Artearen repolitizazioa

ARTELEKUN ospaturiko mintegia

Sarrera

SEXU GUNEA BERRIRO POLITIZATZEA EGUNGO ARTE JARDUNETAN MINTEGIA, Donostia 04/09/08-15


2004ko irailaren 8tik 15 arte Artelekun egingo zen mintegi hau Erreakzioa-Reacción kolektiboak eta María José Belbelek koordinatu zuten. Bertan arte espazioan, feminismo kritikoaren eta queer politiken arteko lotunean sortzen ari diren diskurtsoak izan zituzten abiagune egungo artean gertatzen ari den sexu gunearen birpolitizatzea aztertzeko.

Han gertatutako guztiaren jarraipena egin zuen ArtelekuTV-ak.

---------------------------------

Beatriz Preciado

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/08 Arteleku

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegian eman zuen hitzaldian zehar, Beatriz Preciadok gaur egun lantzen ari den eta laster aterako duen “Ficciones somáticas” liburuan argitaratuko diren ideia batzuk jarri zituen mahai gainean. Azaldu zuenez, egiten ari den ikerlanaren gunea Agnesen kasua da. 1999an Agnesek Los Ángelesko klinika batera jo du, eta medikuek genero-disforia diagnostikatu diote, hau da, ez dagokion genero batekin identifikatzen da. Bere mediku historialean jasota dagoenaren arabera, “Agnes benetako hermafroditismo kasu bat da”. Mediku eta psikiatra taldeak aitortu egin dio baginoplastia terapeutiko baterako duen eskubidea, hain zuzen identitate hormonalaren eta identitate fisikoaren arteko oreka berreskuratzearren.

Beatriz Preciadoren iritziz, historia hau bi modutan irakur liteke: diskurtso mediko tradizionalaren arabera, Agnesen historiak sexualitate-arteko arazo bat azaltzen du, medikuntzak erantzun arrakastatsua ematen jakin duen bat. Baina diskurtso mediko legalaren genealogia kritiko bat egiten badugu, ematen du gorputzen eta sexualitatearen kontrola eraginkortasun goreneko mailara iritsi dela.

Hitzaldiaren bideo grabazioa arteleku.net-en dago ikusgai.

--------------------------------

Itziar Okariz

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/09 Arteleku

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegiaren barnean, Itziar Okariz artistak hiritar feminista dela errebindikatuz abiatu zuen bere hitzaldia. Hala eta guztiz ere, nahiago izan du bere burua horrelakotzat ez definitzea, zeren eta bere iritziz horrek oso espazio espezifikoan kokatzea ekarriko bailuke: “Artista feministatzat hartzen bazaituzte, zure lanak bakar-bakarrik feminismoaz hitz egingo du; emakume artistatzat hartzen bazaituzte, zure lanak bakar-bakarrik femeninotasunaz hitz egingo du, eta zure lanaren bestelako dimentsio oro ikusezin izango da. Dena den, nahiago dut feminismoaren espazio politikoa, emakume espazio espezifikoa baino”, adierazi zuen.

Hitzaldian zehar, Itziar Okarizek ibilbide bat egin zuen bere lanean zehar, interesatzen zaion eremu ideologikoa zein den azaltzen ahalegintzeko, batez ere sexu eta genero kontuei dagokienez. Gizarte espazioaren eraikuntzari lotutako faktoreak, espazio horren erabilerari lotuak, gorputz keinuak edo objektuen morfologia, subjektuen identitatea itxuratzen duten guztiak dira gehien interesatzen zaizkion kontuak.

Itziar Okariz artista da. Bere lanaren oinarri performancea eta bideoa izan dira. Bere azken proiektuen artean, honakoak daude: Mear en espacios públicos y privados edo Trepar edificios.

Hitzaldiaren biode grabazioa arteleku.net-en dago ikusgai.

