Joan zen astean egin zen Artelekun
bertako audio laboratorioak antolatutako lehen tailerra. Audiolab
soinuak eskaintzen dituen aukerekin esperimentatzeko asmoz
zabaldu den gune berria da. Aurten beste hainbat ekintzen
artean hiru tailer egingo dira eta horietatik lehena izan
zen orain egun gutxi Ixi Software bikoteak eman zuena. Xabi
Erkizia da soinua oinarri duen laboratorioaren koordinatzailea
eta lehen tailerra aitzakiatzat hartuta, Audiolab gertuagotik
ezagutu nahian beragana jo dugu. Gai ezberdinei buruz solastatzeko
aukera izan dugu: laboratorioaz, Ertz jaialdiaz eta esku artean
dituen beste zenbait proiektuz ere bai.
Galdera:
Egun hauetan jarri da abian aipatu duzun Audio Laboratorioaren
lehen workshop-a. Zein ideia nagusirekin ari zarete lanean
laboratorio horretan?
Xabi Erkizia: Izenak berak erraten
duen bezala helburua soinuaren inguruan laboratorio bat sortzea
da. Argi dago orain dela zenbait urtetik hona Artelekuk badituela
atal batzuk arte munduko esparruak zaintzen dituztenak, eta
horien inguruan lan egiten duten departamentu ezberdinak:
bideokoa, edo grabatukoa, edo dena delakoa. Soinuaren alorrean
bazegoen hutsune bat, soinuak ez zeukan bere departamentu
edo atal propiorik. Laboratorio honek hori izan nahi du, baina
bertze izen bat jarri beharrean, “Musika topagunea”
edo dena delakoa, Audio Laboratorioa aukeratu dugu, zuzenena
iruditzen zaigulako. Audio ez delakotz musikara bakarrik mugatzen,
baizik eta orokorrean soinuak dituen ezaugarri guztietara.
Noski horren barrenean musika dago eta badaude atal pilo bat;
eta laborategia ez delakotz estudio bat edo bertze zentro
batzuk egin duten bezala klaseak emateko leku bat. Jendea
esperimentatzera etorriko den laboratorioa da. Orain martxan
dago estudio bat sortzeko proiektua ere, estudio materialekin-eta,
alegia. Estudio horretan esperimentuak garatzea eta bultzatzea
izango da helburuetariko bat. Jendeak esperimentu horiek gauzatu
eta egin ahal izateko materialak eskura edukitzea da asmoa,
eta bertzetik, urtean zehar egingo diren kontzertuak, edo
tailerrak, edo workshop-a bideratzea. Kasu honetan Ixi Software-ena
izan da helburu horrekin gauzatu dugun lehenengo tailerra
edo workshop-a.
G:
Zergatik hautatu duzue Ixi Software bikotea laboratorioari
hasiera emateko? Zein ekarpen egin diote?
XE: Ixi Software-koek aportatzen dutena,
neure ustean, oso gauza garrantzitsua da ordenagailuarekin
musika egiten dugunontzat. Orain dela pare bat edo hiru urte
hasi ziren beraiek programak sortzen eta jorratzen, eta nolabait
abantaila hartu zieten gainerako sortzaileei. Beharbada eurenak
ez dira orokorrean merkatuan aurkitu ditzakezun beste programak
bezain indartsuak izango, erran nahi dut motor indartsuak
erabiltzen dituztenen aldean, baina erabiltzaile eta ordenagailuaren
arteko beste erlazio bat, guztiz ezberdina proposatzen dute.
Ez erlazio tekniko bat botoiekin... erlazio dinamikoagoa da,
interaktiboagoa, praktikoki ia-ia jokoak bailiran. Hori da
beharbada beraien aportazio handiena: musikaren teknika, makina
horien teknika ezagutu gabe, soinuarekin lana egiteko aukera
baduzula euren software-arekin. Hagitz modu errazean gainera.
|
G:
Aipatu dugun bezala, laboratorioak beste bi workshop izango
ditu urtean zehar. Zer emango dute bi tailer horiek?
XE:
Ongi erran duzun bezala beste bi workshop izanen dira urtean
zehar, bat abuztuan izanen da, inprobisazioaren inguruan.
Horretarako Eddie Prevost izeneko perkusio jolea etorriko
da. Musika esperimentalean eta inprobisazioan munduan hagitz
izen handiko tipoa, urte mordoa daramatzalako inprobisazioaren
inguruan lanean, eta bere workshop-ak egiten. Nik uste dut
norberak bere posibilitateak, bere instrumentuak hobeki ezagutzeko
eta lan egiteko aukera polita izanen dela. Urrian Francisco
Lopez, soinu artista etorriko da. Nolabait errateagatik Ixi
Software-koek instrumentua dute ardatz eta Eddie Prevost-ek
maila batean ere bai, nahiz eta bere instrumentua ahotsa izan.
