Elkarrizketa

[Maider Zilbeti]

Azken urteotan egiletza eredu berriekin esperimentatzean finkatu duzu zure interesa. Feminismoan, eta zehazkiago ziberfeminismoan, nola garatzen dira egiletzaren kontzeptua eta ideia?

[Cornelia Sollfrank]

Lehenengo eta behin, aipatu nahi nuke egiletza, kontzeptu gisa hartua, sormenezko diziplina guztiei aplika dakiekeela; baina artista naizenez, niretzat oso gauza logikoa da neure diziplinaren ikuspegitik abiatzea.

Gaur egungo arte munduari begirada bat egiten badiogu, oraindik ere desberdintasun nabarmena hautematen dugu gizon eta emakume artisten (=egileen) kopuruen artean; ez bakarrik artearen historia markatzen duten erakusketa handietan ordezkatuen artean, baita arrakasta profesional (eta finantzazko) handiena izan duten artisten artean ere. Baztertze horrek arrazoi estrukturalak ditu, eta badu erlaziorik «artea» eta «artista» berez definitzeko tradizioarekin. Arte feministaren historiak ekarpen baliotsua egin du esparru horretan, bere diziplinaren jatorriak aztertzean. Giorgio Vasarik 1550ean «Pintore, eskultore eta arkitekto bikainenen bizitzak» izenburua daraman idatzitako lehen arte historian emakume gutxi batzuk agertzen ziren, baina haien bigarren mailako posizioa erakusteko helburu bakarrarekin. Maike Christadlerrek azaltzen duen moduan, emakume artistak kanpoan geratzen ziren barnean sartze hutsaren bidez. Vasarik printzipio maskulino eta femeninoez eta haiek sorkuntzazko ekintzarekin zuten erlazio «naturalaz» egiten zuen deskribapenak ekarri zuen sormena gauza maskulinotzat jo izatea, eta gainera egiletza zein artelana gizonezkoaren eta «bestea» emakumearen artean bereizketa eginez eratzen da. Egiletza eredu feministez edo ziberfeministez gogoeta egin nahi badugu, lehenbizi historia hori ulertu beharko dugu, eta gero, estrategiak garatzen hasi, emakume sortzailearen paper neketsua islatu, deseraiki eta hari azpijana egiteko.


SOLLFRANK_EU.pdf — PDF document, 244Kb
Document Actions