--------------------------------

Laura Cottingham

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/08 Arteleku

Laura Cottingham-ek bere proiektuetako bi aurkeztu zituen Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegian izan zuen partaidetzan zehar.

Goizean mintegiko partaideek Not For Sale ikusi ahal izan zuten. 1992an Laura Cottingham hirurogeita hamarreko urteetako Estatu Batuetako arte mugimendu feministaren historia ikertzen hasi zen. 1992 eta 1995 bitartean hainbat elkarrizketa egin zizkien Estatu Batuetako zenbait estatutako artista eta ekintzaileri, Askapen Mugimendu Feministan izandako artearen eta jardueren inguruan. Bere proiektuaren gune gorena Not For Sale filma izan zen. Saiakera-bideo hau emakumezko artistei eta feministei eskaini tributua da, porrot egin duten horien esperimentuei eta frustrazioei eskainia, eta baita, halaber, asaldura politiko eta kultural izugarriko garai batean zehar lortutako arrakastei ere; izan ere, garai horren inplikazioak bideratzeko asko falta da oraindik ere.

Arratsaldean 2000ko urtean egindako The Anita Pallenberg Story filma proiektatu zuten. Laura Cottinghamek azaldu zuenez, bideoan irudiz eta musikaz lan egin ostean konturatu zen bere etorkizuneko proiektuetan lan egiteko behar zituen argudio guztiak inguruan zituela, eguneroko bizitzan zehar gertatzen zirela. Anitaren historia Not for sale-ren aurreko erreakzio bat da; film hura 60-70eko urteetan kokatzen zen, eta arte sistemako emakumezko galtzaileak berpizten ahalegintzen zen. The Anita Pallenberg Story-k Rolling Stones kritikatzen ditu, hauek baitziren arte forma berrietako bateko, hots, rock and rolleko irabazleak. Horiek ordezkatzen duten dekadentzia orokorrari eta milurtekoaren amaierako gainbehera moral, ekonomiko, kultural eta sozialari buruz hitz egiten da.

Laura Cottingham arte kritikari eta bideo egilea da. Besteak beste, Not for Sale (1998) eta The Anita Pallenberg Story (2000) filmak egin ditu. Liburuak ere argitaratuak ditu, horien artean, Lesbians are so chic… (1996) eta Seeing Through the Seventies (1998).

--------------------------------

Terre Thaemlitz

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/08 Arteleku

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegiaren barnean Terre Thaemlitzek Artelekun eman zuen hitzaldiaren ardatz nagusia honakoa izan zen: genero gaiak musika elektroakustikoan. Orain arte garbi zegoen musika elektronikoa “jostailuekin esperimentuak egiten dituzten gazteen kontua” besterik ez zela, baina azken urteotan zehar, ordenagailu bidezko musika sorkuntzaren eremuan, bada halako presio bat transgenero produktoreen eta emakumezko sortzaileen kopurua igotzea lortzeko. Terre Thaemlitzen iritziz, fenomeno honek izugarrizko antza du pornoaren industrian ikusten ari denarekin. “Esparru batzuetan sekula ez dugu berdintasun estatistikorik lortuko. Hori lortzeko benetako beharrik ba al dago? Nire iritziz, begi-bistakoa da sekula ez dugula kopuru berdintasunik lortuko, baina hala ere ez dago etsitzeko arrazoirik”, esan zuen.

Terre Thaemlitz multimedia ekoizlea, musikaria, DJa eta idazlea da. Comatonse Recordings disko zigilua sortu zuen 1993an. Bere lanean, kritikaren ikuspegitik elkartzen ditu kultur ekoizpena sortzeko orduan dauden identitate politikei eta gizarte eta ekonomia baldintzei buruzko arazoak.

Hitzaldiaren bideo grabazioa gaztelaniara itzulia, bildu ditugu arteleku.net-en.

