Enthusiasts: archive

Garai sozialistan Polonian izandako zaletuentzako zineklubentan egindako ikerketa sakon baten emaitza da Enthusiasts: archive

proiektua. Bildu, zaharberritu eta jendearen eskura jarritako zenbait film amateurren artxibo kritikoa da, eta bere eduki guztiak Creative Commons License-ren baimena dute. Lizentzia horrek bermatu egiten du artxibotik interesgarria izan daitekeen edozein film, testu edo irudi erabili, kopiatu, batzuetan aldatu eta birbanatzeko eskubidea. Une honetan askotariko gaiak jorratzen dituzten hemezortzi pelikulek osatzen dute Neil Cummings eta Marysia Lewandowskak sortutako artxiboa, baina etorkizunean askoz gehiago izango dira. Interesa duen orok lan horiek ikusteko aukera izan dezan formato ezberdinetan ipini dituzte sarean.

 

Enthusiasts: archive

Arteleku-Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Varsoviako Centre for Contemporary Art Ujazdowski Castle-ek lagundutako proiektua da.

 

---------------

 

Bide batez, Enthusiasm_artxiboa_tailerra mintegiaren inguruan Arteleku TVk eginiko erreportajea

ikusgai dagoela gogorazi nahi dizuegu. Hiru egun iraun zituen mintegiak, eta bakoitzean gai baten inguruan eginiko pelikulak izan ziren ikusgai: maitasuna, desioa eta lana. Proiektatutako lanen inguruan hausnarketak egiteko Lukasz Ronduda, Renata Salecl eta Maurizio Lazzarato gonbidatu zituzten antolatzaileek. Erreportajeak hiru gonbidatuen hitzaldiak, Neil Cummings eta Marysia Lewandowskaren azalpenak eta mintegia koordinatu zuten Carles Guerra eta Leire Vergararen hitzak jaso ditu. Horretaz gainera, argazki albuma ere ikusgai dago.

 

Enthusiasm artxiboari buruz gehiago jakin nahi duenak arteleku.net-en barruan prestatu genuen atalera jo dezake. Gainera, Artelekun proiektatu ziren pelikulak ikusteko interesa duenak bertako Dokumentazio Zentroan topatu ditzake DVD formatoan.

Dokumentu Akzioak
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. larraitz. (2006, noviembre 20). Enthusiasts: archive. Retrieved abril 18, 2024, from Arteleku.net Web site: http://old.arteleku.net/arteleku/argitalpenak/bildumak/zinema/enthusiasts-archive. This work is licensed under a Creative Commons License. Creative Commons License