Maiatzean zehar, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, Kultura eta Gizartea izeneko mintegiaren doktorego ikastaroak egin dira Artelekun. Horietako batek, “Egin oihu begiekin, egin oihu eskuekin” izenekoak, Valeriano Bozal irakasle eta arte historiagilearekin solastatzeko aukera eman digu. Egun, pil-pilean dauden lau gairi buruz galdegin diogu.


1- IRAKASKUNTZA

Galdera: Hainbeste urtetan irakaskuntzan arituta, nola ikusten duzu, gaur egun, Arte Historiaren irakaskuntza? Zein arazo antzematen dituzu?

Valeriano Bozal: Arte Historiaren irakaskuntzak hainbat arazo ditu, irakaskuntzak, oro har, dituen bezalaxe. Arazo orokor batzuk baditu, Espainiako unibertsitate osoan eragina dutenak, eta, baita Arte Historian soilik eragina duten arazo espezifiko batzuk ere. Arazo espezifikoen artean, masifikazioa dugu; izan ere, ezagutzen ez dudan arrazoiren bat dela medio, nondik nora doan antzeman badezaket ere, Arte Historiaren ikasleak izugarri ugaldu dira une honetan. Oso arazo larria da, Arte Historia askotan museoak bezalako lekuetan, edota, Erdi Arokoa izanik monumentuetan ikasi beharko litzateke... beste leku batzuetan, azken finean; baina dagoen ikasle kopuru izugarria dela eta, ezinezkoa da hori. Ikasketa planetan ere badira konponbide zaila duten arazoak, oso ikasgai orokorrak, esate baterako, XX. mendeko artea, eta oso ikasgai espezifikoak, Picasso, kasu, bateratzen ahalegintzen baitira. Espainiako unibertsitate egituran, gaur egungo irakaskuntza sisteman, bi aukerak eratzeko modurik ez dago. Esate baterako, niri dagokidanez, ikasgela bakoitzeko ehun ikasle pasa baldin badituzu, ez dago mintegi erregimena duen irakaskuntza eskaintzeko aukerarik, pertsonek benetan ikasteko modukoa, hain zuzen; hitzaldi handiak eman behar izaten ditugu. Hau da nire iritzia: hainbat gauzari buruz hitz egin behar zaie, norberak ongien dakizkienei buruz, edota norbera lantzen ari den gauzei buruz. Ikasleei ez litzaieke gauza guztiez hitz egin beharko; aitzitik, bere kasa lan egin dezaten bultzatu beharko lirateke ikasleak. Eta Picasso-rengan, Burry-rengan, Kate Haring-engan edota Susana Solano-rengan interesa badute, beraiek lan ditzatela gai horiek; ez dadila hori baztertua geratu, irakasleek horretaz hitz egiten ez dutelako. Gauza guztiez hitz egitea ezinezkoa da, bultzatu behar dira, iradokizunak egin, nondik nora joan daitezkeen esan. Gero, nahi dutena egingo dute, beti bezala, baina hori da egin behar dutena.

2- ARTE GARAIKIDEKO MUSEOAK

G: Gaur egun bizi dugun beste gertakari bat, iritzi anitzak sortzen dituena, arte garaikideko museoen ugaltzea dugu. Zein da horri buruz duzun iritzia?

VB: Beno, herri honetan hori ohikoa da, ezta? Zerotik infinitura joaten gara. Ez zegoen ezer eta orain, bat-batean, dena edukitzen ahalegintzen gara. Denek museo bat edukitzea ongi dago, ez da txarra. Frantzia edo Alemaniako museoen egitura zaharrari erantzuten dio horrek, udal museoak eta estatuko museoak bereiziz. Alemaniako hiriek udal museoak zituzten beti, hiribilduaren museoak, hiriaren museoak, batzuetan arte museoak, eta bestelakoak besteetan. Espainian ez zegoen hori, izan ere, probintzia mailako Arte Ederretako museoak biltegiak ziren museoak baino gehiago. Agian garbi jakin gabe, Europako ohiko eskema bat kopiatzen ari gara. Baina Europako ohiko eskema hori, bestalde, finantzaketa handi eta egokiaren gain egina dago, eta museoak sortzen joan diren epe baten gain, XX. mendean zehar, XIX. mendean zehar, batzuetan... Eta orain hemen finantzaketa desegokia eta oso epe laburrak ditugu. Museoa orain egun batetik bestera sortzen da, batzuetan arrazoi politikoak, beste batzuetan arrazoi kulturalak eta beste hainbatetan gizarte arrazoiak direla medio... eta, batez ere, garrantzitsuena iruditzen zaidana, museoa bilduma baino lehenago sortzen da. Hori iruditzen zait ezaugarri nabarmenena. Museoak sortzearen alde nago bildumak izanez gero, eta ez nago horren alde, bildumarik ez badago. Ez dut uste bilduma museoaren menpekoa denik, baizik eta kokatzen den lekuaren menpekoa. Museo bat bilduma jasotzeko eraiki behar da, bilduma hori erabat amaituta ez badago ere. Bildumek ez dute inoiz zertan amaituta egonik, baina, gutxienez, diseinatuta edo irudikatuta egon behar dute...