-------------------------------

Laurence Rassel

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/10 Arteleku

“Zer ari naiz ni hemen?” Bere buruari galdera hori eginez hasi zuen Laurence Rasselek Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan izeneko mintegian eman zuen hitzaldia. “Hitzaldi bat ematera gonbidatu naute eta neure burua egile rola betetzen ikusi dut, ikusleak itzalean daudela, eta irudi hori atzemateko modua jarri dut zalantzan”. Azkenean antolatzaileek bere esku jarritako tresnak erabiltzea erabaki zuela adierazi zuen, hau da, bideoa, hitzak eta esperientzia partekatua eta horiek bitarteko hartuta utzi zioten espazioan istorio bat kontatzeko asmoa zuela.

Sarrera horren ondoren Eric Rhomeren La coleccionista (1967) filmaren zati bat bota zuen. Film horretan hiru lagun elkarrekin bizi dira denboraldi batez Frantziako kostaldeko herri batean. Hasieran, gizonezko bi pertsonaiek (Adrien eta Daniel) itun bat egiten dute eta erabakitzen dute ezer ez egitea. Baina erabaki horrek Haydee emakumezko pertsonaia bakarraren nortasun eta jarrerarekin egiten du topo aurrez aurre. Adrienen iritziz Haydee “gizon bildumazalea” da, haren izaera libertinoa dela eta. Laurence Rasselek azaldu zuen nola Eric Rhomeren La coleccionista (1967) filma mugarri izan zen berarentzako, egilea jainko modura ikustetik artistaren genero eta sexuaz jabearaztera eraman baitzuen.

Ondoren, feminismoak bere garapen pertsonalean izan duen garrantziaz eta artegintza eta teknologia berrien arteko loturaz duen ikuspegiaren inguruan mintzatu zen.

Laurence Rassel Constant kolektiboko partaidea da. Erakusketetako komisarioa da, digitalen koordinatzailea, baita Jonctions emanaldikoa ere, eta Ciberfeminismo foroaren arduraduna.

Hitzaldiaren laburpena (pdf artxiboa) eta hitzaldiaren bideo grabazioa gaztelaniara itzulia, bildu ditugu arteleku.net-en.

---------------------------------

Cecilia Barriga

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/08 Arteleku

Cecilia Barriga zine zuzendari eta dokumentalistak bere jatorriari buruzko hausnarketa egiten hasi zuen Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegi barruko hitzaldia. Cecilia Barriga Txilen jaio zen, Suaren Lurraldean ia-ia, erdi mailako familia batean, baina baliabide ekonomiko urrikoak zirenez itxura egitera behartuta zeuden goragoko mailakoak zirela ikusarazteko.

“Hain urrutikoa” izateak bultzaturik, irudizko mundu bat sortu zuen, beste munduaren -Suaren Lurraldera joaten ziren bidaiari aberatsei edo zoroei entzundakoaren bidez bakarrik ezagutzen zuen mundu haren- imaginarioa. 60ko hamarkadan gurasoak banandu egin ziren; garai hartan Txilen ez zen oso ohikoa banandutako gurasoen alaba izatea. Aita irudirik ez izatea ere errepresentazio elementu, performance elementu, bihurtu zen. Ceciliaren hitzetan bi imaginario horiek “tresna zoragarri eta samingarriak izan ziren, pertsona helduak garenean ditugun sormen baliabideen lehengaiak”.

Ondoren, bere zenbait lan aurkeztu eta horien inguruko xehetasunak eskaini zituen. Tartean, bere azken lana, El Camino de Moisés transexualitateri buruzko dokumentala ikusteko parada izan zen.

Cecilia Barriga zine zuzendaria da. Dokumental ugari eta zinema eta bideo independentearen inguruko lan asko egin ditu. El camino de Moisés, Estatu espainiarreko transexualitateari buruz duela gutxi egindako dokumentua zuzendu du.

Hitzaldiaren grabazioa ikusgai dago arteleku.net-en.

