ZINEMA BELARRITIK
by
Xabier Erkizia
—
last modified
2009/06/03
LABO@Tabakalera zine emanaldien katalogotik Zinemaren arkeologoek diote zinema mutua bezala ezagutu genuen hastapenetako arte modu berri hura ez zela itxura batean dirudien bezain isila edo behintzat kontatu diguten bezain mutua. Orduko zeluloideak soinu bandarik ez izateak ez du erran nahi filmeek soinurik etzutenik edo isilik ikusten zirenik. Zinearen haurtzaroan, proiekzio edo emanaldi bakoitzeko musikari, soinugile, narratzaile [...] LABO@Tabakalera zine emanaldien katalogotik Zinemaren arkeologoek diote zinema mutua bezala ezagutu genuen hastapenetako arte modu berri hura ez zela itxura batean dirudien bezain isila edo behintzat kontatu diguten bezain mutua. Orduko zeluloideak soinu bandarik ez izateak ez du erran nahi filmeek soinurik etzutenik edo isilik ikusten zirenik. Zinearen haurtzaroan, proiekzio edo emanaldi bakoitzeko musikari, soinugile, narratzaile baita aktoreei ahotsa zuzenean jartzen zieten langile taldeak mugitzen omen ziren alde batetik bertzera, antzerki taldeen gisan. Garaiko kronikek diote zuzeneko sinkronizazio lan hau hain omen zela zaila filmeak (bertze arrazoi teknologikoekin batera) motzak izatera behartzen zuela, kasu batzuetan gaurko bideoklipen antzerakoak izan arte. Hemerotekek ustezko mututasun hori deusezten duten pista gehiago jartzen dituzte mahai gainean: Soinua, musika eta ahotsa garaiko proiektoreek sortzen zuten zarata ozena tapatzeko erabiltzen omen ziren. Azken finean aurrerapen teknologiko gehienekin gertatzen den bezala, praktikotasunaren, beharraren eta ekonomiaren arteko lehian hartu zuen zinemak soinuaren etorrera. Hortaz ez gaitu harrituko, ikerlariek soinu banda magnetikoa (eta sinkronizagarria) sortzeko aukera eskaini zutenean (ikus Edisonen kinetofonoa eta ondotik etorri ziren zinemafonografo, fonorama, zinefono eta antzeko asmakizunak) zinemagile aunitzek bere desadostasuna erakutsi zutela jakiteak. Haiek, zinemaren sortzaile eta aitzindariak, ziurrenik beraien jarduna argazkilaritza, eskultura edo pinturatik, alegia irudiaren kulturarik hurbilago somatzen zutenak, soinuaren sarrerak ordurarte jorratu hizkuntzan izango zituen behin betiko eraginen beldur ziren eta seguruaski ez zuten arrazoirik falta bertzelakorik pentsatzeko. Horren adibide dira Eisenstein, Pudovkin eta Alexandrov zuzendari errusiarrek zinemaren muntaiaren garrantzia defendatuz idatzi zuten “Soinudun zinemaren manifestua” (1928) edo Chaplinek behin baino gehiagotan publikoki aditzera eman zituen soinuaren erabileraren kontrako iritziak. Halaere bai batzuek nahiz bertzeek musika eta soinua erabili zuten beraien filme eta emanaldi aunitzetan, kontu eta errezelo haundiz beharbada baina aldiberean bi zentzumenen artean erlazio sakon eta interesgarriak bilatuz eta lortuz. Modu berean, hainbat urte beranduago zinemaren bide berriak ikertzen ibili ziren zenbait sortzailek ere soinuari uko egiteko erabakia hartu zuten, eta paradoxikoki, beharbada nahi gabe, musika egiten bukatu: ikusteko musika. Zentzu honetan inork ez dio ukatuko adibidez Stan Brakhagen edo Sistiagaren filmeei musikaltasunik, iruditan urtutako musikaz elikatzen baitira beraien filmak. Eta horren adibide garbienak sortzaile hauek musikaren edo soinuaren erabilera beraien lanetan txertatzeko ahalegina egin izan dutenean topatuko ditugu. Aipatu bi kasuetan erraterako, filmeak erredundante bihurtzen dira soinua gehitzerakoan. Irudiek indarra, mugimendua