Habsburgotarren erorketak eraginda (Frantzisko Josef zen orduko errege eta enperadore), bazirudien kolokan jarri zela, hondoratzear zegoela, mundu oso bat, ordura arte goxo eta seguru bizi zena eta, itxuraz behintzat, lurraldea (topos) erabat segurtatua zuena. Segurtasunik gabeko egeora labainkor horrek akuilaturik, beste oinarri bat bilatu zuten, beste hizkuntza batzuk, artearen eta jakintzaren alor guztiak halako lurzoru intelektual sendo batez hornitzeko asmoz, eta orduan, “gizateriaren azken egun haietan” Karl Krausek esaten zuen bezala, jalgi zen inoiz sortu den talderik bizkorrena. Garai-giltzarri hura, Robert Musilen arabera “Cacania” zena, “mundu modernoaren eredu", izen handien topaleku bilakatu zen. Zerrenda agortzeko asmorik gabe, aipa ditzadan haietako bakar batzuk: Freud, Wittgenstein, Mahler, Schoenberg, Musil Hofmannsthal, Broch, Loos, Klimt, Egon Schiele, Kokoschka, Adler, Otto Bauer eta Boltzmann. Pertsonaia horiek beren aztarna utzi zuten, aztarna berriztatzailea, nork bere jardunean: psikologian, musikan, filosofian, zientzietan, arkitekturan, pintura eta, nola ez, literaturan.
Hiltzear dagoen gizarte baten etsipen-giro hartan, amildegiaren sentipenak sorkuntzarik eroena piztu zuen. Egoera hura barren-barrenetik islatzen dute, irakurtzea proposatu dizuegun idazleek. Obrak aukeratzean, alde batera utzi ditut memoria-eskakizuneko batzuk (bereziki, alor horren eredugarri diren bi obra: Juventud en Viena, Arthur Schnitzlerek idatzia; eta El mundo de ayer, Stefan Zweigek idatzia). Izan ere, obra horiek direla-eta eragozpen gehiago izango genituzke “berriketan jarduteko", eta gure irakurketa jardunean gerta zitekeen egileen alderdi pertsonalak gailentzea. Hori guztia kontuan harturik aukeratu ditut segidako eleberriak, egoera hartaz ari direnez eta, zinez, egoera hura trebeziaz islatzen dutenez.
Izena emateko epea: Martxoak 19. Izena emateko bidali zure ize-abizenak eta telefono zenbakia arteleku@gipuzkoa.net helbidera
Irakurgaiak:
Martxoak 25: Robert Musil, Las tribulaciones del estudiante Törless
Apirilak 22: Joseph Roth, La marcha Radetzky o La cripta de los capuchinos
Maiatzak 20: Arthur Schnitzler, Relato soñado
Ekainak 17: Stefan Zweig, Impaciencia del corazón
Liburu horietakoren bat ezin bada eskuratu (agortuta dagoelako edo beste arrazoi batengatik), Hermann Brochen La muerte de Virgilio aukeratuko genuke.
Saioak Artelekuko Dokumentazio Zentroan egingo ditugu, arratsaldeko 19:00etan.
Irakurketa taldea gazteleraz aurrera eramango da.