Koordinazioa: Rosa Olivares
Data: maiatzaren 9tik 11ra
Ordua: 19:00etan
Lekua: Koldo Mitxelena Kulturunea. Areto nagusia
Babeslea: Fundación Centro Ordoñez-Falcón de Fotografía (COFF)
Nolanahi ere, argazkigintzaren historia laburrean ikusi dugunez, lengoaia bisual hori norabide edo helmuga desberdinetara aldendu izan da maiz, hasi alemaniar objektibotasun berritik eta iparramerikar irudi zuzeneraino. Argazkilari berriak arte ederren eskoletan trebatzen dira, eta artista izan nahi dute, ez fotokazetari, ez dokumentalista. Azken urte hauetan, ordea, argazkigintzaren ezaugarri desberdin horiek elkarrekin topo eginda ageri dira ostera hainbat artistaren obretan; artista horiek irudiaren mundutik, literaturan sustrai sendoak dituen kultura batetik eta beren gizarteen ezagutza sakonetik abiatzen dira, baina erakarmen bisual handiko obrak egiten dituzte aldi berean. Hala, haien obrak artelantzat hartzen dira eta halaxe dabiltza arte sareen bideetan barrena, baina kontzeptu nagusia egoera, une eta tokien dokumentazioa dute. Orobat, esparru bisualean dokumentuaren ideia eta eginkizuna artelanaren formatura dakarten joera hauek aldarazten ari dira, mailaz maila, fotokazetaritza eta dokumentazio fotografiko tradizionalaren ezaugarriak.
Dokumentazioaren faktorea gaur egungo argazkigintzan izaten ari den lekuari buruzko hitzaldi-ziklo hau egokiera polita izan daiteke gai hau ikusizko sorkuntza garaikidearen ikuspegitik aztertzeko, argazkigintzako artean diren joeretan zer eragin izaten ari den ikusteko eta, halaber, hedabideetan eta fotokazetaritzan gaur lantzen den argazkigintza dokumentala, errealismotik urrunduz eta sinbolismora gerturatuz, nondik nora bilakatzen ari den antzemateko.
Hautapen horretan dauzkagu, batetik, nazioarteko aitorpena jaso duen gonbidatu teoriko bat, Carles Guerra, eta, bestetik, beren lanarengatik arte plastikoen munduan oso onartuak diren artistak, nazioarteko sariak irabazitakoak eta arte-zentro nagusienetan erakusketak egiten dituztenak, eta beren herrialdeetako eskola eta unibertsitateetan irakasten dutenak, gai honetaz eta antzekoez hitzaldiak eman eta testuak idazteaz gain. Beren lanarengatik denei aitortzen zaie gaur egungo argazki artearen eredu direla. Ikusizko formatu kontzeptualagoak eta sinbolikoagoak hartzen dituzten premisa eta kontzeptu dokumentaletan oinarritzen dira, irudiaren edertasuna eta misterioa funtsezko osagai bihurtzeko.
Hitzaldi irekiak
Moderatzailea: Rosa Olivares
Ordua: 19:00etan
Maiatzaren 9a: Carles Guerra
Maiatzaren 10a: Cristina García Rodero / José Manuel Navia
Maiatzaren 11: Begoña Zubero / Anna Fox
*Anna Fox-en hitzaldia kantzelatua izan da