Data: Martxoaren 11tik 15era
Ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, (partehartzeileekin adosteko).
Izen ematea: Martxoaren 8rarte. jeleton@jeleton.com.
Parte-hartzaile-kopurua: Ez mugatuta.
Deialdia:
Martxoaren 11tik 15era ekintza hibrido bat aurkeztu nahi dugu Artelekun, zehazki, erakusketa eta tailerra elkartzen dituen eta “produkzio topaketa” deitzen diogun ekintza bat. Bost egun horietan “Paris Is Burning” proiektua instalatu nahi dugu zentroko erabilera anitzeko aretoan eta instalazio hori erabili produkzio topagune gisa zentzurik zabalenean. Proiektua 2012. urtean jarri zen abian eta martxan jarraituko du martxoko aste hori pasa ondoren, baina egun horietan modu berezian finkatuko da toki eta une jakin batzuetan. Proiektu horren eraginez argitalpen kolektibo bat aterako da, "oin-oharretatik" abiatuta egin ditugun beste edizio batzuen antzekoa, eta ekainerako prest izango dugula uste dugu.
Interesgarria dela uste baduzu edo informazio gehiago nahi izanez gero, jeleton@jeleton.com helbidera idatzi dezakezu edo, bestela, Artelekuko erabilera anitzeko aretora joan zaitezke martxoaren 11 eta 15 bitartean.
“Paris Is Burning oharduna” oharpen kolektiboaren inguruko esperimentu bat da, “oin-oharraren” figurari buruz 2008an hasitako ikerketarekin jarraitzen duena. Izan ere, “oin-oharrak” galderak planteatzen ditu egile eta irakurlearen (hedaduraz: ikusle, entzulearen) egoeren arauen inguruan eta baita ere beste gai honen inguruan: nola arautzen den zein izan daitekeen artelan baten subjektua eta zein objektua, edo zer “esan nahi” duen obrak. "Paris is Burning oharduna” Aimar Arriolaren “Marginalia" proiektuari egiten diogun ekarpena da, Pepe Espaliú Liburutegiaren suspertze kritikoaren proposamena (http://www.eremuak.net/0303marginalia).
“Paris Is Burning” filmari (Jenny Livingston, 1990, USA) eginiko oin-oharren bilduma da “Paris Is Burning oharduna” eta, aldi berean, esku-hartze bat Pepe Espaliúk Artelekuri laga zion liburutegian. Aipatutako filmetik abiatzen da oin-ohar bakoitza, baina ez da filmari buruzkoa, baizik eta filma hartzen du abiapuntutzat, eta ez du liburutegia azaltzen, baina bere gainean proiektatuko da ezinbestez. Prozesu horretan tirabirak bilatuko ditugu dokumentuaren eta gorputzaren artean, obraren eta afektoaren artean. Proposatzen dugun “Paris Is Burning” pieza konplexua da, historizazioa eta kosmologia elkartzen dituena, eta partikularra eta aniztuna den testuinguru batean proiektatuko da: Pepe Espaliúren liburutegi pertsonala, hiesa, Carrying ekintza, Arteleku, Donostia 2013. urtean eta 1992. urtean…Analogia eta proiekzioa erreprimitutakoa azaltzeko gune oparoak dira.
Hau da lan metodo orokorra: hasi gara konektatzen dagoeneko filma guretzat interesgarriak diren gaiekin, eta hortik abiatuta, gure "oin-oharrak" prestatzen ari gara erabilera anitzeko aretoan jarriko ditugun euskarri desberdinetan. Aldi berean, zure esanetara gaude metodo hau eztabaidatzeko eta proiektuaren aurreko 8 argitalpenak zabaltzeko. Nola egiten ditugun gure oin-oharrak ezagutzera emanez eta aurreko argitalpen kolektiboak erakutsiz, zure "oin-oharrak” garatzeko proposamena egingo dizugu, instalazioan, argitalpenean edo eztabaidan, soilik, parte hartu ahal izateko . Proiektuaren beste entrega batzuetan aurrez aurreko ekarpenak edo posta bidezkoak jaso ditugu, adibidez.
Jarduera irekita dago, hasiera batean, bertan parte hartu nahi duen edonorentzat; ez dago parte-hartzaileen kopuru mugaturik, ezta ere kualifikazio edo merituen gisako aldez aurreko baldintza formalik. Ez dago ere ordainsari ekonomikorik emateko aurreikuspenik. Partaidetza intentsitate maila ezberdinetan koka daiteke. Funtsean, gonbidatzen zaitugu: metodo hau eztabaidatzera, “Paris Is Burning” filma kontsultatzera, Pepe Espaliú Liburutegia kontsultatzera, “Paris Is Burning” filmari oin-ohar bat egitera, eta instalazioaren eta edizioaren inguruko lanetan parte hartzera. Ez dago partaidetzarako muga-datarik, baina parte hartzen duzun unearen arabera aukera izango duzu ala ez fase bakoitzeko erabakietan parte hartzeko. Bakoitzaren erabakia da ekintza batean edo ekintza guztietan parte hartzea, edo instalazioa publiko gisa bisitatzea. Proiektu honek baldintza konplexuak sortzen ditu eta egiletza zaila, baina negoziazioa prozesuaren zati bat da, dagokion ekonomiarekin batera.
Equipo Jeleton.
** Artisten gaineko datuak:
María Ángeles Alcántara Sánchez (Murtzia, 1975) eta Jesús Arpal Moya, (Barakaldo, 1972) osatzen dute Jeleton taldea 1999az geroztik. Beren lana produzitu eta aurkeztu dute hainbat erakusketa, tailer, eta dokumentu nahiz ikerketa bidezko proiektutan (consonni, Bilbo, 2012; CA2M, Mostoles, 2012; ENPAP, Bilbo, 2012; Proyecto Rampa, Madril, 2012; Sametitled, Berlin, 2012; General Public, Berlin, 2012; Arizko Dorretxea, Basauri, 2011; TEXTO, Bartzelona, 2011; Manifesta 8, Murtzia, 2010; Casa Vecina, Mexico Hiria, 2010; Espacio Abisal, Bilbo, 2008, besteak beste). www.jeleton.com