59 Sekuentziak eta pasarteak

Zehar #59

59 Sekuentziak eta pasarteak

Zeri deituko diogu, zehazki, zinema, hemendik aurrera? Galdera horixe egin zion bere buruari Erik Bullot-ek, zinemaren eta arte garaikidearen arteko lotura azaltzean. Galdera horri diziplinen araberako ohiko sailkapenaren zorroztasunetik abiatuta erantzungo bagenio, zinemaren etorkizun zalantzazkoaz kezkatzeko moduan izango ginateke; baina, aldiz, etorkizunera baikor begiratu ahal izango dugu, artetik edo arte bisualetik abiatuta erantzuten badiogu, diziplina hibrido horretatik abiatuta erantzuten badiogu, aspalditik beste jakintza eta jarduera batzuk kutsatuta dagoen diziplina horretatik abiatuta erantzuten badiogu. Litekeena da agian gaur erantzunarekiko interesik ez izatea; baina formulazioan bilduta dago gaur egun irudi mugikorrak duen aldaketarako potentziala.

 

Edonola ere, aldaketa hori hasita zegoen bideo kamera iritsi zenerako. Artistak, haren potentzialaz jabetuta, tresna berri hura era politikoan erabili nahi izan zuen, eta kamera digitalarekin berebiziko astinaldia bihurtu zen hura aurreikusi zuen: amateur izatearen eta profesional izatearen arteko mugak, analogikoaren eta digitalaren arteko mugak, fikzioaren edo dokumentalaren arteko mugak zinematografiaren kategoriaz harago zabaldu dira, eta gertaleku berri bat planteatu dute. Gaur egun, ohikoa da museoetako aretoetan instalazioak ikustea; instalazio horietan, hainbat proiektoretako irudiek bat egiten dute, irudiek dagoeneko ez diote erantzuten zinemak hain ongi erakutsi digun kontakizun lineal baten hurrenkerari, baizik eta serieari, muntaia eskema ez-lineal bati. “Haustura eraikitzaile” horiek kontakizun handien ezintasunaz ohartarazten gaituzte, baina, era berean, jarduera ildo berriak ere eskaintzen dizkigute, apalagoak, baina ez horregatik sormenari dagokionez hutsalagoak.

 

“Objektu partzialen aroan gaude, adreiluen, hondarraren edo hondakinen aroan. Jada ez dugu sinesten zati faltsu horietan; aspaldiko estatuaren zatiekin gertatzen den bezala, unitatea —bide batez, jatorrizko unitatea— osatzeko berriro elkartu eta itsats ditzaten zain dauden zati horietan”, zioten Deleuzek eta Guattarik, El Anti Edipo obran. Esaldi hori editatzeko software batez idatzi izan balute bezala da. Aurrez beste unitate bat osa zezaketen eta, aldi berean, forma berri batzuk osatu ahal izango dituzten zatietatik abiatuta osotasun bat eraikitzeko aukera ematen digun tresna horren bidez. Esperimentatzen jarraitzea da kontua, eta bisualki zuzena den horretara ez jartzea.


zehar59_eu.pdf — PDF document, 1658Kb

naia

Spivak, edo agindupekoaren ahotsa. Neus Carbonell

Gayatri Chakravorty Spivak gaur egungo pentsamenduan eragin handiena duen teorilarietako bat dela uste da. 1942an Kalkutan jaioa, Estatu Batuetara joan zen hirurogeiko hamarkadaren erdian, Literatura Konparatzailean doktoretza egiteko. Geroztik, bere ibilbide akademiko sendoak gaur egun dauden ahots kritiko ezagunenetako bat bihurtu du. Interes eta eragin sorta handi bat da haren lanaren ezaugarri, besteak beste dekonstrukzioa, feminismoa, psikoanalisia eta pedagogia, nahiz eta azterketa postkolonialen esparruan agertu haren eragin nabarmenena. Spivaken lanari heterogeneo eta fragmentario esan izan zaio. Heterogeneo bai haren interesetan, bai berez desberdina eta homogeneizatu ezina den errealitate postkolonial baten defentsan. Fragmentarioa, haren lanak, dekonstrukzioaren eta psikoanalisiaren zordun, aurre egiten diolako irudikapen total eta totalizatzaile baten aukerari.


