53 Entzumenaren sentimenak

Zehar #53

53 Entzumenaren sentimenak

Entzumenaren perspektibak era askotakoak dira, mugagabeak. Mundua, eta ondorioz soinu ingurunea, etengabe aldatzen doala onartzen badugu, entzuteko moduak ere ezin dira berberak izan. Paisaia aldatu da, gero eta soinu berri, ezezagun gehiago dugu gure inguruan, soinuak gure bizitzetan gero eta presentzia handiagoa du, eta nahitaez jakin-min handiagoa pizten du guregan.

Ondorioz, azken urteotan soinuaren birjaiotze kultural gisako baten testigu izan gara. Teknologiak ere noski, aldaketa hauetan zerikusirik izan du, soinua eta musika ulertzeko modua birdimentsionatu baitu. Eramangarritasuna, soinuaren fisikotasuna eta hau prozesatzeko aukerak ekarri ditu, eta soinua aurkezteko nahiz lantzeko moduak zabaldu. Arte sonoroak, orain dela gutxi arte, museoetan ia zokoratuta egon den alorrak, urrezko sasoia bizi du eta soinua protagonista duten erakusketak maiz aurkitzen ditugu.

Batzuek, tresnei erreferentzia eginez, aro post-digitala deitu nahi izan diote garai hauei, baina gaur egungo egoerak gehiagorako ere ematen du, aise gainditzen baitu tresnarekiko lotura soila.

Hala, garbi dago orain arte musikarekin eta soinuarekin batera edo honen barruan ulertu dugun hainbat kontzeptu airean gelditu dela, noraezean. Edo behintzat, aspaldian ukitu ez diren hainbat ideia berriz mahai gainean baita kolokan jartzeko ere balio izan du. Entzulearen eta artistaren arteko erlazioa, tresnen erabilera, konposizioa eta inprobisazioaren arteko mugen haustura, musika gordetzeko formatuak, soinua ulertzeko moduak, zuzeneko emanaldiaren kontzeptua bera… musika beraren helburuak eta bideak berritu egin direla dirudi, baina ez horregatik argitu edo zuzendu.

60ko hamarkadan John Cage, Morton Feldman eta bertze aunitzek proposatutako ideien revival gisako bat bizi dugula diote batzuek, baina gure perspektiba beraien ideietara orain ireki edo moldatu dela pentsa dezakegu. Eta, beharbada, horixe da egoera askotariko honen ondorioetako bat, gaur egun bizi garenok dugun perspektiba. Aldaketa hauek guztiek musikaren historiaren ikuspegi berri bat eskaini baitigute, eta ondorioz hau sustengatu duten zutabeak aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera berri bat, paisaia berri bat. Etengabe aldatzen doan paisaia berri bat.

Entzun ditzagun bada, bere ikuspegiak eta aztertu bere ertzak. Ikas dezagun inguruan duguna aditzen. Azken finean, ez badugu berdin entzuten, ezin izanen baitugu berdin pentsatu. 


—Xabier Erkizia


zehar53.pdf — PDF document, 1309Kb

naia

Softwarea, musika eta kultura. Enrike Hurtado

Teknologia digitalek musika sortu, ekoiztu eta zabaltzerakoan duten eraginaren irismena pentsaezina izango zen duela 10 urte. Egilea software librearen analisian erdiratzen da, laburki errepasatzen du musika elektroakustiko esperimentalaren historia eta ingurune digitalaren etorkizuna azaltzen du.


Hurtadoeusk.pdf — PDF document, 86Kb

naia

Kaosa, aleatoriotasuna, fraktalak eta audioa. Roc Jiménez de Cisneros

1970eko hamarkadaren amaieran Benoît Mandelbrot matematikariak deskubritu zuen geometria fraktala, eta fraktal terminoa hartu zuen mundu naturalaren egitura irregular eta kaotikoa deskribatzen duten kontzeptu matematiko berriak izendatzeko. Zientziak aplikazio praktikoak aurkitzea lortu du, artearen munduak, aldiz, flirteatu egin du eta emaitza bereziki bitxiak aurkitu ditu (ikuspegi teorikotik behintzat) musika konputazionalaren ¡ alorrean.


Cisneroseusk.pdf — PDF document, 89Kb

naia

Formatua da erronka

Fonografotik MP3ra, patenteengatiko borrokaren historia.


Ramoseusk.pdf — PDF document, 82Kb

naia

Opari digitala Musikaren etorkizuneko ekonomiaren ikuspegi bat. Jacques Attali

Noise idatzi nuen 1977an, eta oraindik ere saiatzen naiz azaltzen ezinezkoa dela musika analizatzea —bai eta gizakiaren beste edozein jokaera mota ere— testuinguru orokorretik at utziz gero. Musika, jakina, oso gauza espezifikoa da, hainbat arrazoirengatik. Arrazoi horietako bat arrazoi ekonomiko da, eta, horren arabera, musika informazio hutsa da. Ekonomiaren arloan, informazioa ardi galdu bat da, kudeatu ezina gertatzen baita. Adibidez, ekonomiaren teoria guztia baliabide eskasen teorian oinarritua da. Nahi adina esne badago, orduan esnea merke dago; esne eskasia badago, prezio garestia du: hori da ekonomiaren teoria. Baina musikarentzat ez du balio: informazioarentzat, oro har, ez du balio. Esne pitxar bat izango banu, eta zuri emango banizu, jada ez nuke edukiko. Baina zuri informazioa ematen badizut, nik oraindik ere badaukat, gorde egiten dut. Horrek esan nahi du nik zerbait badaukat eta zuri ematen badizut, zerbait berria sortzen dudala: oparotasuna. Eta horrek esan nahi du ekonomiaren teoriak ez duela informazioarentzat balio, informazioa bere euskarri materialetik banandu daitekeelako, euskarria CD bat nahiz egungo beste edozein izan.


Attalieusk.pdf — PDF document, 82Kb

naia

Sarean


enred.pdf — PDF document, 177Kb
Dokumentu Akzioak