2005eko irailaren 26tik urriaren 7ra
Arte esparruaren etengabeko lan banaketak esperientzia eta jakintzaren arteko haustura ekarri du eta horren adibide aipagarriena da gero eta distantzia handiagoa dagoela teoriaren eta hainbat aktibismo era dituen praktikaren artean, edo modu nabarmenagoan, komisarioen eta kritikarien artean. Dena dela, badira jarduera eredu zenbait, aukera eskaintzen dutenak gune erdiautonomoak sortzeko ekintzarako eta hausnarketarako, autogestiorako eta diziplina ugari lantzeko, eta jarduera horiekin identitate kolektiboak eratzeko bideak urratzen dituzte.
Tailerraren ardatzetako bat izango da itxuraz erabat aurkakoak diren ereduen arteko haustura antzua gainditzea, hau da, ikerketa ereduaren eta elkarrizketa bidezkoaren arteko haustura, zientifikoaren eta espekulatiboaren artekoa, enpirikoaren eta poetikoaren artekoa, akademiaren eta pentsamenduaren artekoa, testuaren eta testuinguruaren artekoa, estetikaren eta politikaren artekoa eta plangintzaren eta eszenarioen artekoa. Tailerrak hiru ikuspuntu izango ditu: hezkuntza, egoera eta diskurtsoa, eta lan metodoak berebiziko garrantzia izango du horietan.
Alderdi metodologiko horrek diskurtsoen ekoizpen baldintzak nabarmendu nahi ditu ohitura, lokalismo, muga geografiko eta sortzen diren tokien berezitasunetan oinarrituz.
Leku (edo ez-leku) kontzientzia horrek berebiziko garrantzia du testuinguru edo egoera jakin bakoitzari aplikatutako sorkuntzako etorkizuna sendotzeko, elkarren artean hartu-eman estua duten ekoizleen erkidegoa (ez-perfektua) finkatuz.
Ikerketa erkidegoa azken batean ikerleen erkidegoa da, noski, eta erkidego honetan partaideek beren aztergaian erabateko konfiantza izatea nahi da. Informazioa denen eskura egongo da, baina norbanako bakoitza ikerketa pertsonaleko egoera batean zentratuko da. Garatuko den langai bat izango da ezagupenaren eskualdaketa eta bizi-esperientziaren hazkuntza.
Tailerrean bereziki landuko da bat-bateko sorkuntza, eta, orobat, honelako erkidego batek izan dezakeen eraginaren kontzientzia pertsonala eta kolektiboa hartzea. Halaber, ekologia eta etika produktiboak izanda subjektu produktiboak bihurtzeko beharra jarriko da mahai gainean.
Tailerrak hainbat esparrutan lan egiten duten hemengo nahiz nazioarteko artistenlana izango du abiapuntu.
We Rule The School. Elkarrizketak eta ikerketa
bi ataletan dago banatuta:
Mintegi bilerak:barne saioak dira eta izen ematea beharrezkoa da.
Mintzaldiak:edonorentzat zabalik dira.
IZENA EMATEA
Tailerrean parte hartu nahi dutenek izena emateko orria bete eta Artelekura bidali beharko dute 2005eko irailaren 7a baino lehen
. Horrez gain, curriculuma eta eskutitz labur bat ere bidali beharko dute tailerrean parte hartzeko arrazoien berri ematen duena.
Gehienez ere 15 lagun hartuko dira.
Aukeraketa tailerreko koordinatzaileek egingo dute eta aukeratzen diren pertsonei zuzenean jakinaraziko zaie.
Artelekuk ostatua eskainiko die hautatutako pertsonei.