Anne Lacaton arkitektoa Donostian izan zen joan den ostegunean Artelekuk antolatu eta Etxeberria Kooperatibak koordinatutako Labitaciones tailerrean esku hartzen. Eskaini zuen hitzaldian Jean Phillipe Vassal lankidearekin batera eginiko proiektuen berri eman zuen eta horien bidez arkitekturaren gainean dituzten ideia eta kontzepzio bereziak azaltzen saiatu zen.

Anne Lacatonek aditzera eman zuenez, “guretzat arazoa ez da eraikinak edo etxebizitzak egitea, bizilekuak baino”, eta ideia hori garatzen duten proiektuak aurkeztu zituen hitzaldian irudiekin lagunduta. Horietako lehena, eta beharbada hurrengo proiektuen oinarria, Nigeriako Niam hiriaren kanpoko aldean eraiki zuten bizilekua izan zen. “Arkitektura eskolatik atera berritan abiatu ginen Nigeriara.



Bost urtez izan ginen han eta guretzat eskolan ikasitakoak iraultzeko epea izan zen. Egoera benetan arraroa bizi izan genuen, han ez baitago arkitektoen beharrik”. Etxe tradizionala da Niam-en inguruetan eraiki zutena; duna baten gainean egin zuten bi eguneko epean ondoko herriko artisauek lagunduta. Hamar hilabete iraun zuen zutik, basamortuko haizeak eraitsi baitzuen zatika-zatika. “Neure iritzian arkitekturan iraunkortasunak jabetzarekin du harremana. Ez dut uste eraikuntza guztiak iraun dezaten egin behar direnik. Agian arkitekturari iraunkortasunaren balio hori kentzen diogun egunean non eta nola bizi nahi dugun erabakitzeko askeagoak izango gara”.



1998an itzuli zen arkitekto bikotea Nigeriatik Bordelera eta euren agentzia sortu zuten. Arkitektura, ekonomia eta estetikaren inguruko ideiak berrituta, praktikan jartzen hasteko gogo biziz zeuden. Bordelen eraiki nahi zuten etxebizitza bat egiteko enkarguak eman zien ideia horiek gauzatzeko lehen aukera. “Lehen lehenik egin genuen gauza bezeroekin zer nolako bizilekua nahi zuten ikertzea izan zen. Egunerokotasunari eta espazioari buruz zeuzkaten ideien inguruan mintzatu ginen, euren bizilekuak zer eskaintzea espero zuten jakin nahian”. Anne Lacatonek azaldu zuenez lehen unean aurrekontua izan zen oztopo nagusia; 60.000 euro zeuzkaten etxea egiteko eta horrek aukerak asko mugatzen zituen. Bizileku handia, espazio zabalak zeuzkana eraikitzea zen jomuga, baina diru aldetik zeuzkaten mugekin horrelako zerbait gauzatzea oso zaila zen. “Arkitekturatik at dauden dominiotara jo behar izan genuen, industriara hain zuzen. Bolumenaren eta azaleraren aldeko apustua egin genuen, bi balio horiek eraikinaren aurretik ipiniz. 180 metro karratuko bizilekua egitea lortu genuen azkenean”. Eraikinaren osagaien garrantzia ezinbesteko dela azaldu zuen arkitektoak, elementu bakoitzak funtzio bat betetzen du egituraren barnean. Afrikan egin zuten egonaldian barneratutako ideia garrantzitsuenetariko bat da hori Lacatonen esanean, eraikin bakoitza behar determinatu eta puntual bati erantzuteko egitea.



