Feminismoaren mutazioak

ARTELEKUN ospaturiko mintegia

Sarrera

DESACUERDOS. FEMINISMOAREN MUTAZIOAK: GENEALOGIAK ETA PRAKTIKA ARTISTIKOA MINTEGIA, Donostia 05/04/04-23


Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak: genealogiak eta praktika artistikoa mintegia apirilaren 4tik 23 arte egin zen Artelekun Desacuerdos. Arteak, politikak eta esfera publikoa estatu espainiarrean proiektuaren barruan. Mintegia Mª José Belbel, Erreakzioa-Reacción (Estibaliz Sádaba eta Azucena Vieites) eta Beatriz Preciadok koordinatu zuten.

Lengoaia eta praktika feministen eraldaketak azken hogeita hamar urteetan baldintza historiko eta politikoetan izan diren aldaketen bidez ulertu ahal izateko, gaur egun feminismoak duen urgentzia politikoaren ikuspegitik galderak egittea izan zen mintegiaren helburuetariko bat. Horretarako, tradizio feministetara itzuliko ziren, egungo galderetatik abiatuta. Feminismoak kritika postkolonialarekin, transgenero politikekin, eta Drag King maskulinotasunaren performanceekin dituen mugetara jo zuten.

Han gertatutako guztiaren jarraipena egin zuen ArtelekuTV-ak.

--------------------------------

Empar Pineda

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/05


Empar Pineda ekintzaile feministak, bere hitzaldia hasteko, esan zuen badirudiela azkenaldian Espainiako feminismoaz fenomeno berri bat izango balitz bezala hitz egiten duten ahotsak nabarmen ugaritu direla. Era berean komentatu zuen feministen eta lesbianen arteko arazoek garrantzia izan zutela mugimendu feministaren historiaren bilakaeran, baina ez zirela esaten den bezain jarraituak izan. “Ez da egia, eta gure tradizioaz harro egon beharko genukeela iruditzen zait. Ezinezkoa da feministek eta lesbianek bizi izan ditugun urte zailak ezkutatzea”, esan zuen. Desadostasunak. Feminismoaren Mutazioak izeneko mintegian estatu espainiarreko mugimendu feministak bere garapenean bizitako une garrantzitsuenak eta gay eta lesbiana elkarteekin izan duen harremana azaldu zituen.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

-------------------------------

Cristina Garaizabal

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/05


Cristina Garaizabal psikologo eta Hetaira kolektiboaren fundatzaileetariko batek aurkeztu zuen Feminismoaren Mutazioak mintegiko bere parte-hartzean zehar talde horrek 1995az geroztik sexuko langileen giza eskubideen defentsan egiten duen lana. Gainera, Cristina Garaizabal saiatu zen adierazten gai horrek ez diela sexuaren industrian lan egiten duten pertsonei eragiten, sexu-arrazoiengatik diskriminatzen diren gizon eta emakume guztien gauza dela baizik.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

-------------------------------

Miren Jaio

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak mintegia
05/04/05



Miren Jaio arte kritikariak Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak mintegiaren barruan eskaini zuen hitzaldiak euskal emakume artistek 1995-2005 epean bizi izan zuten testuinguruaren analisia egitea zuen helburua. Azterketa hori burutzeko, hamarkada horretan euskal emakume artisten eboluzioa baldintzatu zuten hiru fenomeno aipatu zituen: feminismoaren eragina, mitoaren presentzia eta 90. hamarkadan arte munduak bizi izan zituen aldaketak.

-------------------------------

Adelina Moya

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/06


Ikertzaile eta Artearen Historiako irakasle den Adelina Moyak, Desadostasunak. Feminismoaren Mutazioak mintegiaren barruan eman zuen hitzaldiak Abangoardiako emakume artisten lana izan zuen oinarri. Maria Blanchard, Ángeles Santos, Remedios Varo, Maruja Mallo eta Maria Paz Jimenezen bizitza eta lanari buruz mintzatu zen eta "erbesteratzea" edo "atzerriratzea" bezalako terminoek beraiek kokatzen laguntzen digutela azaldu zuen.

-------------------------------

Begoña Hernández

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/19



Begoña Hernández abokatu eta artistak Desadostasunak. Feminismoaren mutazioak mintegiaren barruan bere hitzaldian artistak, irudi-sortzaileak, lan-zuzenbidearen oinarriak ezagutzeko beharra defendatu zuen, horrela baldintza hobeak eskatu eta euren eskubideak erabili ahal izateko. Begoña Hernándezek adibide gisa garbiketaren sektorea aipatu zuen, “Duela 20 urte pentsaezina zen garbiketaren sektoreak hitzarmen kolektibo bat izan zezakeela, eta orain beste sektore askok baina baldintza hobeak dituzte. Sektorea antolatu egin zen eta aurrera egin ahal izan zuten. Guk duela 150 urteko baldintza beretan jarraitzen dugu, bizi dugun egoera ez da bidezkoa. Gauza interesgarriak sortzeko lan-baldintza egokiak izatea beharrezkoa da”. Beharrezkoa da artistek gai horretan esku hartzea eta euren jarduera nola arautu daitekeen proposatzea.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

