Laguntza: EREMUAK – Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila
Koordinatzailea: Aimar Arriola
Parte-hartzaileak: María Ángeles Alcántara Sánchez, Jesús Arpal Moya, Tamara Díaz Bringas, Santiago Eraso, Dora García (ez presentziala), Nancy Garín, Antonio Gagliano, Nicolas Malevé, Pablo Marte, Julia Morandeira, Susana Talayero eta Linda Valdés.
Data: Martxoaren 16a
Ordutegia: 12:00etatik 19:00etara
“[...] artxiboari esker, gauza horiek guztiak ez dira mugarik gabe metatzen formarik gabeko andana batean, eta, era berean, ez dira hausturarik gabeko linealtasun batean inskribatzen [...] horren ordez, irudi desberdinetan elkartzen dira, era askotako harremanen bidez moldatzen dira batzuk besteekin.”
"Marginalia" proiektua duela urtebete jarri zen abian, “Pepe Espaliú Liburutegiaren suspertze kritikoaren laborategi” gisa. Denbora hau igaro ondoren, prozesua deskribatu beharko litzateke oroimen, afektu, dokumentu, irudikapen eta jakintzen zirkulazioaren esparruetara batera hurbiltzeko saio gisa, aldi berean bilera- eta gatazka-gunetzat hartzen dugun leku batean: liburutegia. Foucaulti jarraiki, liburutegia ez dagokio forma mitikoen errepertorioari, “artxiboari” baizik. Gure kasuan, gainera, liburutegi hori asko dira: Pepe Espaliú eta Arteleku izen bereziek adierazten dutena; artista batek bere bizitzan barrena bildu zituen eta, hein batean, irakurri zituen lau mila eta koska liburuk osatutakoa; garai batean bilduma pertsonala izan zena eta gero, HIESaren inskripziopean, ondare bilakatu zena; arkitektura eta diseinuaren diziplinen azpian, leku bat baino gehiago altzaria dena; batzuek “komunitate” izendatu zituzten eta pixkanaka alde egin zuten beste artista batzuek bi hamarkadez kontsultatu dutena; barne hartzen duen esparru instituzionalak izan dituen aldaketen lekuko mutua izan dena, bere materialtasunarekin aldaketa horiei aurre egiten diena; azken batean, hamaika esperientziaren aztarna eta, aldi berean, promesa dena.
Urtebetez, “hurbiltzeko saio” hori irakurketa, ohar, bilera, truke eta dokumentazio prozesuen inguruan garatu da (neurri batean, online kontsultako gune honetan bildutakoak: http://lab-marginalia.tumblr.com/), eta, azkenean, hauxe izan du emaitza: hemen aurkezten ditugun arte eta artxiboko lau ekoizpen –Jeletonek, Antonio Gaglianok, Pablo Martek eta Susana Talayerok (elkarlanean) eta Equipo rek egindakoak–, eta Pepe Espaliúren (1955-1993) azken praktikari buruz abian dagoen ikerketa bat, irizpide kritikoen aldaketa sail baten zantzu eta kondentsazio gisa ulertuta, zeinen emaitzak proiektuaren bigarren ikustarazte-fasean ezagutaraziko diren.
“Marginalia” proiektuak “marjina” guztiek duten alderdi politikoa eta operatiboa aldarrikatu nahi izan du; hala, bada, hemen bildutako arte eta artxiboko lau proposamenek “liburutegia” bere zenbait muga eta aukeratatik jorratu dute: kultura-tresnen sarbidean eta esanahian ezarritako arauei buruzko galderak proiektatzeko testuinguru gisa (Jeleton); bere hondakin materialez baliatuz jakintzaren zirkulazio librerako gailu esperimental bat abiarazteko (Antonio Gagliano); irudiaren eta muntaketaren indar dialektikoaren bidez, kultura eta zibilizazioaren ikur gisa duen izaeraz galdezka, eta “desberdintasuna” barne hartzen duen gorputz espektral gisa (Pablo Marte eta Susana Talayero); eta esparru modura, egoera neoliberalean HIESari dagozkion politiken ikuspegitik artxiboaren ez-egonkortasunari buruzko hausnarketa bati ekiteko (Equipo re).