Parisen eginiko beste proiektu bat agertu zuen ondotik Anne Lacatonek: Tokio Jauregia. 1937ko erakusketa unibertsalerako eginiko harrizko eraikin monumentala da. Laurogeita hamarreko hamarkadan arkitektura lehiaketa antolatu zen eraikina egokitu eta erabilera berria emateko. Lanak 1995ean hasi ziren eta bi urte beranduago bertan behera geratu ziren hauteskundeak tarteko. Orain lau urte Kultura ministroak eraikin horren auziari irtenbidea topatu behar zitzaiola pentsatu eta hiru arkitekto agentzia deitu zituen. Lacaton eta Vassalek osatutako taldeak egin proposamena hautatu zuten: “Egoera oso kaxkarrean zegoen eraikina. 1995ean hasitako lanetan barneko alde guztia eraitsi zuten eta hutsik zegoen. Bertako komisarioak esan zigunez ez zuen ohiko museo edo galeria egin nahi, bestelako zer edo zer nahi zuten. Guk eginiko proposamenak eraikina, ahal zen neurrian behintzat, zegoen moduan gordetzea beharrezkoa zela azaltzen zuen. Kanpoalde monumentala eta hormigoiz eta zementuz eginiko barnealdeak osatzen zuten kontrastea biziki interesgarria zela uste genuela adierazi genuen. Eraikuntzak berezkoa zuena gorde eta iraunarazi beharra zegoela”. Aurrekontuaren erdia lan horietan joan zitzaien; beste erdia argia, berogailuak eta bertan artistak lan egin ahal izateko azpiegitura jartzen gastatu zuten. “ Espazioak aldez aurretik osoki ez definitzea izan zen defendatu genuen ideia bat. Erakusketa bakoitzak, artista bakoitzak, zeuzkan beharren arabera espazioa aldatzea komenigarriagoa zela azaldu genuen. Gure iritzian, espazioa oso garrantzitsua da, baina garrantzi hori bertan egiten denak ematen dio, berez daukan izaerak edo itxurak baino gehiago.”

Arkitektura bere horretan uzteko apustua egin zuten beste gune baten adibidea ere azaldu zuen Lacatonek. Bordeleko plaza bat “edertzeko” eskaera egin zien bertako Udalak 1996an. Hiriaren erdigunetik nahikoa urruti dagoen enparantza txiki bat zen edertu beharrekoa, ferrokarrilaren konpainiak eraikitako langile auzune batean kokatua zegoena. “Triangelu itxura bereziz egina zen eta bazituen zuhaitz eta eserlekuak; gure iritzian ederra zen zegoen hartan, ez zeukan edertzeko beharrik!”, esan zuen arkitektoak. Plaza txikia eta oso sinplea izanik ere bazuen berezko izaera, eta horrela mantentzea proposatzen zuen proiektu bat aurkeztu zuten Udalean. Zorua egokitu eta zuhaitzak zaintzeko neurri batzuk hartzea beharrezkoa zela azaltzen zuen txosten bat osatu zuten, baina ideia nagusia aukera egokiena enparantza txikia bere horretan uztea zela zen, eta onartu egin zieten. “Arkitekturaren munduan ez dago beti eraikitzeko beharrik, jarri egin liteke, baina kendu ere bai. Ez eraikitzea aukera bat da; dagoena dagoen bezala egoki badago horixe da aukera zuzena eta ez dago zertan eraiki”, azaldu zuen Lacatonek.



2001. urtean Vienan kafetegi bat egiteko gauzatu zuten proiektua agertu zuen ondoren. Kezka nagusia hiri horretan dagoen “kafetegi kultura”-k sortu ziela esan zuen Anne Lacatonek. Eurak vienesak ez izateak arazoak sor zitzakeela uste izan zuten lehen unean, “baina ondoren agian horrexegatik hautatu gintuztela pentsatu genuen”. Inperio garaian zalditegiak izan ziren orain kafetegia egiteko aukeratutako espazioa osatzen zutenak; eremu gangadun eta zabal bat. Lacaton eta Vassalek eginiko proiektuaren ardatza gangak mosaiko marokiarrez ornitzea izan zen; horrez gain sukalde, mahai eta kafetegi batean oinarrizkoak diren elementuak ipintzeko ideiak ere egin zituzten.



Naturan kokatutako bi proiektu ere azaldu zituen. Bietan ingurune naturala errespetatzeak gauzak asko zaildu zizkiela azaldu zuen. Lehen proiektua Arcachon inguruko hondartza ondo batean udako bizilekua egin nahi zuen familia batentzat egin zuten. “Duna baten gainean eraiki nahi zuten, baina natura errespetatuz, paisaiaz gozatzeko aukera emango zien bizilekua desio zuten. Hori kontuan hartuta etxea plataforma baten gainean altxatzea erabaki genuen”. Etxera sartzeko eskilara batetik igo behar da. Zuhaitzik ez mozteko erabakiak ere arazo ugari eragin zien. Sei pinuk zeharkatzen dute bizilekua eta horiek aske hazteko eta modu egokian ureztatzeko neurri bereziak hartu beharrean izan ziren. Arkitekturatik at dauden diziplinetara jo zuten laguntza bila beste behin, eta geologo eta ingurugiro teknikariek emaniko gomendioak jarraitu zituzten. “ Kasu honetan, arkitektura ez dago paisaian presente, paisaiaren aurrean, hura begiratuz baizik”, laburbildu zuen Lacatonek.



