55 Sedukzioak eta hausturak

Zehar #55

55 Sedukzioak eta hausturak

Gaur nagusi diren kultur politikak gero eta liluratuago daude ekoizpen eredu jakin batzuekin, hain zuzen ere ekoizpen subjektiboa halabeharrez ikuskizun bihurtzen eta diskurtso hutsal eta merkantilismoan oinarritzen duten ereduek erakarrita.

Hortaz, bizi dugun museoen, kultur garaikideko zentroen eta ospakizun artistikoen ugaritzea kulturaren ikuspegi utilitario baten ondorioa da, non kultura batez ere sustapen turistikorako, eraberritze urbanorako edo propaganda politikorako elementutzat hartzen den, ez eraikuntza sozialerako tresnatzat. Catherine Davidek dioen bezala, laurogeita hamarreko urteetan ikuskizunaren kultura gailendu zen eta, hartara, gizartearen konplexutasuna ekoizten eta transmititzen eta, orobat, gizartearen akatsak eta hutsak kritikoki nabarmentzen saiatzen zen kultur politikak zokoratu ziren. Ondorioz, kultur konpromisoetatik eta herritargoaren eraikuntzatik bazter geratu zen gero eta jende gehiago. Une hauetan, beraz, badira praktika artistiko eta kultural batzuk, behin eta berriz errepresentazio sistema konbentzionalak zilegiztatzen saiatzen ari direnak. Errepresentazio sistema horiek, ordea, ernetzen ari diren bestelako formak ikustea eragozten dute, eta horixe galdetu behar diogu gaur gure buruari: nola eta zenbateraino den posible bestelako pentsakerak eta jokaerak azaleratzea. Irudi luke artegintza jakin batzuk ezinbestez neketsuak izatera behartu nahi lituzketela, are agonikoak ere. Baina gaur nagusi den diskurtso politikoari aurre eginez, ez bestela, zabaldu ahal izango ditugu zirrikitu batzuk, subjektu harremanak birpentsatzeko eta izateko nahiz egoteko era berriak sortzeko haizea emango digutenak. Asimilazioaren eta erresistentziaren arteko gatazka honetan ari gara, hain zuzen ere, ekoizpen sozial eta kolektiborako egiturak hausnartzen, kultur praktikaren ikuspegi politikoak nabarmentzeko. Marius Babiasek bere idazlanean aipatzen duen legez, “gero eta baztertuagoa gertatzen ari bada ere, bizirik iraun du eta eboluzionatzen jarraitzen du arte praktika kritiko batek, kultur erresistentziaren aukera berrietara eta sare kritikoen eraikuntzara, zeinetan ‘intelektual espezifikoek’, zentzu foucaultarrean, bat egiten baitute beren pentsamendu eta ekintza modu independentean gida ditzakeen benetako intelektual kolektibo baten moduan”. Martha Roslerrek ere —zeinari zor baitiogu zenbaki honen izenburua— interesa agertu du artelanaren ekoizpen, erakusketa edo zabalkundean, baita hura baldintzatzen duen testuinguru politiko eta sozialean ere.

 

Santiago Eraso Beloki


zehar55.pdf — PDF document, 2502Kb
Acciones de Documento