Egoera kutsakorra eta agentzia anizkuna sorrarazteko asmoz, orain, batera aurkezten ditugu lau ekoizpen horiek, aurkezpenak eta eztabaida egiteko jardunaldi batean egituratuta; ildo horretan, lan-prozesuei lotutako materialen espazializazioa barne hartzen du, Artelekuko lehen solairuko hainbat tokitan, eta kanpoko beste hainbat ahotsen “interpelazioa” ere, lortutakoak pizten duen ilusioaren eta ezin eskura daitekeenak sortzen duen zorabioaren artean kulunka*.
Aimar Arriola
Donostia, 2013ko otsaila
*“Babelgo liburuzain borgianoak bezala, gainerako guztien gakoa izango den liburuaren bila dabiltzan horien moduan, kulunkan gabiltza gu, lortutakoak pizten duen ilusioaren eta ezin eskura daitekeenak sortzen duen zorabioaren artean.”
–Georges Perec, Penser / Classer (Pentsatu / sailkatu), 1985
PROGRAMA, martxoak 16, larunbata
12:00 - 13:00. “Marginalia” proiektuaren aurkezpena - Aimar Arriola + Sarrerako ekitaldia - Santiago Eraso
13:00 - 14:00. “Anarchivo sida” lanaren aurkezpena - Equipo re (Nancy Garín eta Linda Valdés) + Interpelazioa - Nicolas Malevé
14:00 - 16:00. Bazkaria
16:00 - 17:00. “The Free Mimesis Project” proiektuaren aurkezpena - Antonio Gagliano + Interpelazioa - Tamara Díaz Bringas
17:00 - 18:00. “Oinarri labainkorrak eta behin-behinekoak” lanaren aurkezpena - Pablo Marte & Susana Talayero + Interpelazioa - Julia Morandeira
18:00 - 19:00. “Paris Is Burning oharduna”* lanaren aurkezpena – Jeleton + Interpelazioa - Dora García (ez presentziala)
(*) ekintza hau Jeleton-ek Artelekun martxoaren 11tik 15era proposatutako “Paris Is Burning oharduna” produkzio topaketaren ondoren dator (http://www.arteleku.net/programa-es/201cparis-is-burning-oharduna201d)
PARTE-HARTZAILEAK (alfabetoaren hurrenkeran):
Aimar Arriola, komisarioa eta ikerlaria izateaz gain, “Marginalia” proiektuko proposatzailea da.
Tamara Díaz Bringas ikertzailea eta kuradorea da. "FM_el archivo y la caja de zapatos" (2011) bezalako proiektuak egin ditu, Fina Mirallesen artxiboari buruz. 1999. eta 2009. urteen artean, TEOR/ética proiektuko kuradorea eta argitalpen-koordinatzailea izan zen, Costa Ricako San Josén.
Santiago Erasok Arteleku zuzendu zuen 1986. eta 2006. urteen artean. Gero, 2009. eta 2011. urteen artean, Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburua izateko hautagaitzako kultura-zuzendaria izan zen, eta, orain, horretan ari da aholkulari-lanetan. 2001. urtetik aurrera, UNIA arteypensamiento proiektuko edukien taldeko kidea da.
Dora Garcíak artelanarekiko topaketaren natura instituzionalari buruzko eztabaida etikoetan eta gogoetan jartzen du ikuslea. 2007 Münster Sculpture Projects-en, Veneziako Bienaleko Espainiako pabiloian, 2011, eta Kassel-eko Dokumentan, 2012, parte hartu izan du, besteak beste. (Parte-hartze ez presentziala.)
Nancy Garín (Equipo re) ikerlaria eta “Marginalia” proiektuko kidea da. Horren aurretik, Etcétera… arte-taldeko eta Internacional Errorista mugimenduko kidea izan zen.
Antonio Gagliano artista eta “Marginalia” proiektuko kidea da.
Jeleton (María Ángeles Alcántara Sánchez eta Jesús Arpal Moya) artistak eta “Marginalia” proiektuko kideak dira.
Nicolas Malevé artista, software askeko programatzailea eta data activist-a da. Constant taldeko kide gisa (Brusela), beste lan-ildo batzuen artean, artxiboa berreskuratzeko proiektuak egin ditu, esate baterako, Active Archives.
Pablo Marte artista eta “Marginalia” proiektuko kidea da.
Julia Morandeira komisarioa eta ikerlaria da. Gaur egun, proiektuetako zuzendari artistikoa da LOOP/Screen Projects-en.
Susana Talayero artista eta “Marginalia” proiektuko kidea da.