--------------------------------

Hans Scheirl

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/11 Arteleku

Hans Scheirl artistak “Arteak haurdun utzi du lurra. Mundu trans… bat” izeneko hitzaldia eskaini zuen Espazio sexualaren birpolitizazioa gaur egungo praktika artistikoetan izeneko mintegian. Bertan, hitz jokoen garrantziaz, antolakuntza sozialak hizkuntzan duen eraginaz, identitate partzial eta adostuaz, eta bere performance eta sorkuntza lanaz mintzatu zen.

Konferentziaren titulua, “Arteak haurdun utzi du lurra”, betidanik gustuko izan duen marrazki batetik hartua da. "Berriki konturatu nintzen art (artea) hitza ezkutatzen dela earth (lurra) hitzean. Pain (mina) hitza ere aurkitu dut painting (pintura) hitzean, eta monk (monjea) hitza, monkey (tximinoa) hitzean. Hitz jokoak esanahi sortzaile dira beraz", esan zuen. Lengoaia bizitza soziala antolatzeko beharrezkoa da, baina, era berean, mugatu egiten gaitu Hans Scheirlen aburuz. Horren adibidea da, esate baterako, pertsona guztiek gizonak edo emakumeak izan beharra, ez dago beste generorik lengoaian. Funtsezkoa da lengoaia funtzionarazteko moduak aurkitzea, harekin jolasteko, gu harritzeko.

Hans Scheirl artista da. Dandy Dust (1998) filma egin zuen, Hong Kong-eko eta Japoniako akzioko marrazki bzidunak, izu-filmak, homosexualitate underground, arte feminista eta Wiener Aktionismus oinarri hartuta.

Hitzaldiaren bideo grabazioa gaztelaniara itzulia, bildu ditugu arteleku.net-en.

--------------------------------

Laura Kipnis

Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegia
04/09/12 Arteleku

Laura Kipnis artista bisual eta kritikariak errepresentazioari, generoari eta sexualitateari buruzko bere idazlanen inguruko hausnarketa eginez hasi zuen Sexu gunea berriro politizatzea egungo arte jardunetan mintegiko saioa. Lehenengo lanak bideoa erabiliz egin zituen eta ondoren hainbat gairi buruzko saiakerak idazten ibili zen, izan ere, azaldu zuenez, bitartekoa ez baita inoiz garrantzitsua izan berarentzat. Laura Kipnisen lana abiarazi duten gatazkak sexuak eta politikak elkarrekin topo egiten duten guneetan gertatu dira. Hainbat gai aztertu ditu, sexua zer den, emakume izatea zer den edo maitasuna zer den, Againts love bere azken lanean esaterako. “Arteetan hezitakoa naizenez gero, galdera horiek ulertzeko dudan modua abangoardiek utzitako ondaretik iragazten dut” esan zuen. Artelekun eman zuen hitzaldian bere jarduera profesionalean gehienbat landu dituen kontzeptuak izan zituen aztergai, pornografia eta bere izaera urratzailea, emakume izatea, genero borroka edo penetrabilitate kontzeptuaren inguruan dagoen kultur arazoa, besteak beste.

Laura Kipnis irakaslea da NorthWesternko Unibertsitatean. Kultur prozesuen kritikaria eta teorilaria ere bada, eta bideoartista ere izan da. Hurrengo liburuak idatzi ditu: Against Love: A Polemic (2003), Bound and Gagged (1996), Ectasy Unlimited (1993).

Hitzaldiaren laburpena (pdf artxiboa) eta hitzaldiaren bideo grabazioa gaztelaniara itzulia, bildu ditugu arteleku.net-en.

 

Dokumentu Akzioak
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. naia. (2009, julio 22). Artearen repolitizazioa. Retrieved abril 20, 2024, from Arteleku.net Web site: http://old.arteleku.net/arteleku/argitalpenak/bildumak/feminismoak/mintegiak/artearen-repolitizazioa-1. This work is licensed under a Creative Commons License. Creative Commons License