SUBJEKTUA ERAIKITZEA KULTURA DIGITALEAN. ERRETRATUA, IDENTITATEA ETA MEDIO BERRIAK
Mintegia
2009/10/19 - 2009/10/22

SUBJEKTUA ERAIKITZEA KULTURA DIGITALEAN. ERRETRATUA, IDENTITATEA ETA MEDIO BERRIAK

Parte-hartzaileak

Erretratuaren generoa eta bere bilakaera historikoa estuki lotuta daude, logikoki, norbanakoaren gizarte ikuskerarekin eta nortasuna eraikitzearekin. Errenazimenduan nortasuna, subjektuaren ideia, koloreekin lotzen zen (gorputzeko lau jarioak eta horien koloreak: gorria, horia, zuria eta berdea) eta ondorioz, egonkortzat eta norbanakoaren izaeraren baitakotzat jotzen zen. XVIII. mendetik aurrera, subkontzientearen existentziaz mintzatzen hasi ziren zientzialariak. Nortasunaren zati bat da subkontzientea, nola funtzionatzen duen ezezaguna zaiguna.

Bistan denez, psikoanalisia pentsamendu burgesarekin lotuta dago. Psikoanalisia sortzeak bide eman zien norbanakoaren egungo ikuskerari eta identitatea eraikitzeko prozesuaren konplexutasunari. Pentsamendu klasikoak izaera aldaezina ematen zion identitateari. Orain, ordea, etengabe aldatzen ari den zerbait da, norbanakoak eta bere gizarte inguruak elkarri eragiten diotelako.

Nola garatzen da prozesu hori egungo gizartean? Gizarte burgesak sortutako produktua da subjektuaren ideia eta pentsamolde marxistaren guztiz kontrakoa da. Azken horren arabera, testuinguru sozio-historiko jakin batek determinatzen du norbanakoa. Bi ikuskera horien arteko elkarreragina are indartsuagoa da gaur egun. Gure gizarteak askatasun osoa ematen dio norbanakoari, baina, aldi berean, komunikabideen presioek joera, korronte eta moden mende jartzen gaituzte. Elementu horiek guztiek «identitatea» ematen digute, hitzaren zentzu estuenean, hots, pertsona identiko bihurtzen gaituzte; talde, tribu eta gizarte taldeen kide bihurtzen gaituzte. Batzuetan konturatu ere egin gabe.

Medio digitalek subjektua dute helburu eta erretratuaren benetako eklosio soziala eragin dute subjektuaren eklosioaren parte gisa. Facebook, Twitter, blogak eta Web 2.0 delakoaren beste tresnak niaren teknologiak dira; Michel Foucaultek sortutako terminoa da hori. Edozein bilakatu daiteke idazle edo kazetari eta edozeinek erakutsi dezake bere bizitza eta edozeinen eskueran jarri. Gizarte digital berriak buruz buruko komunikazioa ahalbidetzen du; subjektu pasibo baino aktibo bilakatzen gaitu. Baina, aldi berean, anonimo bihurtzen gaitu, sarea betetzen duten gu bezalako milioika subjekturen antzera.


Ramón Esparza

--------------------------------

Koordinazioa: José Ramón Esparza

Gonbidatuak: Hellen Van Meene, Javier Echevarría

Izena emateko epea: Irailak 30. Bidali zure datu pertsonalak zure CVarekin batera arteleku@gipuzkoa.net helbidera.

 

MINTEGIAREN HELBURUAK


Norbanakoaren ikuskeren arteko erlazioa eta horrek erretratuaren generoan duen isla aztertzea da mintegiaren lehenengo helburua. Erretratuaren historia, norbanakoaren gizarte ikuskeren historia gisa ikusi daiteke. Hasiera XIX. mendeko erretratu burgesean izan zuen, artean norbanakoaren izaera sozialak markatzen zuela. Gero, XX. mendean bidegurutze bat gertatu zen, non ikuskera marxistak eta burgesak bat egiten duten eta askotan talka ere egiten duten. Azkenean, gaur egun, identitatearen kontzeptua amaitutzat eman da eta hortaz, generoa krisi egoeran dago.

Ikasleei erretratuaren munduan barneratzea ahalbidetuko dieten gaitasunak transmititzea da bigarren helburua. Hori da Hellen van Meene Herbehereetako argazkilariak emango duen tailerraren helburua. Bere karreran zehar nerabeen munduan espezializatu da Hellen van Meene eta, besteak beste, Herbehereetan, Japonian eta Errusian garatu ditu bere argazki sailak.

Azkenik, Javier Echevarríak, gaur egun Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenari lotuta dagoen filosofoak hitzaldia bat emango du web 2.0aren bideen nartzisismo berria aztertzeko. Horrez gain, kultura digitalean subjektua eraikitzearen inguruan ere hausnartuko du.

 

Mintegiaren egitura

 

Urriak 19, 19:00etan. MINTEGIAREN AURKEZPENA/HITZALDIA. RAMÓN ESPARZA:

ESTRATEGIAS DEL RETRATO Y VISIONES DEL SUJETO

 

Urriak 20-22. ARGAZKILARITZA TAILERRA. HELLEN VAN MEENE.

Ordutegia: 10:00-14.00 / 16:00-20:00

 

Urriak 22, 19:00etan. HITZALDIA. JAVIER ECHEVARRÍA.

MAHAI INGURUA ETA AMAIERA

 

iCal
Dokumentu Akzioak