3- ARTE KRITIKA

G: Joan den astean, Gerard Vilar irakasleak arteak oraindik gizarte arrazoiak dituela zioen eta arte kritikariaren eginkizuna azpimarratzen zuen. Zein da horri buruz duzun iritzia?

VB: Nire ustez, arte kritikak egon behar du, jakina. Arte kritikaria, nik ulertzen dudan moduan, sortzaileen eta publikoaren arteko bitartekari antzeko zerbait da. Arte kritikari batek bi eginkizun betetzen ditu, alegia, erakusten dena komentatu eta erakusten den hori baloratu. Gaur egun, ordea, arte kritika oso baldintzatuta dago, oso mundu komertzializatu eta erakundetutako baten esparruan sustraituta baitago. Arte kritika presio horien guztien pean dago. Askotan, artelana komentatu eta baloratu beharrean, mito edo markak sortzen ditu. Merkatuan edo erakundeetan emaitza hobeak izan ditzaketen izenak sortu, hain zuzen ere.
Era berean, gertatzen da arte kritika gauza edo elementu multzo baten parte dela. Arte erakundea deitu dena, hain zuzen ere. Arte kritika museoekin, galeriekin edota aldizkari teorikoekin, baina, baita ere, kritika aldizkariekin harremanak tarteko direla egiten da, horren guztiaren elementu bat da. Multzoa arte kritikari bihurtzen da, hau da, museo bateko erosketa batzordekidea izanik ere arte kritika egin daiteke; izan ere, museo bateko erosketa batzordeak garrantzi erabakigarria du, arte lan hau edo beste hura erostean, merkatuan eragina izango baitu. Baina, era berean, museoak ere kritikariaren eta galeriako arduradunaren eragina jasotzen du. Ez dut uste kritikaria izaki isolatutzat har daitekeenik, bere etxean edota bulegoan idazten hasita hau ona da, hau txarra da, hau honela da eta hori horrela da, esanez. Arte kritikariak batzuetan ez du idatzi behar bere lanean aritzeko.


4- IKERKUNTZA

G: Zeintzuk dira, gaur egun zure ikerkuntzaren xedeak?


VB: Duela hainbat urte esan genezake titulua duten hainbat karpeta zabalik dauzkadala une honetan, eta, bertan, lantzen aritu naizen edota ari naizen hainbat gai ageri dira. Esate baterako, XX. mendeko artearen eta politikaren arteko harremanetan ari naiz lanean. Baina, nire ustez oso garrantzitsua den porrotaren nozioan abiatuta. Nik ez dut oso garbi ez ote den porrota bera, hain zuzen ere, kalitate estetikoa sortu duena. XX. mendeko arte politikoko artelan handiak ikusten ditudanean, monumentuak, eraikuntzak, etab., estetikoki oso eskasak direlako irudipena daukat. Aitzitik, porrota nolabait idatzita daramaten eta politikarekin zerikusia duten artelanak ikusten ditudanean, sentsazioa desberdina da. Horren adibide paradigmatiko bat Tatlinen Nazioarteko Hirugarrena-ren monumentua litzateke, azken finean, monumentua ez zena, eta egin ez zena. Inoiz egin ez zen eraikina zen, maketa batean jaso zen eta eskultura katalogo guztietan ageri da. Museo gisako eginkizuna zuen, baina erabateko porrotean geratu zen. Hala ere, XX. mendeko arte politikoaren irudirik esanguratsuenetako bat da, eta Nazioarteko Hirugarrenak ere porrot egin zuzen. Edozein modutan ere, interesatzen zaidana hau da, alegia, gelditu zaigun pieza porrot egindako pieza bat dela, eta bere porrotean aurkitzen dela bere nortasuna, bere nortasun estetikoa, hain zuzen. Porrota estetikoa den zerbait ere izan dezake. Picassoren Guernica porrotaren beste gai bat da, Beckman, Gross edota Otto Dix-en margolana, porrotaren gaia ageri deneko beste bat da... Beraz, XX. mendean zehar, goraipamen politikoaren aurrean, artistaren edo artearen konpromiso politikoaren aurrean arte politikoaren porrota dugu. Aspaldian lantzen ari naizen gaietako bat da hori. Nire ustez, XX. mendeko edota kultura garaikideko oinarrizko kategorietakotzat aztertu beharreko gai bat da, era horretan aldarrikatu eta proposatu beharrekotzat ez bada ere.