“Travesías” – Daniel CanogarEspainiak Europar Batasuneko txandako lehendakaritza hartu behar zuela-eta, Daniel Canogar madrildarrak (1964) bideo-instalazio bat jarri zuen Bruselan, Justus Lipsius eraikinaren atarian. Instalazioa sabaitik esekita dago eta irudiak LED teknologiako pantaila batean erakusten dira. Pantaila hau ez da laua, proiekzioko ohiko pantailak bezala: kiribil itxurako pantaila da (4 metroko altuera eta 33 metro karratu ditu), egitura lirain eta bihurrikoa. Mugitzen ari den jendetzaren irudiak proiektatzen dira pantailan: ibiliz batzuetan, korrika beste batzuetan, trumilka, eroriz eta estropuz eginez inoiz... Europako gizarteak ekonomikoki eta sozialki azken aldiotan gainditu duen pasabidearen eta egin duen bidearen metafora bat da: gizarteak bide luzea egin du, baina ibilbideko baldartasunak eta arriskuak guztiz uxatu gabe oraindik. Obra hori, Espainiak Europar Batasunaren lehendakaritza izango duen sei hilabeteetan egongo da ikusgai Bruselan. Argazkiak, bideoak eta informazio gehiago www.danielcanogar.com helbidean. |
|