Santiago
Cirugeda arkitektoa Donostian izan zen Artelekuk antolatu
eta Etxeberria Kooperatibak koordinatutako Labitaciones tailerrean
esku hartzen. Eskaini zuen hitzaldian arkitekturaren gainean
dituen ideia eta kontzepzio bereziak azaltzen saiatu zen.
“Jendeak zu definitzeko erabiltzen dituen hitzek ez
dute gehiegi balio, garrantzitsuena norberak bizitzaren aurrean
daukan jarrera da”, hitz horiekin hasi zuen Santiago
Cirugeda arkiteko sevillarrak bere hitzaldia. Bere iritzian
norberaren bizipen pertsonalek garrantzia itzela dute ondoren
egiten den lanean. Egiten dugun gauza bakoitzak badu bere
zergatia, zerbaiten aurrean dugun erreakzioa baino ez da bere
ustean. Santiago Cirugedaren kasuan, Sevillako arkitektura
eskolan ikasle zeneko garaiek erabat markatu dute bere ibilbidea.
Bere hitzetan, Sevilla gabezia handiak dituen hiria da, eta
hori areagotu egiten da irakaskuntzan.
Berak eginiko lehen arkitektura proiektuak eskolan esaten
zizkioten gauza zenbaiten aurrean erreakzioak zirela esan
zuen. “Eskolan kontatzen zizkiguten gauza askok ezinegona
sortzen zidaten eta orduan eginiko esperimentuak klasean entzun
eta ikusitakoaren aurkako bizi-suminaldiak dira”. Erreakzio
horien lehen erakusgarria arkitektura eskolaren egoitza batean
eginiko bizilekua da. Hilabetez egon zen bertan bizitzen,
Arkitekto Kolegioari baimena eskatu eta hitzarmena sinatu
ostean. Santiago Cirugedak ordu hartan ingenuitate maila handiarekin
jardun zela esan zuen, baina bizi-energiak bultzatuta egin
zuela. “ Inguru txikiak sortzeko beharra neukan. Objektuak
sortzen nituen euren barnean gordetzeko. Ingurua neureganatu,
pertsonalizatzea zen lortu nahi nuena”, azaldu zuen.
Modu horretako esperimento asko egin zituen garai hartan,
baina azkenean ustekaberik sortzen ez zela ikusita aspertzen
hasi zen eta kalean egiten saiatzea erabaki zuen. “Ezin
da kalean gertatuko dena aurreikusi, ezin duzu kontrolatu.
Inoiz ez duzu asmatuko zer gertatuko den, beti erratuko zara”,
esan zuen.
Kalean egin zuen lehen proiektua Aita San Bernardo auzunean
egin zuen. 30.000 familia bizi dira bertan eta auzotarrak
oso ongi antolatuta daude elkarte eta talde ezberdinetan.
“Orain zazpi bat urte Udalak auzune osoa eraistea aurreikusten
zuen hirigintza proiektua egin zuen, eta auzotarrek zerbait
egitea galdegin zidaten. Nik eurek berez bazuten indarra kanalizatzea
baino ez zela egin behar pentsatu nuen eta hori nola lortu
pentsatzen jarri nintzen”. Estrategia ludiko eta ikusgarria
burutu zuen; San Bernardoko auzotarrek auzunea berritzeko
urte batzuk lehenago plazaratu zituzten lau proposamen argiekin
marraztea otu zitzaion. “Egi bihurtuz gero hartuko luketen
eremua eta izango luketen itxura argiekin marraztu genuen.
Auzotar askok esku hartu zuten zeregin horretan eta sekulako
oihartzuna izan zuen ekimenak”. Hala ere, hirian piztu
zen eztabaida handia izan bazen ere Udalak bere asmoa bururaino
eraman eta San Bernardo eraitsi zuen oso-osorik.
Esperientzia hark lur jota utzi zuen, eta bakarrik lan egiteko
erabakia hartu zuen. Udal ordenantzak aztertu eta horiek uzten
zituzten zirrikitu legalak baliatu zituen bere hurrengo bi
proiektuak gauzatzeko. Biek Sevillan dauden gabeziak agerian
ipintzeko helburuarekin gauzatu zituen. Lehenak haurrentzako
ziburik ez dagoela hiri osoan salatu nahi zuen. Horretarako
kale bazter batean eskonbrera bat ipini zuen horiek kokatzeko
bete behar diren agindu guztiak aztertu eta gero. Egitura
horren gainean ipini zuen haurrentzako zabua eta sekulako
arrakasta izan zuen.
Azkenean udaltzainak azaldu omen ziren hori ez zela legala
esanaz, baina udal ordenantza aztertu ostean ezin zutela zigortu
konturatu ziren.