Francisco Lopez-ena da justu kontrakoa, soinua nola jasotzen
dugun aztertzeko aukera izango dugu berarekin, gure inguruan
ditugun soinuak nola asimilatzen ditugun ikusi ahal izango
dugu gero horrekin ere lan egiten ikasteko.
G:
Tailer horietako lanek izango dute isla zuzenik egun gutxi
barru hasiko den Ertz jaialdian?
XE:
Bai. Nahiz eta aurrerago ikusi beharko dugun, zeren audio
laboratorioaren helburuetariko bat musikaren inguruan dinamika
berriak sortzea den heinean ikusi beharko dugu hori nola zabaldu.
Baina nik uste dut hagitz garrantzitsua dela bien artean mantentzen
den erlazioa, nireaz aparte alegia. Ixi Software-koek iaz
aurkeztu zuten euren software-a Ertz jaialdian, Francisco
Lopez ere orain dela bi urte etorri zen jaialdian jotzera,
Eddie Prevost oraindik ez... baina bai, bada bien artean erlazioa.
Kasu honetan gainera nahikoa baliagarria. Workshop-ak iraun
duen aste honetan instrumentu berriak, software-a edo instrumentu
elektrikoak ordenagailuekin nola konplementatu edo nola nahasi
ikasten ibili gara; pixka bat horren inguruan ibili gara lanean
eta Ertz-en aukera polita dago praktikan kanpoko musikariek
horrelako teknikak nola erabiltzen dituzten ikusteko. Teoria
hitz garrantzitsua da. Aunitzetan gertatzen da software-arekin
lanean zabiltzala, nola funtzionatzen duen jakin bai, baina
ez erabiltzea; praktikan, zuzenean, adibideak ikustea baliagarria
izan daiteke norbera lanera bultzatzeko. Bertzenaz Artelekuko
audio laboratorioak eta Ertz-en dituzten oinarrizko premisak
berdinak dira: musika baztertu gabe, baina ikuspegi orokorragoa
oinarri hartuta, audioaren inguruan adibideak erakustea eta
horren inguruan zein ideia proposatzen ari diren jakitea.
G:
Bada berrikuntzarik aurtengo Ertz jaialdian?
XE:
Ez dakit zorionez edo zoritxarrez, baina Ertz jaialdia Bera
bezalako herri txiki batean egiteak baditu nolabait bere mugak.
Bai azpiegitura aldetik, bai ekonomikoki, publikoaren aldetik...
edonola proposamenen aldetik eboluzionatzen ahal da eta urtero
saiatzen gara horretan. Aurten adibidez galdeketa bat egin
dugu ohiko jendearen artean, eta parte hartzaile eta antolatzaileen
artean ikusteko zer nolako ideiak, proposamenak interesatuko
litzaigukeen aditzea edo ezagutzea jaialdian. Galdeketaren
ondorioak ikusita bi ezaugarri hartu ditugu oinarri. Lehenbiziko
egunean isiltasunaren inguruan egingo dugu lan. Isiltasunaren
inguruko proposamenak aztertuko dituzte artistek, eta bigarren
egunean erritmoa hartu dugu ardatz. Beharbada hori da berritasuna,
orain artean jaialdia ez zen norabide konkretu batera zuzendua,
gauza zabalagoa zen. Aurten izango du nolabaiteko banaketa
hori eta zuzentze hori; konkretuagoa izango da.
|
|
G:
Ertz plataformak kaleratu zuen zuk zeuk eta Asier Gogortza
argazkilariak eratu zenuten Atekaleun liburu-diskoa ere. Aurten
proiektu beraren beste urrats bat ezagutu dugu: instalazioa.
Izango du hurrengo pausorik?
XE:
Joan zen otsailean argitaratu zen liburu-diskoa eta aurretik
izan zuen urte bateko lan prozesua-edo. Urte horretan nahikoa
argi genituen zenbait gauza aldatuko zirela, prozesua bera
ere aldatzen joan zen lanean hasi ginenetik. Liburua argitaratu
bezain laster erakusketa gisan aurkeztua izan zen Beran. Haren
ondotik zuzeneko kontzertu bezala antolatu genuen eta Bartzelonan
eta beste zenbait tokitan aurkeztua izan da formatu horretan.
Horren ondotik osatu genuen Atekaleun Ensemble; pauso bat
gehiago eman eta musika eta bideoa bakarrik izan beharrean,
erran nahi dut elektroakustika eta bideoa bakarrik izan beharrean,
bi musikari gonbidatu genituen: tronpetista bat eta baxujole
bat. Orduan talde itxura handiagoa hartu zuen. Oraindik irekia
dagoen proposamena da Atekaleun Ensemble. Zenbait kontzertu
eta gero, hau da nolabait proiektuaren laugarren eraldaketa:
instalazioa. Limiteak azpi-izenpe horrekin proiektu horren
laugarren pauso honek bi dimentsiotatik hiru dimentsiotara
saltoa eragin du. Orain artean beti modu planoan lan egin
dugu, argazkiekin eta bideoarekin, eta musikarekin ere bai
neurri batean. Hiru dimentsiotara saltoa egiteko eskultura
erabili dugu, eskultura mugimenduan jarri dugu eta musika
sortzeko elementu fisikoak ere jarri ditugu instalazioa osatzeko.