galtzen dute; neurri batean berezko musika galtzen dutela erran dezakegu. Adibide guzti hauek eta aipatu gabe gelditzen diren bertze aunitzek gutxienez zalantzan jartzen dituzte historikoki soinua zinearen diskurtsoaren barnean onartzeak ekarri dituen arazoak, zoritxarrez honen eboluzioan eragin nabarmenegiak eduki dituztenak eta ikusmenaren eta entzumenaren arteko banaketa ekarri edo areagotu izan dutenak. Kontrako ariketei, alegia soinua irudiei gailentzen zaien pelikulen kasuei bistadatxo bat emateak bi zentzumenen arteko trauma eta arazo hauen ikuspegi desberdin bat eskaintzen digu, beharbada argigarri izan daitekena. 1930ean Walter Ruttman zuzendariak irudirik gabeko (tira, pantaila beltzeko) “Week-end” filmea aurkeztu zuenean, kolpe batean zinearen definizio klasikoa zalantzan jarri zuen. Beldurrik gabe, musika konkretuaren eta akusmatikaren asmakuntzari ia 30 urteko urteko aldea hartuz alemaniar honek “Cinema pour oreilles” edo belarrietarako zinemaren aroa abiatu zuela erran dezakegu. Baina emaitza artistikoaren bikaintasunaz gain, Ruttmanen ariketaren ondorio ederrena proposatu zuen zalantzan dago: Irudirik gabeko film bat zergatik da film eta ez musika edo soinu konposizio? eta areago, zerk egiten du filma bat film? Termino eta definizio korapilotsuetan galdu gabe eta aipatu adibideen ondorioz zilegi da erratea, narrazioak, kontatzeko moduak egiten duela filma eta ez soilik irudiak, soinuak edo beraien izaerak. Agerikoa da hauek ere ezinbestean eragiten diotela kontatzeko modu horri, baina oinarrizko lanabes izanik ere, berriz banaketara eramaten gaituzten muga formalen arriskuak ekartzen dizkigute gogora. Clermont Ferrand jaialdiko Labo sailak irudikatzen duen nazioarteko zinema berriak, gaurkoak, ez du banaketa horietan bilatzen bere izaera justifikatzeko aitzakia. Gaurko zinea literaturarekin eta ondorioz, ahotsaren erabilerarekin, hitzarekin, narrazio horizontalarekin eta arrazoiarekin duen erlazioa zalantzan jartzeko gai da, horrek istorioak eta gertaerak kontatzeko bide berriak eskaintzen badizkio. Musika diegetikoaren eta ezdiegetikoaren edo zuzeneko soinuaren eta konposizio musikalaren artean ez du desberdintasunik onartzen. Tresneri digitala naturaltasunez erabiltzerakoan audioaren edizio sistema eta teknikak bere egin ditu, ikusmenaren eta entzumenaren arteko desberdintasunak azpimarratu beharrean, hauetaz profitatuz. Gaurko zineak ikusentzunezkoa den hori bere ugaritasunean besarkatzen du, bideoklipa, bideojokua, dokumentaria, bideo-artea, animazioa, telebista edo soinuaren eta irudiaren arteko erlazioak zabaldu dituzten bertzelako aldaerak maila berean, ia instintiboki bere diskurtsoan txertatuz. Bideoklipak dokumentari bihurtzen dira, bideojokuen ikuspegi subjetiboa zeluloideko aktore bilakatzen da, irudien muntaiek musika konposizio itxura hartzen dute eta soinu paisaiek irudiak marrazten dituzte. Hori zinea ote den edo ez erabakitzea bertze kontu bat da eta norberak bere usteen edo aurreiritzien araberako erantzuna izanen du. Baina amaigabeko eta seguruaski zentzu haundirik gabeko korapilo batean sartu behar izan gabe, jatorrizko definizioa bihurtzen da zilegi den bakarra, eta harek zinema mugimendua dela dio, kinesis, mugimendua, espazioa, soinua. Beraz, soilik ikusiz entzun eta entzunez ikusiko dugun momentuan izanen gara zinema zer den ulertzeko gai. Eta Labo saila osatzen duten filmeek aukera paregabea eskaintzen dute hortarako. Xabier Erkizia
Source available
here
|