Linda Valdés (Equipo re) ikerlaria eta “Marginalia” proiektuko kidea da. Fundació Antoni Tàpieseko jarduera-arloan lan egiten du; bertan, zentroko artxiboa abiarazi nahi duen Arts combinatòries plataformako kidea da eta, gainera, Prototips en codi obert proiektua koordinatzen du.
PRODUKZIOAK
Jeleton – PARIS IS BURNING OHARDUNA
Jeleton errepertorio ikonografikoetan, musikaletan eta literarioetan esku hartzen duen talde bat da. Beste lan-ildo batzuen artean, 2008. urtetik hona ikerketa bat egiten ari dira, “oin-oharraren” inguruan, kultura-tresna zehatzen (film, artelan, artxibo baten…) erabilerak eta esanahiak berriz banatzeko modu bat den aldetik. Lan-ildo horretan, era askotako teknikak, keinuak eta jakintzak erabiltzen dituzte, eta, era horretan, oharrak, irakurle orok, eta, beraz, artelanen ikusle/entzule orok, jabekuntza lortzeko teknika performatibo gisa aztertzen dituzte. Metodo orokorra oharren proposamen publikoa da, artista zehatz baten pieza bati buruz eta testuinguru zehatz batean, pieza eta testuingurua a priori harremanik gabekoak izanda; eta, gero, argitalpen batean ateratzen dira egindako ohar horiek.
"Paris Is Burning oharduna" da Jeletonek Pepe Espaliúren liburutegian esku hartzeko duen proposamena. "Paris Is Burning" (Jennie Livingston, 1990) film dokumentalari egindako oin-oharren bildumaren forma hartzen du; espazioan, denboran eta banaketa-bideetan barreiatutako oin-oharrak, gero paperezko edizio batean bildumaturik. “Paris Is Burning” pieza konplexua da, historizazio eta kosmologia bat baita aldi berean. 80ko hamarkadaren amaieran New York hiriko “houses” izeneko komunitateetan zegoen kultura maritxu eta trans afroamerikarrari eta txikanoari heltzen dio. Pieza testuinguru berezi eta anizkun batean proiektatuko da –Pepe Espaliúren liburutegia, “Carrying” ekintza, HIESari buruzko politikak, “Arteleku komunitatea”, Donostia 1992. eta 2013. urteetan, etab.–, tirabirak sorrarazi nahian dokumentu eta gorputzaren, obra eta afektuaren artean.
**María Ángeles Alcántara Sánchez (Murtzia, 1975) eta Jesús Arpal Moya (Barakaldo, 1972) dira Jeleton, talde-lanean 1999. urtetik. Erakusketa, tailer eta dokumentu eta ikerketako proiektu askotan ekoitzi eta aurkeztu dute beren lana, besteak beste, hauetan: consonni, Bilbo, 2012; CA2M, Móstoles, 2012; ENPAP, Bilbo, 2012; Proyecto Rampa, Madril, 2012; Sametitled, Berlin, 2012; General Public, Berlin, 2012; Arizko Dorretxea, Basauri, 2011; TEXTO, Bartzelona, 2011; Manifesta 8, Murtzia, 2010; Casa Vecina, Mexiko Hiria, 2010; Espacio Abisal, Bilbo, 2008). www.jeleton.com/
Antonio Gagliano — THE FREE MIMESIS PROJECT
Antonio Gaglianok maiz baliatzen ditu marrazkia eta idazketa tresna gisa, jakintza egiteko, antolatzeko eta barreiatzeko dauden era askotako moduak ikertzeko. Bere lanean, batera nahasten ditu jakintzaren egitura formalei dagozkien muntatze- eta bistaratze-metodoak (unibertsitatea, artxiboa, telebista, etab.) eta agertzen ari diren edo dinamikoak diren gertakariak (Interneteko eztanda biralak, ahozko historia, etab.); eta berriz egiten ditu, haien prozesu arautzaileetan esku hartzeko asmoz. Aspaldiko irudi eta gertaera historikoak lotzea, kontakizun fantastikoak sortzea edo informazioa zabaltzeko konbentzioak (kartografiak, artikuluak, PowerPointak, irakurketak, fanzineak, etab.) ikuspegi kritikoz aztertzea dira Gaglianok baliatzen dituen estrategietako batzuk.
