59 Sekuentziak eta pasarteak

Zehar #59

59 Sekuentziak eta pasarteak

Zeri deituko diogu, zehazki, zinema, hemendik aurrera? Galdera horixe egin zion bere buruari Erik Bullot-ek, zinemaren eta arte garaikidearen arteko lotura azaltzean. Galdera horri diziplinen araberako ohiko sailkapenaren zorroztasunetik abiatuta erantzungo bagenio, zinemaren etorkizun zalantzazkoaz kezkatzeko moduan izango ginateke; baina, aldiz, etorkizunera baikor begiratu ahal izango dugu, artetik edo arte bisualetik abiatuta erantzuten badiogu, diziplina hibrido horretatik abiatuta erantzuten badiogu, aspalditik beste jakintza eta jarduera batzuk kutsatuta dagoen diziplina horretatik abiatuta erantzuten badiogu. Litekeena da agian gaur erantzunarekiko interesik ez izatea; baina formulazioan bilduta dago gaur egun irudi mugikorrak duen aldaketarako potentziala.

 

Edonola ere, aldaketa hori hasita zegoen bideo kamera iritsi zenerako. Artistak, haren potentzialaz jabetuta, tresna berri hura era politikoan erabili nahi izan zuen, eta kamera digitalarekin berebiziko astinaldia bihurtu zen hura aurreikusi zuen: amateur izatearen eta profesional izatearen arteko mugak, analogikoaren eta digitalaren arteko mugak, fikzioaren edo dokumentalaren arteko mugak zinematografiaren kategoriaz harago zabaldu dira, eta gertaleku berri bat planteatu dute. Gaur egun, ohikoa da museoetako aretoetan instalazioak ikustea; instalazio horietan, hainbat proiektoretako irudiek bat egiten dute, irudiek dagoeneko ez diote erantzuten zinemak hain ongi erakutsi digun kontakizun lineal baten hurrenkerari, baizik eta serieari, muntaia eskema ez-lineal bati. “Haustura eraikitzaile” horiek kontakizun handien ezintasunaz ohartarazten gaituzte, baina, era berean, jarduera ildo berriak ere eskaintzen dizkigute, apalagoak, baina ez horregatik sormenari dagokionez hutsalagoak.

 

“Objektu partzialen aroan gaude, adreiluen, hondarraren edo hondakinen aroan. Jada ez dugu sinesten zati faltsu horietan; aspaldiko estatuaren zatiekin gertatzen den bezala, unitatea —bide batez, jatorrizko unitatea— osatzeko berriro elkartu eta itsats ditzaten zain dauden zati horietan”, zioten Deleuzek eta Guattarik, El Anti Edipo obran. Esaldi hori editatzeko software batez idatzi izan balute bezala da. Aurrez beste unitate bat osa zezaketen eta, aldi berean, forma berri batzuk osatu ahal izango dituzten zatietatik abiatuta osotasun bat eraikitzeko aukera ematen digun tresna horren bidez. Esperimentatzen jarraitzea da kontua, eta bisualki zuzena den horretara ez jartzea.


zehar59_eu.pdf — PDF document, 1658Kb
Acciones de Documento