Eddie Prévost, inprobisazio askearen aitzindarietako bat, AMM taldeko partaidea, Artelekun izan zen astebetez “No Sound Is Innocent” workshop-a zuzentzen. Prévost-ek soinuaren esanahiak ikertzen ditu, dimentsio politiko, sozial eta estetikoa emanez. Audiolab-ek antolatutako bigarren tailerrak eman zigun inprobisazioaren munduan oinarrizko erreferentzia den pertsona hau ezagutzeko aukera. Tailerrari amaiera emateko SAKADA proiektuak emanaldia eskaini zuen Artelekun. Bertako partaide den Mattinek eta Eddie Prévost-ek kontzertua hasi baino ordu batzuk lehenago izan zuten solasaldian oinarritutako idatzia da hau.



Eddie Prévost 1942an jaio zen Ingalaterran, Hertfordshire eskualdeko Hitchin-en hain zuzen. Oso gazte hasi zen perkusioa jotzen, eta hainbat taldetan esku hartu ondoren, jazza jotzen hasi zen. 1965ean, Leslie Gare saxofoi-jolearekin eta Keith Rowe gitarra-jolearekin batera AMM taldea osatu zuen. Abangoardistatzat eta erradikaltzat gogoratzen da talde hau; izan ere, ibilbide luzea osatu badu ere ez da inorekin lotu eta bere proposamen pertsonalak eginez egin du aurrera. AMM Prévosten proiektu garrantzitsuenetarikoa izan da azken hogeita hamar urteetan; hala ere oso aktiboa izan da inprobisazio askeak dituen alor guztietan. Hitzaldiak eta liburuak ere argitaratzen ditu. Azkena “No Sound Is Innocent” izenburuarekin kaleratu berri du Copula argitaletxeak. Hirurogeita hamar eta Laurogeiko hamarkadetan Larry Stambbins-ekin (saxo tenorea), Veryan Weston-ekin (pianoa) eta Marcio Mattos-ekin (baxua) batera laukotea osatu zuen. Evan Parker, Christian Wolff, Cornelius Cardew, Jim O’ rourke musikariekin kolaborazioak egin izan ditu; Supersession, Resoundings eta Frre Jazz Quartet taldeekin ere grabatu izan du, eta horiekin eginiko lanez gain, bere diskoak argitara eman ditu berak sortutako Matchless Recordings labelean. 1990an AMM taldeko Gare eta Rowe lagunekin Master of Disorientation sortu zuen; 1991an Marilyn Crispell piano-jolearekin batera Erresuma Batua zeharkatu zuen kontzertuak eskainiz. Inprobisazioaren alor guztietan esperientzia handia duen perkusionista da Eddie Prévost. Max Roach eta Ed Blackwell aipatzen ditu berak gehien miresten dituen perkusionistak zein diren galdetuz gero. Urrian Madrilen izango da AMM-ko Keith Rowe eta John Tillbury lagunekin emanaldia eskaintzeko.

“Ez naiz musikaria, perkusionista naiz”, hala definitzen du bere burua inprobisazio askearen bidea urratu zuen AMM taldeko partaidea izateaz gain mundu osoan emanaldiak eskaini, eta Londresen entzute eta ospe handiko tailerrak antolatu eta musika eta soinuaren inguruan bere ikuspegia azaltzeko hainbat argitalpen egin dituen pertsona honek. Mattinek bestela ikusten du Eddie Prévost, “mito bat da; bera izan zen beste zenbait musikarirekin batera soinuaren alor hau ikertzen hasi zen lehenetakoa. Garai hartan musika ulertzeko modu guztiz berritzailea, haustura eragin zezakeena, zen eurek proposatu zutena”.




Musikagintza eta konpromisoa bat eginik

AMM taldea orain hogeita hamar urte sortu zen, eraldaketa sozialaren aldeko mugimenduak indar handia zuen garaian. Orduan heldu ziren musikari zenbaiten belarrietara inprobisazio askearen lehen hotsak. Musika eta gizartea eraldatzeko mugimendua uztartzen zituen horren nondik norakoak azaltzeko modu sinplea du Eddie Prévost-ek: “ Jendeari ordura arte pentsaezina zen aukera sortu zitzaion hamarkada horietan, gustuko zituen eginkizunei denbora eskaintzeko moduan zeuden. Hala ere, orduan baino muturrekoagoak dira egun sortzen ari diren zenbait proposamen; badira zenbait talde gu baino askoz urrutirago heldu direnak. Orain bizi dugun egoerak ere behartzen gaitu horrelako bideak miatzera.”