“Marginaliaren” esparruan, “The Free Mimesis Project” proiektuari ekin dio. Argitaratze-prototipo esperimental horren bidez, artxiboetan “blokeatuta” dauden materialak zabaldu nahi ditu, marrazkian eskuz kopiatuz. Lehenengo pasarte honetan, hasieran Pepe Espaliúren liburutegia osatzen duten liburuetako orri artean zeuden materialen aukeraketa bati ekingo dio proiektuak (irakurketa-oharrak, prentsa-ebakinak, posta-txartelak, etab.); dokumentu horiek gero funtsa horretatik bahetuak izan ziren, “atal pribatua” zen hori instituzioak baliabide publiko bihurtu zuenean. Liburutegiko eranskin informal gisa, materialen multzo honek bereziki nabarmentzen du funtsaren izaera entropikoa, aurre egiten baitie artxiboko logikei, eta, aldi berean, gakoak eskaintzen baititu Espaliúren praktikaren irakurketa partzial berriak egiteko. Emaitza grafikoak lizentzia irekia izango duen web-biltegi batean emango dira argitara.
**Antonio Gagliano (Córdoba, Argentina, 1982). 2012. urtean erakusketa eta ziklo hauetan hartu du parte: "Composición de Lugar III", Efrén Álvarezekin (Espai Cultural Caja Madrid, Bartzelona); "Això no és una exposició, tampoc" (Fabra i Coats, Bartzelona); eta "De com Convertir un Museu en Arena" (L’Aparador, Museu Abelló, Mollet). Horren aurretik, programa eta proiektu hauetan esku hartu du: Can Xalant, Can Felipa eta Sala d`Art Joveren programak, "Peligrosidad social" (PEI/MACBA) eta "Prototips en codi obert" ikerketa-proiektuak eta "Arxiu FX: La ciutat buida" tailerra (biak Fundació Tàpiesen). Hainbat hedabiderekin aritzen da lankidetzan, idazle gisa, eta komisariotzako bi proiektu ekoitzi ditu Ingrid Blancorekin batera. http://antonio-gagliano.blogspot.com
Pablo Marte eta Susana Talayero (lankidetzan) – OINARRI LABAINKORRAK ETA BEHIN-BEHINEKOAK
Susana Talayero artistaren lana pintura, bideo eta instalazioaren artean dabil, praktika horrek aukera ematen baitio euskarri desberdinen arteko mugak aztertzeko; era berean, bilerak sortzen ditu, eta horiek, denak batera, epistemologia- eta erresilientzia-saio bat osatzen dute. Bestetik, Pablo Marteren lanak irudiak esanahia izateko eta diskurtsoa ekoizteko prozesuak nola egituratzen –eta berregituratzen– diren aztertzen du, muntatze-lanaren praktika sintomatiko, hedakor eta heterogeneo baten bidez.
“Marginalian”, Martek eta Talayerok, lehenik eta behin, argi ohartarazi nahi izan zuten lan egiteko dituzten moldeen bateratze-lanaren izaera lausoaz. Hala, bada, elkarrekiko setio moduko zerbait egin zuten hainbat saiotan, “bat-batean hurbildutako bi planetaren moduan”, haien hitzen arabera, “elkarlanak zalantzan jartzen baititu planeta horien ustezko grabitazio-eremuen mugak”. Baldintza horietatik, hiru indar-ardatz atera zituzten, haien ustez edozein elkarlan zeharkatzen dituztenak: bilera, tentsioa eta bateratzea. Orduan, hiru ardatz horiek aztertu zituzten berriz, liburutegiarekin eta liburutegiak kultura, jakintza eta zibilizazioaren adierazpen gisa duen pisu kapitalizatzailearekin lotuz. Didi Hubermanek Aby Warburg eta Atlas Mnemosyne-ri buruz egin zuen ikerketan esan zituen hitzak jaso zituzten berriz: “desberdintasunen erakusketa bat”. Hala, bada, desberdintasuna bereizkuntza gisa aztertu zuten, “tarteko espazio” gisa, geratzen den espazio bezala har daitekeen hori (hondarra, aztarna). Lan-prozesuekin bat etorrita, berez lurralde baten gisa funtzionatzen duen material-satelite bat sortu dute: Oinarri labainkorrak eta behin-behinekoak.
