VIDA 1999. urtetik indarrean dagoen nazioarteko lehiaketa da, Telefónica Fundazioak sustatua, eta artea eta bizitza artifizialaren inguruko ideia eta teknikekin lan egiten duten proiektuak saritzeko sortua. Alor honetan lanean ari diren artistei begira, bi motatako deialdia luzatzen du VIDAk: “Amaitutako proiektuak” modalitateak azken bi urteetan burutako proiektuak saritzen ditu, eta “Espainia, Portugal eta Latinoamerikako ekoizpenei pizkarriak” modalitateak oraindik garatu gabeko proiektuei laguntza ekonomikoa eskaintzen die. Guztira, VIDAk 80.000€ ematen ditu saritan.
Datorren asteartean Artelekun egin dena bideo konferentzia bidezko saioa
izango da. Deialdian parte hartzeko asmotan diren artistek Bellorekin
hitz egin eta euren zalantzak argitzeko aukera izango dute eta era
berean, VIDAren kontzeptua eta funtzionatzeko modua ezagutzekoa. Lehenik
Mónica Bellok aurtengo deialdiaren nondik norakoak aurkeztuko ditu, hau
da, zein proiektu mota diren egokiak eta zer dela eta egiten den
lehiaketa bat horien garapena bultzatzeko. Ondoren, inguratzen diren
artistek VIDA 13.2 aurtengo edizioaren inguruan izan ditzaketen galderen
eta aholku eskeen txanda iritsiko da.
VIDA 13.2 deialdian parte
hartzeko asmoa izan dezaketen artista guztiak gonbidatuta daude
aurkezpen eta aholkularitza saio honetara, euren proiektuaren inguruan
izan ditzaketen zalantzak lehiaketako arte-zuzendariarekin argitu eta
komentatzeko. Eta deialdia bereziki luzatzen diegu “Espainia, Portugal
eta Latinoamerikako ekoizpenei pizkarriak” modalitatean aurkezteko asmoa
duten artistei, oraindik burutu gabeko proiektuak laguntzen baititu
modalitate honek eta baloratzeko orduan oso kontuan hartzen baitute
proiektuaren bideragarritasuna, bai alderdi teknikotik eta baita
kontzeptuari dagokionez, eta baliabideen eta aurrekontuaren inguruan
egiten den planteamendua.