Abenduaren 3a astelehena
17:00-20:00
ARTELEKU, Kristobaldegi 14, DONOSTIA
www.andregoncalves.info / www.addacsystem.com
André Gonçalves Lisboan bizi den media artista da. 2000. urtetik, bere lanak ikusizko arteak, musika, bideoa, instalazioa eta performance-a bezalako alor artistikoak gurutzatzen ditu. Baina bereziki musika elektronikoaren eta soinu-artearen munduetan eman du ezagutzera bere lana. Horren adibide dira, bere bakarkako lanez gain beste hainbat soinu artistekin egindako elkarlanak, Achim Wollscheid, Adriana Sá, Eric La Casa, Marc Behrens edo Phill Niblock bezalako artista esanguratsuekin, soilik gutxi batzuk aipatzearren. Aldiberean bere instalazioak mundu zabaleko hainbat galeria, jaialdi eta museotan aurkeztuak izan dira.
Azken urteotan Gonçalves burubelarri murgildu da sintetizagailu modulareen sorkuntzaren munduan, hortarako, beste lagun batzuekin ADDAC konpainia sortuz. Mundu analogikoa eta digitala nahasiz, plataforma hau sintetizadore hibridoak sortzen ari da, musikari elektroniko belaunaldi berrientzako tresna interesgarri eta berritzaileak eskainiz.
Artelekun egingo duen aurkezpen honetan bere lanaren nondik norakoak azalduko dizkigu, solasaldi lasai baten bidez entzuleen galdera eta jakinminei erantzunez. Ekitaldiaren bigarren zatian bakarkako kontzertua eskainiko du FELTRO egitasmo-ezizenarekin eta aipatu tresnak erabiliz.
[www.audio-lab.org]