Gizarte eraldaketaren premia oraindik ere larria dela dio Eddie Prévost-ek. Edonola, adinaren zigorra izendatzen duen zerbaitek aldaketa hori nondik helduko den beste moduz batez ikustera behartu du. Orain hogeita hamar urte bezalaxe, munduarekin haserre bizi dela dio, baina musikak gizarte ereduaren aldaketa eragiteko duen ahalmena uste zuena baino urriagoa dela jabetu omen da. “Guk egiten duguna gauza txikia da errealitatearekin alderatuta. Eta ez diot txikia gutxiesteagatik, ez da hori nire intentzioa. Gazteagoa nintzenean gizarte eraldaketa gutariko bakoitzak sustatutako programa bikain batek eragingo zuela uste nuen. Egun bestelako iritzia dut. Gauza txikiak dira gure harremanen oinarria, horiek dira politikagintzan aintzakotzat hartu beharrekoak. Gure ingurua, gure kideak hezteko erabiltzen dugun eredua, horiek dira gizartea abian jartzeko erabili beharreko oinarriak. Ondoko lagunarekin dugun harremanak baldintzatuko du sinesmen honen edo horren alde lan egingo dugun ala ez, politikaren munduarekin ditugun harremanak, norberak ingurukoekin dituen harremanak. Programa bikaina edukitzea baino garrantzitsuagoak dira norberak sustatzen dituen erlazio horiek”.




Mugak hausteko beharra

Askoren iritzian, bere garaian AMM taldeak egindako proposamena, inprobisazio askea, gutxi batzuentzat egindako musika mota da. Gutxiengo bati zuzendutako eskaintza. Eddie Prévost ez dago iritzi horrekin ados, ez ditu sailkapenak gustuko eta norbait berak eta bera bezalako musikariek egiten dutenari etiketak jartzen saiatzen denean uko egin beharra dagoela dio. “Artista moduan iraun beharra dago, ideia horiei aurre egin eta norbait hurbildu eta ‘zuk hau edo hori egiten duzu’ esaten dizunean ‘nik ez dut hori bakarrik egiten, baizik hori baino gehiago ere bai’ erantzun. Jendeak uste duena baino gauza gehiago eta zabalagoak egiteko gai gara”, adierazi digu.

Horregatik jendea inprobisaziora hurbiltzeko ahaleginak egin beharra dagoela uste du. Ikusi, entzun eta ondoren gustuko duzun ala ez erabaki, baina ez baztertu elite bati zuzendutako zerbait delakoan. “Guk egin dezakeguna proposamena luzatzea da. Nik uste dut egiten duguna ikusita ezin dugula eskaintza ona ala txarra izango den aurrez jakin. Inprobisazioan ez dago ezeren ziurtasunik, guk proposatu egiten dugu, ahal dugun hobekien aritu; gogotsu jo, ilusioz beteta, egiten ari zaren horretan buru-belarri murgildu. Amaitzen duzunean sekulako emanaldia izan dela ikusiko duzu beharbada, entzuleria gustura egon dela. Hala eta guztiz kontrakoa ere gerta liteke, baina ez dago aurrez jakiterik”, esan digu Eddie Prévost-ek.

Lau egunez aritu da Eddie Prévost Artelekuko tailerrean esku hartu duten musikariekin lanean. Inprobisazio saioak egin dituzte bakoitzak bere tresna oinarri hartuta. Batzuek instrumentu akustikoak edo elektronikoak baliatu dituzte horretarako, beste zenbaitek unean-unean eskura zeuzkaten gailuekin sortu dituzte musika-tresnak. Guztiek izan dute workshop-ean beren trebezia erakusteko aukera. “Nik egin dezakedan gauza bakarra bakoitzaren usteak sendotzen laguntzea da, nondik jo dezaketen argitzen saiatu, iradoki. Bakoitzak bere tresnari astindu bat emateko eskatzen diet. Emanaldi bakoitzean azterketa moduko bat egiten dut. Begien aurrean dudan tresnari begiratu eta ordurarte ezagutu ez dudan zerbait topatzen saiatzen naiz. Saiakera egin beharra dago, nahiz eta topatzen duzun hori gauza txikia eta baliogabea iruditu. Benetan sentipen bikaina da bila zenbiltzan hori topatu duzula sentitzen duzun unea, hainbeste urte igaro eta gero, berria den zerbait aurkitu izanaz jabetzea”.




Diskografia:

Now-Here-This-Then (Spotlite 1977)***, Live, Volumes 1 & 2 (Matchless 1979)****, Continuum (Matchless 1985)***, with Resoundings Resound (1986)***, Supersession 1984 recording (Matchless 1988)***, with Organum Flayed (1987)***, with the Free Jazz Quartet Premonitions (1989)***, with Marilyn Crispell Band On The Wall (Matchless 1994)***, with Evan Parker Most Material (Matchless 1997)***, Loci Of Change, Sound And Sensibility (Matchless 1998)***, Touch, The Weight, Measure And Feel Of Things (Matchless 1998)****, with Pete McPhail, Tony Moore Resoundings (Matchless 2000)***.