----------------------------

Laurence Rassel

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/21


Laurence Rassel ziberfeminista eta Constant kolektiboko kide denak Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak mintegiaren barruan eskaini zuen hitzaldian azaldu zuenez, feminismoa eguneroko zereginetan erabiltzen ditugun kontzeptu eta tresna guztietan aplikatu behar da. Zalantzan jarri behar diren gai ugarien artean daude egile eskubideak eta horiek babesten dituzten lizentzia desberdinak. Laurence Rasselek adierazi zuen lan egiteko erabiltzen dituen mekanismoak zalantzan jartzeagatiko eta horien funtzionamendua ezagutzeagatiko arduraren ondorioz software librea erabiltzearen aldeko aukera egin duela. Mota horretako softwareak egikaritzea eta erabiltzeaz, bere funtzionamendua aztertu eta iturri kodea ezagutzeaz gain, bere prestazioak hobetu eta libreki banatzeko aukera ematen baitu. “Doako tresnak behar ditugu, irekiak, ikaskuntza kolektiboa errazten dutenak eta egituretatik kanpo daudenak. Tresnen eta, ondorioz, makinarekin egiten dugun gure lana definitzen duten arauen jabe izan behar dugu, edo gutxienez izateko aukera eduki behar dugu” esan zuen.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

----------------------------------------------------

Juanita Díaz-Cotto

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
2005/4/9


Juanita Díaz-Cottok, State University of New York-en Feminismoa eta Ikasketa Latinoamerikarreko irakasleak, bere hitzaldian Latinoamerikako mugimendu feministaren garapenari eta mugimendu horretan feministen parte-hartzeari buruz hitz egin zuen, adieraziz “gai zaila zela” hainbat aldaera dituela eta. Orain arte, Latinoamerikan emakume feministen bederatzi bilera ospatu dira eta lesbianenak, bost. Bilera horiek ezinbesteko garrantzia izan dute, izan ere, besteak beste, hainbat herrialdetan lesbiana talde berriak sortzea bultzatzeko balio izan du. Juanita Díaz-Cottoren iritziz, taldeak ugaritze horrek finantza-entitateentzat eta beste botere-esparru batzuentzat “arriskutsu” bihurtu du mugimendu feminista, zapaldutako emakumeak, herri- eta maila ertaineko sektoreak antolatzen baititu; “Arriskutsuak gara gu geure kasa eta inork agindu gabe antolatzen hasi garelako”, baieztatu zuen.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

--------------------------------------------------

Asamblea de Mujeres de Granada

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
2005/4/14


Granadako Emakumeen Asanbladako (GEA) kideek Desadostasunak. Feminismoaren mutazioak izeneko mintegian emandako hitzaldian, beren taldearen 30 urteko historiaren atzerabegirakoa eskaini zuten eta espainiar Estatuko mugimendu feministaren baitatik beraiek bizitako esperientzia eta beren lana bistara jartzeko aurrera eramandako borroka azaldu zituzten. Azken hiru hamarkadatan eginiko bidea aztertu ostean zera adierazi zuten, “Granadako Emakumeen Asanbladan era askotako emakumeak bildu dira. Emakume arteko eta emakume eta gizon arteko erlazioen gaineko bestelako begirada bat eskaintzen ahalegindu gara. Topagune bat izan gara eta izaten jarraitu nahi dugu, zentzua duelako guretzat oraindik orain, salatzea gizonaren aldean azpiratuta uzten gaituen sexu/genero sistema. Mundu bidezkoago bat nahi dugu, etorkizun bat izango duen planeta eta elkarrekin banatzeko beste balio batzuk”.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

---------------------------------------------------

Susana Blas

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
2005/4/12


Arte Garaikideko historialari eta ikus-entzunezko sorkuntzan aditua den Susana Blasek Desadostasunak. Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak mintegiko partehartzean bere azken ikerketan lantzen ari den ideia batzuk aurkeztu zituen, ikerketa horrek Espainiako Estatuan bideoarekin lan egiten duten emakumeengan jartzen du arreta.