Carbonell_eu.pdf — PDF document, 101Kb

naia

Neguko jostailuak. Begoña Vicario

Zein arrazoigatik erabakitzen du pertsona batek animazioan aritzea?
Nola garatzen eta gauzatzen du bere lana?
Non dago zinearen, animazioaren eta artearen arteko muga?


Besteak beste, galdera horiek egiten ditu Begoña Vicariok bere lagun eta lankide den Isabel Hergueraren ibilbide profesionala aztertzen duenean.


Vicario_eu.pdf — PDF document, 87Kb

naia

Harun Farocki/Irudien (zirkun)boluzioa: Schnittstelle (Interfaz) instalazioaren inguruan. Christa Blümlinger

Zinema egile bat nola iristen da museoinstalazio arte formara? Farocki film egile gogaide talde txiki baina gailen bateko kidea da. Beren instalazioetan, Chris Marker, Chantal Akerman, Raúl Ruiz edo Peter Greenaway bezalakoak, zeinen filmek modu errotiko berean eztabaidatzen baitute hitzaren eta irudiaren arteko erlazioaz, antzeko ikerketak ari dira egiten beraien irudiez edo taldeko besteenez, eta zinemaren metamorfosien berri eszenikoki ematen du ikus-entzunezko aparatu berrien bidez.


Blumlinger_eu.pdf — PDF document, 116Kb

naia

Up-tight metodologia. Miren Jaio

Jarraian, Iñaki Garmendiaren bi bideoren deskribapen formal bat dator, azalpen oharrekin batera.


Jaio_eu.pdf — PDF document, 101Kb

naia

Making of-a langai gisa (Ekoizpenaz, banaketaz eta hedapenaz). Arturo, Fito Rodríguez Bornaetxea

Rodríguez Fundazioak azken urteotan landu dituen Artea eta elektrizitatea eta Tester proiektuetatik ateratako esperientzietan barrena ibilbide bat egiten du egileak. Testuan lan prozesuari eta goian aipatutako proiektuen hedapenari buruzko hausnarketa egiten du, eta oro har kultura garaikidearen ekoizpenari aplika dakizkion gaiak aztertzen ditu.


Rodriguez_eu.pdf — PDF document, 87Kb

naia

Gaur-gaurko musika versus musika esperimentala*. Iban Urizar

FORUM. Soinu ekoizpenaren eta [UN]COMMON SOUNDS proiektuaren inguruan sortzen ari diren eztabaiden zabalkunderako behin-behineko gunea.


Urizar_eu.pdf — PDF document, 82Kb

naia

Musika, bikaintasunerako gonbidapena*. Carmen Pardo

FORUM. Elkarrizketa hau 2006ko otsailaren 15ean Madrilen Daniel Charles-ek (DC) eta Carmen Pardok (CP) izandako solasetik ateratako zati bat da. Bertan aztertzen dira, sotiltasun eta sakontasunez, filosofiaren eta musikaren arteko erlazioak, John Cagek musikaz zuen ideia, bikaintasunerako —zentzu budistan— gonbidapena den aldetik, emozioetatik urruntzea den aldetik, eta Nietzschek musikaz zuen pentsamenduarekin duen harremana eta desberdintasuna, eta arakatzen du orobat, beste hainbat eta hainbat auziren artean, soinua birdefinitzearen arazoa, Deleuzeren ekarpenen argira.


Pardo_eu.pdf — PDF document, 116Kb

naia

Smile Machines. María Morata

transmediale.06
Akademie der Künste, Berlin
2006ko otsailaren 3tik martxoaren 19ra


Robot atsegin eta ezerez batek baldarki erreakzionatzen du ikusleen aurrean, laztan bila ariko balitz bezala. Beste bat urduritzen hasten da inor laguntzen ahalegintzen zaionean, eta mugikor mekaniko eta kalamastra batek, eguneroko objektuez egina, hondakin-materiala mugitu eta tokiz aldatzen du. Petit mal, Simon Penny-rena, Helpless Robot, Norman White-rena, edo Remue-ménage, Jean-Pierre Gauthier-ena dira artearen historialari eta Paris I unibertsitateko irakasle Anne-Marie Duguet komisariotzat zuen Smile Machines erakusketarako ikustaldian ikusleek topatu zituzten obretako batzuk; erakusketa joan den otsailean zabaldu zuten Berlinen, transmediale.06. festival for art and digital culture delakoaren barnean.


Morata_eu.pdf — PDF document, 83Kb
Dokumentu Akzioak