**Pablo Martek (Cádiz, 1975) banaka eta taldeka erakutsi du bere lana, besteak beste, leku hauetan: “Habitación propia, compartida” (consonni, Bilbo, aurki); Festival Pantalla Fantasma (Bilbo, 2013); EspaiDos (Terrassa, 2010); CA2M (Móstoles, 2010); Lobeart (Berlin, 2010). 2012. urtean komisario egoilea izan zen Bilboarte Fundazioan, eta “Enter the Ghost, Exit the Ghost, Re-Enter the Ghost” aldizkako erakusketa-zikloa landu zuen bertan.http://www.pablomarte.com/
Susana Talayerok (Bilbo, 1961) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean jaso zuen prestakuntza, baina Erroman ekin zion praktika artistikoari, hiri horretan bizi izan baitzen 1986. eta 1995. urteen artean. Banakako erakusketak egin ditu leku hauetan, besteak beste: La Taller eta Bilboko Berreginen Museoa (biak Bilbon, 2012); Carreras Múgica galeria (Bilbo, 2009); eta Fundación Antonio Pérez (Cuenca, 2008). Hezkuntzako proiektuak prestatzen ditu, arte-arloko hainbat instituziorekin batera, eta bilera publikoen *L'occasione* izeneko ekimenaren kide bultzatzaileetako bat da (http://locccasionecon.tumblr.com/).
Equipo re – Anarchivo sida
Gaur egun, Equipo re plataforma lan bat egiten ari da, HIESari buruzko politikak mugatu dituzten praktika estetikoak, irudikapenak, taldeko esperientziak eta taktika performatiboak zehazteko, biltzeko eta aztertzeko, eta anglosaxoia ez den ikuspegi batetik egiten ari da lehenbiziko aldiz. Ekimenaren azken helburua da “kontra-artxibo” bat edo HIESari buruzko politiken anartxiboa abian jartzea. Kontua ez da “arte eta HIESaren” arteko harremanari berriz hurbiltzea, besterik gabe –“gaitzak iradokitako artearen” ildotik joz–, baizik eta HIESetik abiatuta kultura-ekoizpenean agertzen diren egiturazko lekualdatze-, hauste- eta oldar-moten kartografia egitea.
Equipo re plataformak “Marginalian” esku hartzean, Artelekun eskuragarri dagoen Pepe Espaliúren dokumentuen funtsa lotu dio prozesu horri, bereziki, The Carrying Society (1992-1998) taldeari dagozkion materialen multzoa. Espaliúk Artelekun eman zuen tailerrean parte hartu zuen lagun-talde batek sortu zuen The Carrying Society, eta hainbat proiektu egin zituen arte eta esfera publikoari buruz. Proiektu horien oroimena barreiatuta dago oraindik, eta, beraz, Equipo re plataformak berreskuratzeko proposamena egin du. Hala ere, Equipo re plataformak "Marginalian" izan duen parte-hartzea amaitu gabe dago, eta “HIESaren anartxiboak” hartuko duen azken forma proiektuaren hurrengo aldietan egiten den lanaren araberakoa izango da.
Ildo horretan, 2012-13 biurtekoan, artxiboaren muina osatuko duten materialak biltzen, ekoizten eta era kritikoan bahetzen aritu dira, lan-esparru zehatzetan ikertzeko eta ekoizteko hainbat ekintza eginez, adibidez, hauek: Txileko hainbat lekutan egindako “Políticas del cuerpo*” ekimena; une honetan abian dagoen Reina Sofía museoaren ikertzeko egoitzen programan egindakoak; Sevillako UNIA – arteypensamiento programan aurki garatuko dutena; eta PAGADI sistemarako landuko dituztenak, dss2016eu-ko arte, sormen eta pentsamendu garaikidea sustatzen dituen diziplinen zeharreko plataforma, Equipo re bertan txertatu baita.
**Equipo re lurralde ezberdinen artean ekintza eta ikerketa eginez lankidetzan diharduen plataforma bat da; eta bere parte-hartzaileek artearen espazioa ekintza kritikoarekin egituratzeko duten interesa du jomuga. Ikerketa, elkarrizketa eta eztabaidako ekimenak egin ditu hainbat lekutan, besteak beste, hauetan: La Purée Associació Cultural (Bartzelona); Fundació Tàpies (Bartzelona); Centro Cultural de España (Buenos Aires, Argentina); Universidad de Concepción (Txile); MUMS – Movimiento por la Diversidad Sexual (Santiago, Txile); Museo de Arte Contemporáneo MAC (Santiago, Txile). http://equipo-re.org/