Salbuespen egoera. Praktika estetikoak eta lan era berriak (1972-2004)
Seminario
2004/05/03 - 2004/05/07 | Arteleku

Salbuespen egoera. Praktika estetikoak eta lan era berriak (1972-2004)

Parte-hartzaileak

Koordinatzailea: Carles Guerra

Proiektu honek praktika estetiko batzuk (artea, zinea, literatura) lan era berrietarako inspirazio iturritzat aurkeztu eta analizatzea proposatzen du. Ildo honetatik, arteko lana beti-beti salbuespen gisa hartu izan da gizarteko beste arloetan nagusi ziren lan moduekiko. Proiektu honen ahalegina erakartzen duen efektua kokapen-alderanzketa da. Garai batean gauzak egiteko eta produzitzeko modu eszentrikotzat hartu zirenak, gaur egun formula hegemoniko bihurtu dira. XXI. mendearen hasierako kapitalismo kognitiboa jakintza trukatzeko eredu desberdinez elikatzen da, eta eredu horietako asko sumatzen ziren, jada, azken 30 urteotako esperientzia estetikoetan.

Proiektu honekin planteatzen den formatuak ikerkuntza-ikuspegi bati eman nahi dio lehentasuna, erakusketa, iruzkin eta eztabaida, are gonbidatuekiko lantegia ere ahalbidetzen duten kasuak baliatuz horretarako. Programaren ardatza izenburu multzo baten araberakoa da, izenburuotan hainbat gauza ageri baitira, hala nola artelanak, filmak, diapositiba-sortak, liburu bat eta azterketa soziologikorako kasu bat. Formatu aniztasun honen bidez lortu nahi dena zera da, obrak edo dokumentuak gurtzako objektutzat tratatzea, eta horrenbestez eztabaida baten eta geroagoko analisi lan baten katalizatzaile izatea. Arteleku eta beste erakunde elkartu batzuk proiekzio, erakusketa eta eztabaidarako egoitzak izan daitezke.

1. AZTERKETA KASUA: 1979 edo guztia nabarmen agertu zen urtea

Lanaren irudikapena errotik aldatu da, nahiz eta hori ez den beti islatzen enpresen antolamendu moduetan. Alde batetik, lanak ez du galdu bere izaera klasikoa ordutegiaren eta espazioaren antolamenduaren aldetik. Lantegia da horren ispilu gardenena. Dena den, gero eta nabarmenago da lantegiak ez dizkiola ateak ireki ekoizpenari buruz gaur egun daukagun ikuspegiari. Horregatik, bada, lantegietan beste lan era batzuk sortu dira era tradizionalen aldamenean. Baina horien antolamendu eta zuzendaritza moduak ez dira hain argiak. Enpresa horiek mozkinak ematen dituzte eta gure hizkuntzak oraindaino lan-era esplizitutzat aitortzen ez dituen ustiapen modalitateetan oinarritzen dira.

Numax presenta Joaquín Jordàk 1979an egindako film dokumentala da eta lanaren irudikapen aldaketa nola lor zitekeen erakusten digu. Urte hartan, Bartzelonako zabalkundeko elektra tresnen lantegi batean ordura arte lan egin zuen langile talde batek, hasi zuten autogestio prozesua iruditan jar zezala eskatu zion Joaquín Jordàri. Hondamendia zetorrela ikusirik, lantegiko zuzendaritzak beren gisara molda zitezen utzi zituen langileak, baina haiek ekoizpena beren esku hartu zuten, patuari men egin gabe. Gestioa eramatera eta erabakiak hartzera beharturik, Numaxeko langileek prozesu horretan landu zuten asanblada dinamika erakusten du zehatz-mehatz dokumentalak.

Bartzelonako lantegi bateko langileek 70eko hamarkadaren bukaeran bakean antzeztu zuten krisi horrek oihartzun odoltsuagoa izan zuen Italian hamarkada horretan bertan eta aurrekoan bizi izan ziren grebetan. Toni Negrik, gizarte fabrikaren agerkundera daraman prozesua zela esan zuen:

“Hirurogei eta hamarreko hamarkadan hasi eta 1973ra arte lantegietako borrokak antolatu genituen, borroka zoragarriak, milaka langileen grebak (...); alabaina, kapitala jabetu egin zen borroka horiei zerizkien sormenaz eta adimenaz, hau da, krisiaren hazi eragileaz jabetzea lortu zuen.
(...) gizartea bera ekoizle bihurtzea izan zen kapitalaren erantzuna, hau da, gizartearen ekoizpen ahalmena aitortu zuen”.

 

Maiatzak 6
Joaquín Jordàren Numax hartara itzuli/Volver a Numax hitzaldia
Salbuespen egoera tailerraren barne
Ordua: 19´30etan
Tokia: Arteleku.
Arteleku TV-k zuzeneko erretransmisioa egingo du.
Oharra: Joaquín Jordàren Numax presenta filma proiektatuko dute 21:00etatik aurrera

=

Maiatzak 7
Joaquín Jordàk zuzendutako Lekukotasuna eta trantsizioa. Beste Numax bat sortzea mintegia
Salbuespen egoera tailerraren barne
Ordua: 9´30etatik 13´30ra

iCal
Dokumentu Akzioak