Guretzat pausu garrantzitsua izan da instalazioa, gehienbat
lehen aldiz ikusi dugulako proiektu bat oinarritzat hartuta
noraino hel gaitezkeen. Momentu honetan zail da erratea jarraipenik
izango ote duen, baina nik baietz uste dut, izango duela.
|
G:
Maila pertsonalago batera pasatuta, aipatu duzun kolaborazio
sare horretan dago Donostiako Miztura musika taldea ere. Orain
berriki kaleratu dute disko berria eta zure gain izan da diskoaren
produkzio artistikoa egitea. Zer nolako esperientzia izan
da?
XE:
Miztura rock taldea da, ez da estandarra beharbada, baina
formazio eta estetika hori jarraitzen dute. Esperimentazioak
eta inprobisazioak ematen duten abantaila bat musika egiteko
orduan sentitzen duzun askatasuna da. Konposatzeko unean,
teknika aldetik, ideia aldetik, kontzertu aldetik... alor
guztietan. Kasu honetan horren inguruan egin dugu lan. Produkzioa
normalean grabaketa baten inguruan egoten da; kasu honetan,
oinarrian hala izan bada ere, nik uste dut garrantzitsuagoa
izan dela elkarren artean lokalean egin dugun lana. Nik, hasi
eta berehala, galdegin nien ea zergatik ari ziren egiten musika
hori, pentsa zezatela zergatik ari ziren musika hori egiten
eta ez beste mota batekoa. Uste dut, maila batean, beraiei
pentsaraztea izan dela neure lana. Horrek ondorioak izan ditu
musikan bertan, kantuetan nabari liteke gogoeta hori egin
izana. Bertzetik, teknikoki kantuei moldaketa batzuk egin
eta forma berezi bat ematen ere saiatu naiz. Beraiekin batera
puntu batera ailegatu eta gogoeta hori egin ondotik erran,
“ederki, hau da egin nahi duguna, ez? Badakigu zergatik
egin behar dugun, bada goazen egitera eta txukun”. Horrek
eskatzen dituen gauza guztiak kontuan hartuta. Grabaketan
milaka detailetxo egoten dira zintzilik, eta detaile horien
inguruan egin dugu lan, eta ondotik nahasketetan ere bai...
Emaitza bezala, nabaritu ezin izango dena normalean posprodukzioan
nabaritzen diren gauza garbiak dira. Produktoreek euren zigilua
utzi nahi izaten dute diskoetan, eta honetan ez baldin badira
gauzak garbiak, egiatan atentzioa ematen dutenak, nik uste
dut orokorrean nabari dela gogoeta hori egin izana. Orain
arteko beraien diskoak gehiago ziren kantuetan oinarrituak,
eta disko hau guztiz kontzeptuala da. Nahiz eta diskoak lau
kantu izan, bere osotasuna du. Sendotasun hori lortu izanak
uste dut baduela harremana eginiko hausnarketa eta eurekin
eginiko lan berezi horrekin.
G:
Zenbaitek kuriositatea, alor guztiak jorratzeko gogo hori,
aipatu izan du zure ezaugarri nagusi bezala.
XE:
Neure kasuan praktikoki ia obsesio bihurtzen den gauza da
hori. Egia erran nik aunitz gozatzen dut jendearekin elkarlanean
arituz, beharbada bakarka eginiko lanean baino esfortzu handiagoa
egin behar duzulako ondokoa ulertzen. Batzuetan galdetu ere
egiten dut: “zer aporta dezaket nik?”, ze batzutan
kolaborazioak proposatu edo sortzen ahal dira, baina gero
egiatan mamitu ez. Bakoitzak ematen duenaren arabera aldatu
egiten dira. Neure kasuan, zenbat eta kolaborazio gehiagotan
aritu, orduan eta gehiago ikasten dut jendearekin lanean.
Orain adibidez, Audio Laboratorioa dela-eta Artelekun nagoen
honetan, kolaborazio aski bereziak sortzen ari dira, nik orain
artean eduki ez ditudan esperientziak: Isabel Hergueraren
filmerako musika egiten ari naiz, eta Juan Aizpitarteren proiektu
batena ere bai Juan Mari Beltranekin. Musika esparru batera,
bide konkretu batera, mugatu beharrean nahiago dut ahalik
eta gehien zabaltzea, gehienbat, ikasteko helburuarekin. Gauzak
ikasi, gero praktikan jartzeko.
|