994) cd-en produktorea izan da, eta ekitaldi eta topaketa zenbaiten zuzendaria, Ciudades Invisibles (Madril, 1992) eta Radio Horizontal (Madril, 1995) tartean. Irratiaren Europar Batasunaren "Ars Acústica" foroaren kidea da, eta horrexen koordinatzailea izan da 1999 eta 2005 bitartean. Espainiako Musika Elektroakustikoaren Elkartearen (AMEE, Asociación de Música Electroacústica de España) presidentea izan da.

Sorkuntza eta produkzio lanaren osagarri, artikulu, hitzaldi, ikastaro eta lantegi ugari egin eta eskaini ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira hurrenak: Irrati Arteari buruzko Lantegiak, Bartzelona (La Caixa, CIEJ, 1990), Cuenca (Arte Ederren Fakultatea, 1995) eta Mexiko D.F.n (Irratiari buruzko III. Bienal Latinoamerikarra, 2000) zuzendu zituenak; “Soinu eta Ikusizko Espazioak” gaiaren inguruan Pontevedra (1991) eta Valentzian (Arte Ederren Fakultatea, 1993), eta “Artea Espazio Elektronikoan” gaiari buruz Gijónen (Kulturako Udal Fundazioa, 1995) eginak; eta Madrilgo Informazio Zientzien Fakultatean, Euskal Herriko Unibertsitatean, Granadako Arte Ederren Fakultatean, Valladolideko Udalaren Kultura Fundazioan, Madrilgo Estetika eta Arteen Teoria Institutuan, Reina Sofía Arte Zentroan eta Cuencako Kontserbatorioan (2002) egindako ikastaro eta mintegiak. Bere artikulu eta saiakerez aldizkari espezializatuetan kolaboratu du, esaterako Scherzo, Ritmo, Creación, RevistAtlántica de Poesía, El Urogallo, Doce Notas, Coclea, Transversal, Musica/Realtà, KunstMusik edo Fisuras-en, besteak beste, eta baita New Grove Dictionary of Music and Musicians-ekin ere. Narrazio obra bat ere egina du (Animales Domésticos, Ed. Libertarias, Madril, 1987), Luigi Nono-ri buruzko biografi liburua (Ed. CBA, Madril, 1988), eta “Arte Radiofónico” gaiaren inguruko doktore tesia (1997) halaber.

1997an, Bartzelonako Fundació Caixa de Pensions-en Mediatekako Soinu Artearen bildumako aukeraketa-arduraduna izan zen. Soinu Artea aukeratzeko arduraduna, era berean, ARCO feriaren ARCO ELECTRÓNICO Batzordean 1997, 1998 eta 1999an. Soinu instalazio eta eskulturei buruzko nazioarteko erakusketetan komisario, esaterako "Hotsaren espazioa/Begiradaren denbora" (Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia, 1999), "Resonancias" (Udal Museoa, Málaga, 2000) eta "Dimensión Sonora" (KM, Donostia, 2007) izenekoetan, eta baita "Vostell y la Música” erakusketa monografikoan (Vostell Malpartida Museoa, 2002-2003) eta I. Muestra de Arte Sonoro Español, MASE izenekoan ere (Kordoba-Lucena, 2006) (www.mase.es). Kontzertu zikloak ere antolatu ditu hainbat erakunderentzat, hala nola Gasteizko Amárica Aretoarentzat (2000), Madrilgo MNCARSentzat (2002) eta Vostell Malpartida Museoarentzat (1999-2006).

 

Alessandro Bossetti. Milanen jaio zen, Italian, 1973an. Soinu konpositore eta artista. Hitz esanen musikaltasuna lantzen du, zuzeneko soinu konposizioetan, irrati-etxeetan eta grabazio publikatuetan agertzen diren ahozko komunikazioaren eta testu produkzioaren ezohiko alderdiekin batera. Honen obra antropologiaren eta soinu konposizioaren arteko lerroan mugitzen da, sarritan itzulpena eta sortze prozesuko oker ulertzeak barne direla. Landako ikerkuntza eta elkarrizketak ditu, maiz, konposizio abstraktuak eraikitzeko oinarria, eta hauekin batera collageen elektroakustika eta akustika, erlazio-estrategiak, instrumenturik gabeko formazio eta praktikak, ahozkoak, eta esplorazio-manipulazio digitalak baliatzen ditu. 2006ko urtean, Mendebaldeko Afrika, Txina, Taiwan, Holanda, Eskandinavia, Estatu Batuak, Alemania eta Italia izan ditu bizi eta lan egiteko leku. Etorkizunera begira, berriz, Berlin (Alemania), Milan (Italia) eta Baltimore (Estatu Batuak) artean bizi eta lan egiteko asmoa du.

Dokumentu Akzioak
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. naia. (2010, enero 23). Biografiak. Retrieved octubre 06, 2024, from Arteleku.net Web site: http://old.arteleku.net/arteleku/laborategiak/audiolab/artxiboa/no-dial-artea-euskarri-fantasma-batean/biografiak. This work is licensed under a Creative Commons License. Creative Commons License