Bigarren proiektua etxe birtuala izan zen. Aurrekoaren antzeko
oinarriaren gainean etxe itxurako egitura altxa zuen. “Proiektu
honekin bitxikeria bat ere gertatu zitzaidan. Auzuneko haurrek
txartelak saldu baitzituzten egitura hartan antzerki ikusgarria
egingo genuela esanaz. Hitzartutako orduan jendea hurreratu
eta gezurra zela ohartu zirenean sekulako iskanbila sortu
zen. Kalearen kontuak!”.
Urtebete beranduago egin zuen hurrengo proiektua. Aldamioen
ordenantza hartu zuen oinarri bezala etxebizitza baten aurreko
aldea itxuraldatzeko. “Teknikari batek eginiko txostena
aurkeztu beharra dago Udalean eta nik fatxada margotzeko lizentzia
eskatu nuen. Hori arrazoitzeko SC neure izenaren inizialak
marraztu nituen horman”. Lau hilabetez egon zen aldamioa
bertan ipinita. Epe horren ostean zuriz margotu behar izan
zuen horma, baina aurrez berdez margotuta zeuden hizkiak oraindik
ere nabari dira antza. Proiektu honek komunikabideetan oihartzuna
izan zuen, hori gauza ona dela uste du Santiago Cirugedak,
“baina nik beti eskatzen dut arteari eskainitako orrietan
baino gertaerenetan azaltzea horrela jendeak deitu egiten
baitu eta informazioa eskatzen baitute”.
Sevillako alde zaharrean kokatutako eraikin baten gainaldea
gela berriak egiteko okupatzea izan zen hurrengo ekimena.
Horrelako egiturak altxatzea legez kanpokoa izanda gauez eta
soinurik atera gabe aritu ziren lanean urtebetez. Santiago
Cirugedaren iritzian ez dago hori baina poz handiagoa eman
dion lanik. Poliki-poliki lagunen artean eginiko bizilekua
eraikitzea lortu zuten. “Azkenean komunikabideetan salatu
beharra izan nuen, eztabaida pizteko. Kontu handiz atera genuen
argazkia, bizilekua non dagoen inork jakiteko modurik izan
ez dezan.
Ezpazio horiek bizitzeko baliatzea zilegia iruditzen zait,
nik uste dut badagoela hori arautu eta espekulatu ez dadin
neurriak hartzeko modua, baina beste gauza askotan bezala
borondatea falta da”, esan zuen.
Gero eta ezagunago bihurtu zen arkitekto sevillarraren lana
eta arte foroetatik deitzen hasi zitzaizkion. Alor horretan
egin zuen lehen lana Calaf herrian egin zuen proiektua izan
zen. Azaldu zuenaren arabera bertako agintariek Sevillan egin
zituen lanen antzekoa burutuko zuela uste zuten, “baina
nere ohiko lan prozedurari jarraituz Calaf-en gabezia edo
arazoak aztertzen hasi nintzen eta orduan topo egin nuen uranioaren
kontuarekin”. Calaf-en aspaldidanik zabaldua zen herrian
uranioa zegoela zioen zurrumurrua. Inguruko beste tokietan
baina leuzemia eta kantzer kasu kopuru handiagoa zegoen eta
herritarren artean ezinegona sortzen zuen kontua zen. Horrekin
guztiarekin jabetuta, Santiago Cirugedak arkitektura eta artea
uztartu behar zituen proiektua gauzatzeko Udalak eman zion
dirua uranioaren gaineko ikerketa egiteko baliatzea erabaki
zuen. Prozedura administratiboa jarri zuen abian gai horren
inguruko informazioa eskatzeko; berak hasitako bidea Calaf-eko
familia batek jarraitu zuen eta azkenik zurrumurrua egiaztatzea
lortu zuten. “Niretzat sekulako esperientzia izan zen,
baina bertako agintariak sekulako iskanbila sortu zuten hura
ez zela artea argudiatuta. Nik arazo konkretuak oinarri hartuta
egiten dut lan, eta Calaf-en uranioaren afera zen herritarren
kezka nagusia”, azaldu zuen arkitektoak.
|
|
Calaf-en
bizi izandakoaren ondoren kalera itzultzea erabaki zuen. Sevillan
bera bizi zen auzunean orduantxe pil-pilean zegoen gai bat
baliatu zuen horretarako. Udalaren aginduz auzunean lanak
egiten ari ziren, baina auzotarrak ez ziren batere ados udal
agintarien erabakiarekin eta eztabaida bizia zegoen kalean.