Susana Blas bere ikerketan lantzen ari den tesi nagusia da askotan AEBetako bideo-sorkuntzaren garapenaren eta praktika horrek Espainian izan duenaren artean ezartzen den paralelismoa ez dela egokia. Nahiz eta zenbait sortzaile anglosaxoiekin kronologikoki bat etorri diren, Espainiako Estatutako bideo artista gehienen lana ez da bideo-sorkuntza AEBetan izan dituen aldiekin bat etortzen. Horregatik, beharrezkoa da emakumezko errealizadoreen lana indibidualki ikertzea, bai eta lan espezifikoek artista bakoitzaren ibilbidearen barruan dituzten ezaugarri bereziengatik aztertzea ere.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

--------------------------------------------------

Medeak

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/13



Desadostasunak. Feminismoaren mutazioak izeneko mintegian taldeko partaide diren Josebe Iturrioz, Ana Txurruka eta Aurora Iturrioz Medeak-eko kideek kolektibo horren historia eta burutzen duen lanaren inguruko argibideak eskaini zituzten

Azaldu zutenez, Medeak taldearen historia Plazandreok plataformari lotuta dago. Taldea sortu aurretik, kide batzuk Plazandreok plataformako militanteak ziren. Kordoban 2000 urtean egin ziren Jardunaldi feministetatik itzultzearekin batera, ohartuak ziren emakume gazteentzako topagune berriak sortzeko, beste era batean lan egiteko eta kalerako jauzia emateko beharraz eta nahitaezkoa bihurtu zen Plazandreok plataformak jarraitzen zuen lan dinamika haustea eta bestelako gauzei ekitea.

Medeak taldeak begiz jotako helburuetako bat zen kaleko ekintza zuzenak burutzea, kalea hartzea eta beren lana bistaratzea; hau da, beren esanetan: “kalean egin nahi genuen politika eta kalean landu gure intereseko gaiak: gorputza, anorexia… Gai horiei buruzko gure diskurtsoa zein den kalean agertu, jendearekin modu zuzenean eta garbian komunikatuz”. Eta bururatu zitzaien antzerkia izan zitekeela horretarako irtenbide egokia. Antzerkiak, errebindikazio politikoak eta artea bat eginda aurkezteko aukera emango zien. Artea eta politika bateratzeari esker, mugimendu feministarekin zerikusirik ez zeukaten hainbat emakume artista taldean sartu eta elkarrekin lanean hasi ziren.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

----------------------------------------------------

Cabello/Carceller

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/9


Helena Cabello eta Ana Carcellerrek, Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak mintegiko egitarauaren barruan, beren lanen hautaketa bat aurkeztu zuten, lanak hobeto ulertzeko argibideak eskaintzearren. Beren parte-hartzeari hasiera eman zioten bi bideo proiektatuz, Bollos 1996. urtekoa, eta Instrucciones de uso, 2004. urtekoa, denboran bata bestetik urruti dauden lanak izan arren, bien arte-jardunaren bilakaera ikusteko balio dutenak.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

--------------------------------------------------

Diane Torr

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/16


Diane Torr diziplina askotako artista eta Drag King kulturaren aitzindariak Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak mintegian izandako parte-hartzean, bere lana kontestualizatzen saiatu zen, gizarte- eta erresistentzia-mugimenduen historiaren barruan. «Ekintzaile feminista naiz 1968. urteaz geroztik; artean sinistuta nengoen, eta gaur egun ere bai, gizabanakoek aldaketa iraultzailea egin dezaketela gizartean, eta ideia horiek eragina izan dute nigan, hala nire eguneroko bizitzan, nola nire arte-ibilbidean», baieztatu zuen Diane Torrek. Ikasketak Ingalaterran egin zituen, eta 1976. urtean New Yorkera aldatu zen, nazioarteko artista gisa karrera egiteko asmoz. Egunez, idazkari lanetan aritzen zen, eta gauez gogo dancer gisa. «New Yorkek garai hartan legerik gabeko hiria zirudien, bertara jende asko iristen baitzen beste leku batzuetatik, gauzak egiteko beste era bat aurkitu nahian. Inon moldatzen ez ginenok New Yorkera joaten ginen, eta bizirik irauten saiatzen ginen», adierazi zuen.

Arteleku TVk eginikoerreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

---------------------------------------------------

Carme Nogueira

Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak
05/04/13


Desacuerdos. Feminismoaren mutazioak izeneko mintegian, Carme Nogueira artistak bere liburuan (doktoretza-tesia) landutako zenbait ideia aurkeztu zuen. Liburuaren izenburua: La representación como puesta en escena: para una teoría de la mirada (2001). Azterlan horretan, antzezpenaren testuinguruko harremanak azpimarratu zituen Carme Nogueirak, betiere interpretazioak egiteko tokitzat hartuta, antzezpenean ekintza-ikuslearen arteko harremanen funtsa den aldetik. Ondoren, haren artearen zenbait adibide erakutsi zituen.

Arteleku TVk eginiko erreportajearen barruan ikusentzunezko grabazioa ere ikusgai dago.

Document Actions
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. naia. (2009, julio 22). Feminismoaren mutazioak. Retrieved noviembre 22, 2024, from Arteleku.net Web site: http://old.arteleku.net/arteleku/argitalpenak/bildumak/feminismoak/mintegiak/feminismoaren-mutazioak. This work is licensed under a Creative Commons License. Creative Commons License