Beste bizilekua Korsikako kostaldean, harizti baten barnean eraikitzeko proposamena egin zien bezero batek. “Bezeroak egin zigun eskaeraren oinarria itsasoa ikusteko aukera emango zion bizilekua eraikitzea nahi zuela zen eta, hasiera batean, Korsikaz geneukan irudikapena kontuan hartuta erraza baino errazagoa izango zela uste genuen, baina basoa zein itxia zen ikusi genuenean iritzia bat-batean aldatu zitzaigun”. Haritzak hain garaiak izanik ezinezkoa iruditu zitzaien handik itsasoa ikustea ahalbidetuko zuen etxerik egitea, zuhaitzen gainean ez bazen. Zuhaitzen hostailean kokatu zuten balizko bizilekuaren zorua, lurretik zazpi metrora. Balizko bizilekuak laurogeita hiru metroko luzera du eta bitik lau metrora bitarteko zabalera. Eraikitzen hasteko baimena eskatu zuten, baina agintariek ukatu egin diete, proiektuak paisaiaren batasuna hausten duela argudiatuta.



Bordeletik 110 km-ra egin zuten beste proiektu bat aurkeztu zuen hurrena Anne Lacatonek. Kasu honetan langile bikote batentzat bizilekua eraikitzea zen egin beharrekoa. Aurrekontu murritza ( 64.000 euro) kontuan hartuta negutegiak erabiltzea otu zitzaien ahalik eta bizileku zabalena egiteko. 300 metro karratu dituen bizileku bat eraiki zuten bi negutegi oinarri hartuta. Bakoitza 25 metro luze da eta 6.50m zabal. Bata eremu guztiz askea da, kanpora irekia, eta bestean biztanleen gelak daude; egurrezko kutxa handi bat eraiki zuten, bertan intimitatea gorde asmoz. “Negutegiak merkeak dira eta baldintza onak dituzte. Gestio aldetik errazak dira eta aireztatzeko ere bai. Baldintza termiko egokiak dituzte... Helburua ahalik eta espazio zabalena eraikitzea zen, baina aurrekontu urria kontuan hartuta”.



Negutegiak erabili dituzte esku artean duten azken proiektuan ere. Parisko kanpoko aldean kokatuta dagoen langile auzune zahar batean hamabi bizileku eraikitzeko eskaera egin die etxebizitza sozialak egiten dituen enpresa batek, “kasu horietan ohikoak diren jokabideak alde batera utzi eta esperimentatu egin nahi zutela esan ziguten, eta guk ordura artean eskala txikian praktikan jarritako proposamenak eskala handiagoan funtzionatzen ote duten egiaztatzeko modua ikusi genuen. Luxuzko espazioak eratzea izan da gure helburuetariko bat, betidanik; hori eskala hain handian egitea posible ote zen egiaztatu nahi genuen”. Ahalik eta espazio handiena okupatu nahian bi solairuko eraikina proiektatu zuten, baina ez zituzten hamabi bizileku berdin egin nahi, eta horregatik ezberdintasunak eratu zituzten eraikinaren aurreko aldean. Behe solairua handiagoa duten etxeek goiko pisua txikiagoa dute, eta alderantziz. Goiko solairua negutegiak erabiliz eraiki dute, “bolumen handiekin lanean ari zarenean ezin dituzu ohiko etxebizitzetan erabili ohi diren jokabideak praktikan jarri, horregatik erabaki genuen negutegiak erabiltzea. Espazioari %30-40 gehitzea lortu dugu aukera hori eginez. Plastikoa oso kalitate onekoa da; ez da beste material ezagunak baino txarragoa. Gainera, kanpoko aldearekin harreman zuzenagoa edukitzea ahalbidetzen du”.

Arkitekto bezala ez dute behin eta berriro berrikuntzak proposatzea bilatzen; proiektua dena delakoa izanik ere, inguruan eta erabiltzailean pentsatu beharra dagoela defendatzen dute Lacatonek eta Vassalek. “Beti proiektu ezberdinetan aritzen gara lanean, baina gure jokabidea beti bera da. Helburua ez da artelanak sortzea, erabiltzaileak gustura biziko diren bizilekuak egitea baizik. Gure lanean oinarrizkoa gizakia da; gizakirik gabe ez dago arkitekturaren beharrik”.