Bertakoek laguntza eskatu zioten arkitektoari eta honek baietz
erantzun zien. “Zerbait egiteko galdegin zidaten eta
ni bertakoa izanda nola esan ezetz! Zortzi mila pezeta eman
zizkidaten proiektua gauzatzeko. Azkenean zuhaitz batean bizileku
txiki bat paratu genuen eta bertan hamabost hilabetez txandaka-txandaka
norbait bizi izan zen etenik gabe”. Denbora horretan
lanak geldituta egon ziren eta azkenean auzotarrek egitura
eraitsi beharra zegoela erabaki zuten. Santiago Cirugedak
bere desadostasuna agertu bazuen ere, gehiengoari jaramon
eginaz egitura desegin zuten, “eta nik pentsatzen nuen
bezala, beste behin, agintariek gure kolkotik barre egin zuten.
Egitura eraitsi eta egun batzutara lanak berriro abian jarri
zituzten”.
Artearekin zerikusia izan behar zuen bigarren lana Alcorcón-eko
Udalak eskatu zion. Ordu hartan indarrean jarri berria zen
Botiltzarraren legea eta arkitekto sevillarrak nahikoa eztabaidarik
ez zela izan uste zuen, horregatik bere proiektuak lege hori
hartu zuen oinarri. Alcorcón-eko Udala Partido Popularrak
zuzentzen du eta hori baliatu zuen salaketa egiteko. “Botiltzarraren
legea aztertu nuen eta herriko jaietan kalean edateko debekurik
ez dagoela ohartu nintzen. Orduantxe erabaki nuen proiektua
burutzeko egunak jai eguna behar zuela izan eta halaxe egin
nuen”. Ehun mila pezetako aurrekontua zerbeza erosten
gastatu zuen eta kalean gurditxo batzuetan jarri zuen 1971ko
argazki baten alboan. Argazkian herriko gazte koadrila bat
kalean edaten agertzen zen. “Kalean igarotzen zen jendea
argazkiari begira geratzen zen, ezagunen bat agertzen ote
zen ikusteko; nik orduan zerbezatxo freskoa eskaintzen nien
eta solasean ematen genuen tartetxo bat”.
Orduan ere nahikoa eztabaida sortu zen proiektuaren inguruan,
baina herritarren artean arrakastatsua izan zen.
Hurrengo ekimenak ere oihartzun zabala izan zuen komunikabideetan.
Orube bat okupatu zuen Santiago Cirugedak eta bertan bizilekua
eraiki. “Helburu nagusia orube horien funtzioaren inguruko
eztabaida sustatzea zen. Sevillan sekulako orube pila dago
ezertarako erabiltzen ez direnak. Nik bizilekua eraiki nuen
bertan, guztiz legala, udal ordenantzak jarraituz”.
Udalaren erreakzioa nahikoa bitxia izan zen, eurekin elkarlanean
proiektu garrantzitsua burutzeko proposamena luzatu zion:
Askatasun plaza eraikitzea. Sevilla sarreran, AHTren alboan
enparantza handi bat egiteko asmoa zuen Udalak. “Nik
bakarra egin beharrean ehun egiteko aukera zegoela azaldu
nien, horretarako orube hutsak baliatuta”. Udalak hitzarmena
sinatu zuen baina ez orubeen erabilera zehazten duen ordenantza
berria eta une honetan proiektua geratuta dago.
Hala ere, bien bitartean Santiago Cirugeda ez da gelditu.
Gurasoen etxean, zazpi solairuko eraikinean, etxebizitza berria
egin zuen. Solairu bakoitzean bizilagun bati gela bat alokatu
zion, hitzarmenak ere sinatu zituen guztiekin. Urrats hori
egin ondoren patioetan tunelak eraiki zituen legez alokatu
zituen espazio guztiak komunikatzeko.
Eraikinaren gainaldea ere okupatu zuen nahiz ilegala izan,
“oso laguna dudan abokatu batekin aztertu nuen alokairuaren
legea eta berak lagunduta sinatu genituen gurasoen eraikineko
bizilagunekin hitzarmenak. Terraza okupatzea legez kanpokoa
zela banekien baina tramitazioak luze joko zuela jakin nuenean
ez nuen bi aldiz pentsatu. Sei hilabeteko epean okupatzeko
aukera bagenuen, zergatik ez egin?”, azaldu zuen.
Egun
proiektu handiago eta garrantzitsuagoetan esku hartzen ari
da Santiago Cirugeda. Jesus Quintero kazetariarekin batera
Sevillako eraikin zahar bat berriztatu nahian dabil. “Sevillako
auzune txiro batean dagoen erakin zaharra da. Guk berriztatu
eta birziklatu egin nahi dugu. Eraikin industriala da, baina
hogei urte daramatza hutsik. Sormenarekin harremana duten
ekintzak egiteko baliatu nahi dugu”. Udalarekin negoziatzen
hasiak dira, zer gertatzen den ikusi egin behar.
|